277. Zoroak eta soroak

Gure Iñaki Segurola maiteak (1962-2022) dagoen lekutik –edo ez-lekutik– burua altxatuko balu, zur eta lur geratuko litzateke gure GKSko anti-burgesek, abenduaren 26ko egitaraua iragartzeko kartelean, “Soroperiya” jartzen dutela ikusita.

2008an oso artikulu zorrotza idatzi zuen Segurolak izen horri buruz Urola Kostako Hitzan (oso litekeena herriko kazetari batek xaxatuta). Hasieran, ezin ukatu, min pixka bat eman bazidan ere, berehala konturatu nintzen argudio nagusian –ez maneratan– arrazoi guztia zuela.

Memoria, ordea, ahula da oso, eta herrian ahaztuta dago jada testu hura, eta, baita, nik orduan erantzun nuena ere. Hemen ekartzen ditut gogora, bi idatziak, baten batek kontu hori oraindik garbi ez badauka. Zoroperi on, denoi!

Zoro-peria (Iñaki Segurola. Hitza, 2008-12-21)

Bere burua erraz engainatzen dakien espeziea dela gurea. Pertsona bere bakarrean, bere buruarekin buruz buru, ez diren gauzak sinestera erraz jartzen dela, eta batzuetan herri batek, herri oso batek engainatzen duela bere burua (sekula ez oso-osorik, nolanahi ere). Zestoako peri-eguna jarri dut adibidetzat.

Eta mamira noa: zoro-peria, nik dakidala, ez da oso aspaldiko izena. Inork ez daki noiz eta nola, baina izen polit hori itsatsia gelditu zaio egun horri. Baina autoridade politiko-kulturalari ez zaizkio gustatzen dudazko gauzak, eta dakizuenez, horra non hasi diren aspaldi honetan izen polit horri gerra egiten; izen hori estaltzen; herritik, herri izengabetik sortutako izen hori estaltzen eta gezurtatzen. Herriaren hitza galarazten, hiru hitzetan esanik. Jakina, estali eta debekatu, ez dago hola-ta-hola egiterik eta orduan erabili duten taktika izan da, izen horri gainetik beste bat jartzea, eta nola S eta Z idazten ditugun hots horiek ez diren izugarri bereizten herrian, erabaki dute zoro-peria ez dela zoro-peria, baizik eta Soro-peria. Txistea dirudi.

Eta askotxo omen daude prest sinisteko. Gizabanako askotxo omen daude prest beren burua engainatzeko. Beren burua, bai, baina bere belarririk apenas inork engainatzen duen.

Gauzak banaka: nork ikusi du perian sororik? Inork ez, zoroenak ere ez. Baina jakintsuek diote: soroko gauzen peria da. Eta galdetzen dut: noiz ikusi duzue ganadu-periari larre-peria edo ikullu-peria deitzen? Ezin litekeen gauza da hori. Fruta edo barazkiak saltzen diren periari ez zaio esaten arbola-peria edo baratza-peria; eztia edo gazta bistan dauden periari ez zaio esaten erle-peria edo ardi-peria; soroko jeneroa saltzen den periari nekez dei dakioke soro-peria. Mundu guztiak daki hori; ez buruz, baina bai belarriz. Beste gauza bat, buruz ez baina belarriz edozeinek sentitzen duena da (kulturak gehiegi aldrebestu ez duen edozeinek, esan nahi nuke) soro-peria bezalako izen bat geza, gatzik gabea eta tontoegia dela herri izengabetik aterea izateko. Horrelako izen txukun eta gusturik gabeak administrazio politiko-kultural-akademikoak jarriak izaten dira, ez izenik gabeko herriko jendeak.

Eta handiena: ez al dira herrian bereizten zorua eta soua? Bata R-rekin eta bestea gabe dira horiek garbi-garbi. Esan nahi baita: soroko jeneroaren peria balitz soo-periya esango eta adituko litzatekeela, R gabe, eta, dakizuen bezala, ez da hori horrela.

Horra arrazoiak, ziri-sartze eta ziri-hartze kolektibo honen kontrako arrazoiak.

(…)

 

Zoro-peria dela eta (I. Segurolari erantzunez. Fernando Arzallus)

Iñaki Segurolak, abenduaren 21eko Hitza egunkarian, Zoro-peria dela eta idatzitakoak eman dit hizpidea lerro hauek idazteko (…).

Baina goazen lehenengo zatira. Segurolaren artikulua irakurrita, badirudi oso gatazka bitxia daukagula Zestoan. Itxura denez, “autoridade politiko-kulturalak” gerra egiten gabiltza, Zoro-peria bezalako hain izen polita zestoarron buruetatik erabat baztertu nahian. Kontu bitxia, eta aparteko erantzunik beharko ez zukeena bertan ageri den erdeinua eta sinplifikazioagatik ez balitz.

Hasteko, jendeak jakin dezan, abenduaren 26an gure herrian egiten den festa egunari era askotara deitzen zaio: ahozko erabileran Zoro-peria, Eguberri bigarrena eta San Esteban eguna. Idatziz, berriz, Soro-peri eguna eta San Esteban eguna erabili ohi dira, biak ere hedapen handirik gabe (Udalak ateratzen duen egitaraua –ia oraintxe arte fotokopia bidez, ehun bat ale–, kartelen bat edo beste eta artikulu bakarren bat). Soro-peria ez da egun horren izen ofiziala. Egun horrek ez dauka-eta izen ofizialik. Beraz, kontu horretan Zestoako Udalak ez dauka jarrerarik, are gutxiago ezer erabakirik.

Segurolaren artikuluaren arabera, ordea, “autoridade politiko-kulturaloi” ez zaigu gustatzen Zoro-peria izendapena, eta aspaldi honetan “izen polit horri gerra egiten” gabiltza, “izen hori estaltzen” eta “gezurtatzen”. Ez al dira hitz handiegiak –eta iraingarriak–, horrela, inongo adibiderik gabe, inolako agiririk gabe, inolako oinarririk gabe esateko?

Artikuluko perlarik finena, berriz, hauxe: “Herriaren hitza galarazten, hiru hitzetan esanik”. Eta horren ondotik “taktikaren” kontu hori. Oraindik ere sinistu ezinik nago. Uste dut han Madril aldean, labezomorroak akabatzeko produktu hura zela-eta, hipotesiak egiten ibili ziren haiek motz gelditzen direla esaldi horretako asmazio abileziarekin konparatuz; hara!… Segurola eta Zaplana, biak mano y mano! (Esan nahi baita: besteok ere badakigu probokatzen).

Idatziz Soro-peria erabiltzearen arrazoia inertzia kontua da, besterik gabe. Behin, baten batek jarri zuen soro-peri izena eta bi aldiz pentsatu gabe hor jarraitu du urteetan. Baina egitarau ziztrin horretan bakarrik, e! Bestelako erabilera ofizialik gabe. Inori gerrarik egin gabe. Baina ikusten denez, imajinazioa gehiago erabili du Segurolak informazio bilketa eta zehaztasuna baino.
Edozein modutara ere, manerak gorabehera, gauza bat dago garbi: Segurolaren artikuluak ederki asko erakusten du Soro-peria ez dela batere izen egokia. Ba hitz egin dezagun eta aurki dezagun izen aproposagoa, eleganteagoa, erlijiosoagoa, probokatzaileagoa… bakoitzak nahi duena. Baina erdeinurik gabe, mesedez. Harrokeriarik gabe. Gauzak ekarpen modura planteatuz.
Pena ematen dit alferrik galdutako artikulu bilakatu dela Segurolaren idazkia. Debaterako abiapuntua izan zitekeenak, gerrarako abiapuntua jarri du. Faborez, elkarrizketa gehiago, gerra gutxiago.

Azkenean Zagajewskik arrazoi: “Eta ni neure buruberokeriekin, eta horiei bizitza normala egiten zutenekiko halako mespretxu puntu bat erantsi behar, ezinbestean (…). Besteekiko nagusitasun sentimendua nahitaezko erregai metakalorikoa balitz bezala imajinazioaren suziriarentzat!”

 

(Oharra: 2008ko kontua denez, oso gutxik ulertuko du, gaur egun, labezomorroen aipamena. 2004ko martxoaren 11n, Atocha eta inguruko geltokietan 191 pertsona hil zituztenean bonba bidez, Gobernuak (Aznar – Acebes – Zaplana) ETA izan zela frogatu nahi zuen, eta horretarako, ETAko kideren baten etxean aurkitutako labezomorroak hiltzeko hauts bat aipatu zuten, leherkariak egiteko materiala izan zitekeelako. Dena muntaia bat besterik ez zela frogatu zen handik denbora batera).

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide