Albisteak
[ARGAZKIAK] Gaur eguerdian osatu da Udal Korporazio berria
— 2023-06-17EAJ-PNV alderdiak alkatetzarako hautagaitza erretiratu du “hauteskundeetan EH Bildu nagusitasun handiz” gailendu dela argudiatuta. Mikel Arregi alkate bigarrenez izendatuak esan du, gustatuko litzaiokeela oposizioarekin udal gobernuko ardurak konpartitzea eta “Arroako biribilgunera behintzat elkarrekin joatea eta gero bakoitzak erabakiko du Itziar aldera edo Zumaiara joan”.
Idazkariarekin batera taldeko zaharrena, Mikel Arregi, eta gazteena, Lorea Ilundain, arduratu dira korporazioa osatzeko eman beharreko aurreneko pausuez. Behin kredentzialak osatuta, EH Bilduko zortzi zinegotzirekin eta EAJ-PNVko hirurekin osatutzat eman da Zestoako Udal korporazioa. Jeltzaleek alkatetzarako hautagaitza erretiratu dutenez zerrendaburu bakarra zegoen bozkatzeko. EH Bilduren aldeko zazpi botorekin (Mikel Arregik ez du botorik eman), eta EAJ-PNVren abstentzioarekin, Mikel Arregi izendatu da bigarrenez alkate.
Alkatearen esanetan, Zestoan betidanik aginte ikur modura zumitzezko uztaia erabili izan bada ere, desagertu egin zen eta azken urteetan makila eman izan da. Aurten, ordea, Patxi Goenagak egindako zumitz-uztaia berriari esker, ohitura berreskuratu da. “Aginterako makila baino hobeagoa da zumitza; malgua, neurrikoa eta euskal jatorriari omen egiten diona” esan du Arregik.
Mendizabalen hautagaitza erretiratzearen inguruko argudioak
Garikoitz Mendizabalek zorion hitzak izan ditu alkate eta zinegotzientzat hauteskundetan “nagusitasun handiz “gailendu zirelako “Horrek eraman gaitu alkatetzako hautagaitza erretiratzera, uste dugulako tokatzen den oposizioa arduratsua eta apala izango dela”. Eskerrak eman dizkie zinegotzi guztiei “gure burua maitatzeaz gain, beste zerbait ere maite dugula eta herriaren zerbitzura jartzen garela esan nahi du. Espero dut giro onean joango dela udal agintaldi hau”. Aitortu du ibilbide bat egina dutela, eta oposizio “zorrotza” izan dela neurri batean, bai alkatearekiko eta baita udal politikekiko ere, baina beraien prestutasuna eta gogoak hor jarraitzen dutela, eta herriaren eta auzoen onerako denean, beraien eskua izango dutela.
Hausnarketa eta emaitzak
Mikel Arregik hartu zuen ondoren hitza. Politikagintzaz hitz egin du hitzartzearen hasieran. Auzokide dugun Deban alkatetza galtzeak pena eman diola esan du. Gustatu zaiola Araba hegoaldean Eh Bilduk izan duen eskuzabaltasuna, Laguardian eta Bastidan EAJari botoa emanda. Monzonen aipuari leku eginez, “gustatuko litzaidake datozen lau urte hauetan Arroako biribilgunera behintzat elkarrekin joatea eta gero bakoitzak erabakiko dugu Itziar aldera edo Zumaira nora joan” esan du.
Hauteskundeetako emaitzen inguruan jakinarazi du Zestoan ez duela inoiz indar politiko batek zortzi zinegotziko ordezkaritza izan eta gehitu du “politikan askotan triunfalismoan erori izan ohi gara, eta gu ez gara hor eroriko, badakigulako Zestoako soziologia ez dela emaitza horietan islatzen”.
Memoria historikoa, larrialdi klimatikoa eta indarkeria matxista
Pasa den legealdian gauza batzuk egin direla memoria historikoaren inguruan eta datorrenean gertuko memoriaz hitz egingo dela esan du, herri honetan gertatutakoak aztertuko dela. Bide horretan Antton Olaizola herritarra izan du gogoan “ez da zilegi duela 35 urte bi gobernuk gure herritar bat Afrikara eramatea erabaki eta ETAk borroka armatua uztea erabaki zuenetik 14 urte pasa direnean, oraindik Anttonek bere herrira etorri ezin izana”. Gaineratu du “herri batek bere etorkizuna eraiki behar badu, egia justizia eta erreparazioa behar dira eta gustatuko litzaidake norabide horretan elkarrekin joatea”.
Erronka ugari dituztela esan du Arregik lau urteotarako eta larrialdi klimatikoa ere aipatu du. Indarkeria matxistari buruz ere aritu da. Komunikabide batek emandako datua bota du Arregik: “EAEn 8000 emakumek babesa daukate indarkeria matxista ez jasateko edo erailak ez izateko. Ardura publikoa daukagunok gure erantzukizunak dauzkagu eta uste dut autokritika egitea tokatzen zaigula Zestoa ere ez baita salbuespena”. Obligazioa dela eta saiatuko direla guztiak batera eragiten esan du.
Albiste txarra
Egun polita izan behar zuela gaurkoak esan du Arregik “Ekitaldi askoko eguna zen gaurkoa, Ibilaldi Neurtua, Arroa Txirrindulari Saria, Itxaropena dantza taldearen emanaldia… Horrek adierazten du herri honek baduela bizigarria eta jendea lanerako dagoela eta eskerrak eman behar ditugu. Zoritxarrez, ordea, albiste tamalgarri bat jaso dugu. Ibilaldi Neurtuan parte hartzen ari zen pertsona bat hil zaigu bihotzekoak jota eta eguna ilundu digu. Hildakoaren senide eta hurbilekoei eta Agiro mendi klubeko kideei gure doluminik sentikorrena eman nahiko genizkieke.
Egin zaitez bazkide