Zer da greba feminista orokorra?
— 2023-10-21Lehen aldiz, greba feminista orokorra egingo da Euskal Herrian. Kontzeptua bera berria izanik, eztabaida ugari daude zabalik; prozesu luze baten emaitza izango da azaroaren 30ean islatuko dena. Halere, greba feminista orokorra lanuzte bat baino gehiago izango da. Ehun produktibotzat hartzen dena gelditzea ez ezik, zaintza esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea ere izango du helburu grebak. Azaroaren 30ean, zaintzak familiarizatua eta pribatizatua izateari utz diezaiola exijituko dugu, eta sistema osoa bere horretan auzitan jarri.
2018ko eta 2019ko grebekin hasitako bideari jarraikiz, greba feminista orokorrak grebaren betiko kontzepzioa gaindituko du. Ez da izango orain arte ikusi ditugun greben eredu bera. Izan ere, ohiko grebetan sindikatuena da gidaritza; greba feminista orokorrean, aldiz, ez: mugimendu feminista ari da lidergoa eramaten; hark jarri ditu irizpideak eta bermeak. Gainera, lanuztera deitutako subjektua ere aldatuko da. Denak daude deituta grebara: soldatapeko guztiak, langabe guztiak, ikasleak, pentsiodunak, zaintza eremuko langileak, metalekoak, emakumeak, gizonak… Erantzukizuna gizarte osoarena da, zaintza gai transbertsala da; horregatik, greba guztion ardura da.
Egin zaitez bazkide