Albisteak

[ELKARRIZKETA] Jon Artano. Hilketa paradisuan

Idazten hasi aurretik idazlearena egitera jarri zen Jon Artano. Arozena hotelean egin zuten merkatutxoan erositako kaxoi batzuk zeuzkan eta arotz lanetan abila den lagun bati galdetu zion eskribitzeko mahaia egingo ote zion. Bi metro luze, laurogei bat zabal eta lau kaxoi ditu zurezko idazmahaiak. Horman Hego Ameriketako mapa handi bat jarri eta hura post-itez betetzen joan zen bidaia prestatu eta istorioak ontzen zihoazen neurrian.

2022ko Tene Mujika beka irabazi zuen eta sariak liburua publikatzea zekarren. Liburu bat idazteko ametsa beti izan duela dio, eta bekak beldurrari aurre egiteko balio izan ziola, buruan zuen ideia balekoa zela sinesteko. “Anderik Ande” zuen izena aurkeztutako proiektuak, hegazkina hartu aurretik pentsatutakoa zen ordea. Bidaian pasa zituen Angentina Txile, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia. Liburuko azken istorioa behar zuen Juanarenak. Ibili-ibili eginda ordea, liburuak Juana Perea Plataren istorioa kontatzen du. Editoreak esan zion: «Hemen bazagok liburu bat».

Pako Aristi idazleak Juanaren  aurkezpenean hau esan zuen:  «Ibilbide luzeko idazle baten enegarren liburua ematen du. Ikerketa lan sakona du atzean eta modu abilean dago kontatuta, intrigak eta suspenseak oso ondo daude neurtuta».

Idazteko mahaiaren ondoko sofan jarri gara. Orain idazmahaia leiho aurrean dago, baina batetik bestera ibili du mahaia etxean lanean jardun den hilabeteetan. Goiko teilatupean aurrena, tximini ondoan gero, eta azkenik argitara begira. Juana liburuekin txondor bat eginda dauka sukaldeko mahai gainean. Horiek sinatzeko dauzkanak dira. Ondo pentsatuta idatzi nahi ditu eskaintzak.

d- Virginia Woolfek esaten zuen idatzi nahi zuen emakumeak berarentzat gela bat eta urtean bostehun libera edukiko zituela ziurtatu behar zituela aurrena. Bere aholkua pausoz pauso bete al duzu?

A-Ni pribilegiatua sentitzen naiz hau egiteko modua izan dudalako. Arrazoi du leku bat edukitzea inportantea dela dioenean. Beka bera, sei mila euro ziren. Bidaian abiatzerako gastatuak nituen horiek. Bi urteko baimena hartu dut lanean liburua egin ahal izateko.

d- Juanaren istorioa kontatzen duzu. Nola izan zenuen bere berri?

A-Kolonbian hiru urte egin nituen EITBko berriemaile. Ni dagoeneko hemen nintzen bueltan Juana hil zutenean, eta banuen hilketa haren berri. Ez nion gehiegi erreparatu, ordea. Gero, bidaian, Bogotan nintzela aipatu zidaten berriz eta googlen egindako aurrenengo bilaketan harrituta geratu nintzen andre hari buruz jartzen zuen apurtxoarekin.  Gero aztarka hasi nintzenean ikusi nuen Juana sailetik apartekoa zela. Urpekari izan zen, marinel, Afganistanen Estatu Batuetako base militar batean helikopteroen hegaldi koordinatzaile, telebistako ekoizle,  pirata ibili zen, Tribugan eraiki nahi zuten portuaren kontrako borrokan ibili zen, emakumeentzat jostundegi bat jarri zuen martxan Termalesen. Zer ez zuen egin! Bera ostatu bat ari zen eraikitzen itsasertzean, yoga saioak, kafegintza klaseak eta emango ziren gune bat. Azken bospasei urteak horretan eman zituen, oihanean eraikuntzan, hil zuten arte.

d- Bere hilotza Termales herriko komisariatik berrehun metrora aurkitu zuten. “Erakuskeria” horrek zer dio?

A-Fiskaltzak ez du onartzen hara nahita eraman zutenik, baina herrian inork ez du horren zalantzarik. Inpunitatearen neurria erakusten du horrek, eta beste guztientzat abisua ere bada. Kolonbian bi egunez behin hiltzen dute lider sozial bat, batazbesteko zehatza handiagoa eta absurdoagoa da: 1,3 hilketa egunean.

d- Aurkezpenean esan zenuen mapa bat falta duela liburuak. Zein da Termalesko geografia?

A-Chocó departamentuan dago. Ipar eta Hego Amerika batzeko Kolonbiaren mendebaldean sartutako ziri bat ematen du. Panamarekiko muga osorik hartzen du. Atlantikora eta Ozeano Barera, bietara du irteera. Tribugako golkoan dago. 100 kilometro kosta ditu eta asfaltatutako kilometro bat bera ere ez. Nuquí da udalerriko kaskoa, eta Zestoaren neurria du, gutxi gora behera, 3700 pertsona bizi dira han. Dozena bat auzo ere baditu, eta horietako bakoitzean 400-500 bat lagun bizi dira. Oihan tropikala da inguru osoa, leku birjina da.

d- Anonimoak dira liburuan berari buruz eta hilketaz mintzo direnak. Isiltzea al da paradisuan bizitzeren ordaina?

A-Laguna hil dietenak dira Juana nor zen kontatu didatenak eta beldurra dute. Ez dagoelako erabat garbi zergatik hil zuten, eta isilik egotea delako arazoak saihesteko modua. Bere bizilagunak ospa egin behar izan zuen, adibidez.

d- Han agintzen dutenek ezarritako mugak pasa ote zituen diote askok. Zein muga pasa zituen?

A-Seguru asko bat baino gehiago, berak ez zuelako mugarik onartzen. Autodefensas Gaitanistas de Colombia talde narkoparamilitarrak inguru hartan zuen buruzagiari kargu hartu zion armak soinean kalean ibiltzeagatik, Kolonbiako armadarekin ere bazuen harremana. Jendetasun handikoa, irekia eta ausarta zelako. Zergatik hil zuten, galdera horri erantzuteko ahalegina da liburua.

d- Ulertu, ulertzen duzula diozu liburuan, baina ezin duzula konprenitu. Zer esan nahi duzu?

Gertaeren sekuentzia ulertzera iritsi zaitezke, ulertu dezakezu biktimetako bakoitzak sortzen duen mina inguruan zenbaterainokoa den. Baina gatazkaren muina konprenitu ote dezakegun… hori beste kontu bat da.  Euskararekin alderaketa eginda, guk kontatzen diogu kanpoko bati hizkuntza menderatu batean bizitzea zer den, adibide batzuk ulertu ditzake baina hark konprenitzen al du egunerokoan horrek zer esan nahi duen?

d- Kolonbian gatazkan bizi dira gerrillariak, paramilitarrak, ejertzitoa… eta herritarrek hor bizi behar dute, eguneroko ogia lortzeko eginahalean. Eta dena lehenaz gain gaiztotuz: narkotrafikoa. Gaizkile taldeen eta jende soilaren artean batzuetan ez dago marra argi bat, ezta?

A-Ez. Arrantza zuria adibide ona da horretaz konturatzeko. Poliziak harrapatuko dituela sumatzen dutenean txalupatik itsasora botatzen dute kokaina kargamentua eta zehatz jakiten dute kostako zein puntutara ailegatuko diren 25 kiloko fardoak, orduan herritarrei abisua pasatzen diete eta arrantzaleak ateratzen dira fardo bila. Inongo taldeetan jardun ez arren, denek dakite nori entregatu behar dioten arrantza hori. Fardo bat topatzeko zoria duenak hamabost mila euro inguru lortu ditzake; dirutza handia da hori han, etxea egiteko adina.

d- Badu Euskal Herriko historia zati bat ere kontakizunak eta bada liburu guztian dardar moduko bat, gogoratzeaz eta historia kontatzeko moduaz. Zer ikusi duzu Pereatarren familian?

A-Beti izan dut kontatzeko moduari buruzko interes partikularra, kazetariok hori egiten dugulako azken batean; kontuak esan. Juanaren anaiarekin eta lehengusina batekin hitz egin dut familian jaso dutenaz. Maria Victoria Pereak, Juanaren izebak, Bilobentzat izeneko liburua idatzi zuen, inoiz argitaratu ez den lan bikaina. Etxeko gazteenei familiaren historia kontatzeko egin zuen lan hori. Nik liburu horretan esaten direnek, eta familiako memorian belaunaldiz belaunaldi transmititutako ahozko kontuek, egiatik zenbat duten frogatu nahi izan dut.

Bilbo galdu aurretxoan Agirre lehendakariak Juanaren aitaita, Andres Perea, bere bulegora deitu eta Euzkadiko altxorra ateratzeko agindu omen zion. Hori da Pereatarrek diotena. Egun haiek oso nahasiak izan ziren eta bilera zehatz hori egin zenik ezin izan dut frogatu, baina egin ez zenik ere ez. Garbi dagoena da Juanaren aitaita altxor horrekin atera zela itsasontziz eta Arroxelara joan zela lehendabizi, eta Belgikara gero. Emazteak eta seme alabek hegazkinez egin zuten ihesaldi arriskutsu bat. Horiek banaka-banaka frogatzen jardun dut, asko dibertitu naiz. Bospasei historialarirekin hitz egin dut, Jaurlaritzak sortutako Aire Pyrénées hegazkin konpainiari buruzko tesia egin duenarekin, gerrako bonbardaketa bakoitza dokumentatu duenarekin, Euzkadiko altxorra ikertu duenarekin… Familiaren errelatoak pelikula bat dirudi, fantasiosoegia ia… baina handiena da egia dela dena, hori da historiadoreekin kontrastatu eta gero atera dudan ondorioa.

Egundokoak pasa eta gero Belgikan elkartu zen Euskal Herritik ihes egindako familia. Europan gerra etorriko ote zen beldurrez, handik alde egitea pentsatzen hasi ziren eta karanbolaz iritsi ziren Kolonbiara. Aitaita eta haren koinatua zer egin asmatu ezinda berriketan ari ziren behin kafetegi batean, eta alboko mahaitik konbertsazioa entzun zuen batek proposatu zien Bogotara joatea, txerri granja baten kargu hartzeko. Horretan hasi ziren, eta gero,m pixkanaka irakaskuntzan maila handia lortu zuen aitaitak.

d-Juana gaztelaniara itzuliko al dute?

A-Nahi nuke, bere ingurukoek irakurri ahal izateko.

d- Jasota dauzkazun beste istorioak zertan dira? Idatziko al dituzu?

A-Txile eta Argentinakoak idatzita dauzkat gutxi gorabehera. Baina oraindik ez dakit zer egingo dudan horiekin.

Nagore Telleria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide