Albisteak
Iñaki Odriozola otsailaren 3an egingo den zuhaitz landaketaz aritu zaigu
— 2024-01-27Zuhaitz landaketa egingo da, otsailak 3, larunbata, Ertxiña mendian. Udalak antolatu du eta egitasmo honen inguruan galdera batzuk erantzun dizkigu Iñaki Odriozola zinegotziak:
Nondik dator ekimen hau?
Udalean sartu ginenetik Naturtzaindiarekin eta Gipuzkoa eta Bizkaiako beste hainbat udalekin elkarlanean hasi ginen udaletik lurrak erosi eta bertako basoak sustatzeko. Horri lotuta, pasa den uztailean diru-laguntza bat eskatu genuen Eusko Jaurlaritzan, Ertxiñan bertako artadiari bultzada emateko. Udazkenean ezkurrak biltzeko ekintza bat egin genuen, gero mintegian hazi eta landatzeko zuhaitzak izateko. Orain, landatzeko garaia denez, hainbat zuhaitz eskuratu ditugu Ertxiñako eremu batean landatzeko.
Beste udal batzuekin antolatu duzue, zein da lotura?
Aipatu bezala, hainbat udal daude Gipuzkoan antzeko ekimenetan ari direnak. Kasu honetan Mendaro eta Itziarrekin egingo dugu, beraiek ere sail batzuetan artadiarekin ari direlako. Adibidez, otsailak 4an zuhaitz landaketa egingo dute Mendaroko Intsusadiko Goikolako artadian.
Lehenago ezkur bilketa egin zenuten, gerora beste ekintzaren bat egingo duzue?
Asmoa, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak baliatuta urtez urte eremu desberdinetan bertako basoak sustatzen jarraitzea da. Penagarria da egun gure basoek duten egoera, baso-eremu guztiak pinu, eukalipto eta bestelako landaketez josita baititugu. Lurrak erosi eta publiko egitea ere beharrezkoa da horretarako, Zestoak apenas du herri-lurrik, eta horretan saiatzen ari gara. Dinamika horren baitan, ezkur-biltze eta zuhaitz egunen moduko ekintzak egiten ere jarraituko dugu, herritarrok ere parte izan gaitezen gure naturaren kontserbazioan.
Nori zuzentzen zaio ekintza hau?
Gai honekin interesa duen eta larunbat goizez mendi bueltatxo bat eman eta zuhaitz batzuk landatzeko gogoa duen edonori. Polita litzateke herriko ume eta gazteak ere parte hartzen ikustea. Horri lotuta, pena da larunbat goizean eskola-kirola izaten dela eta otsailak 3an Santa Eskea izango dela Aizarnan eta Arroa Behean. Baina, otsailak 4an Santa Ageda bezpera, hurrengo asteburuan Inauteriak… ez dago erraza asteburutan egunak aukeratzen!
Zein arbola landatuko dira eta zenbat?
180 zuhaitz inguru landatuko ditugu, arteak eta gartxuak. Gartxua artadian hazten den zuhaixka bat da.
Otsailaren 3ko egitaraua:
Goizeko 10:00etan, herriko plazan elkartu eta oinez joango dira landaketa lekura. Ondoren bazkaria antolatu dute Portale tabernan. 25 euroko balioa izango du eta parte hartu nahi dutenek, aldez aurretik izen eman beharko dute info.naturtzaindia@gmail.com helbidera idatzita.
Egin zaitez bazkide