Albisteak
Traktoreak kalera. Joseba Urresti “Larrazabalek” hitz batzuk luzatu dizkigu
— 2024-02-14Astelehenean, otsailaren 12an, Gipuzkoako baserritarrek Donostian elkarretaratzea egin zuten. Frantzian hasi ziren laborariak kalera ateratzen, Espainian ere mobilizazioak egin dira eta azken asteetan Euskal Herrian ere mugitzen hasi dira. Lehen sektore duin baten alde traktoreekin errepideak hartu zituzten eta Zestoatik 15 bat baserritar ere bertaratu ziren. Larrazabal baserriko Joseba Urresti bertan izan zen eta galdera batzuk erantzun dizkigu.
Zergatik atera zarete orain kalera, eta nork egin zuen deialdia?
Beste lurraldeetan ere izan dira mobilizazioak. Hemengo sindikatuek Gipuzkoakoek, martxoaren 1 erako konbokatu dituzte ordea. Beraz gazte kuadrilla bat elkartu zen Azpeitia, Aia eta ingurukoak, Whatsapp taldea bat sortu eta bertan elkartu gara. Hiru bat eguneko antolaketa kontua izan da. Baserritar gazteak, zaharrak eta sindikatuak aparte utzita, animatu egin gara, garaia orain delako. Hemendik 15 egunetara ez dakigu zer pasako den eta.
Zein da baserritarren egungo egoera?
Egungo egoera… ba oso larria, lehengaiak baserritarrentzat asko igo dira eta beraien etekina preziotik beherago dagoelako. Esnearen kasuan beraiek (enpresa erosleek) jartzen dizuete prezioa eta azkenean, ez dago etekinik, ezin duzu zurea mantendu. Nola fabrikak erosten dizun, azkenean preziora eman behar diozu, eta gastuak gero eta handiago dira, pentsua, forrajea eta horrela gauza asko. Gaur egun, baserritarrak bizi ahal izateko horrela ezin du jarraitu. Bestela hemendik pixka batera baserriak bertan behera geratuko dira.
Zer eskatu zenuten atzo Donostian?
Aldaketa klimatikoa ere baserritarrei egotzi digute, nik ez dakit egia den edo ez, baina niri ondo iruditzen ez zaidana da: hainbeste abioi, hainbeste gauza dabiltza, hainbeste fabrika, eta beti baserritarrak dira txarrak. Ongarria ateratzeko garaian ere, beti kexa. Paper kontuak gero eta estuago daude eta ikusi behar zer gertatuko den. Baserritar gazteak, baserrian bizitzeko gogoa daukatenak, ez baitute soldata bat ikusten. Nere kasuan bezala, azkenean tailerretara joan edo beste lan bat bilatzen hasten gara. Eta baserriak hemendik gutxira husten hasiko direla pentsatzen dut, hamar bat urtean. Zaharrak eta ezkutatzen hasten direnean, dauden baserri txiki horiek desagertu egingo dira. Eta hori nahi bada, hori izango da. Bestela irtenbide bat bilatu beharko da, baina jendeak etxean geratzeko intentzioa baldin badauka, nik ez dakit zer pasako den. Orain dena berde eta ondo ikusten da, baino aurki bazter guztiak sasiak hartuta eta basurdeak ere kaleraino etorriko dira, egoera txarra da.
Zestoarrei zein mezu bidali nahi diezue?
Herritarrei esango nieke, erosketak egitera joaten direnean prezioari bakarrik ez begiratzeko, etiketak ere begiratzeko hemengo hornitzaileei erosi, esnearen kasuan, haragiaren kasuan, ogia, barazkiak, bertako produktuei heltzeko. Hemengo baserritarrak, baratzazaleak, nekazariak, aurrera segi dezaten, asuntoa ez baitago batere erreza.
Egin zaitez bazkide