Ama hizkuntzaren garrantziaz (I) Zer da ‘ama hizkuntza’?
— 2024-02-19Asteazken hau, otsailak 21, ama hizkuntzen nazioarteko eguna izango da. 1999an izendatu zuen UNESCOk, eta ez diogu, oraindik, merezi duen garrantzia aitortu.
Hasteko argi utzi nahi dut zertaz ari garen ‘ama hizkuntza’ esatean: ez da ‘amaren hizkuntza’ baizik eta ondoren ikasiko ditugun hizkuntz guztien eta beste ikasketa guztien ama. Edozer ikasteko oinarria ematen diguna.
Garai eta gizarte batzuetan, amak transmititu egiten zuen eta etxean hizkuntza bakarra zegoen. Gaur egun familiaren osaera anitza da eta ez da ama transmititzaile nagusia, edo etxean hizkuntza bat baino gehiago dago…
Gaizki-ulertuak ekiditeko ‘etxeko hizkuntza(k)’ nahiago dut nik.
Ideia nagusia oso sinplea da: Haurrak ikasten duen lehenengo hizkuntzak edo hizkuntzek baldintzatu egingo ditu/dituzte ez soilik hurrengo hizkuntzen ikaste prozesuak, ondorengo ikasketa guztiak ere.
Gogoratu behar dugu hizkuntza eta pentsamendua batera garatzen ditugula. Bata aberatsa, malgua, sortzailea… bada, bestea ere bai.
Zein hizkuntza transmititu behar diegu seme-alabei?
• Etxean hizkuntza bakarra badugu, erraza da erantzuna: dugun hori. Berdin dio herrian nagusia den hizkuntza den, berdin dio eskolako hizkuntza den. Dugun onena, aberatsena, malguena.
• Etxean hizkuntza bat baino gehiago badugu, bakoitzak duen onena. Umeak erraz bereiziko du bakoitzarekin zein hizkuntzatan aritu.
• Eta helduok elebidunak edo eleaniztunak bagara? Nola jakin ditudan hizkuntzetatik zein den ‘aberatsena’, zeinetan dudan maila ‘hobea’? Urduri nagoenean ateratzen zaidan hori, gauza konplexuez pentsatzeko erabiltzen dudan hori, sentimenduak adierazteko balio didan hori.
Egin zaitez bazkide