305. Adarra jotzeko makina Atristainen
— 2024-02-24Sutea Valentzian, atzo, 138 etxebizitzako eraikin batean. Gutxienez lau hildako eta dozena inguru desagertu bai. “Sua eta ura belaunetik behera” esan izan da, eta zerbait bazekien esaera hori asmatu zuenak. Guretan ere, suteak egin izan ditu bereak; ezagunenak aipatze aldera, 1914ko azaroan bainuetxe aurreko hotela erre eta hiru zerbitzari kiskalita geratu zirenekoa, 1976an Blasa hotela erre zenekoa, geroago Herrero taberna eta etxeak su hartu zutenekoa edo Koiote etxeak eskapada egin zuenekoa… Aipa litezke, baita, udalerrian erre diren hainbat baserri eta beste kale-etxe franko ere.
Uraren erasoa, berriz, askoz ohikoagoa izan da gure herrian suarena baino eta heriotza franko ere eragin zituen, esate baterako, 1953ko uholde hartan Osinbeltzen eta Errotazarren. Argazkian, hala ere, geroxeago ikusiko dugun bezala, ez dirudi gehiegi izututa daudenik uholdeekin.
1932an gaude, argazkiak dioen bezala, eta zehatzago esateko uztailaren 18an edo 19an. Orduko La Voz de Guipuzcoak (1932-07-19) zioen gazteleraz: “Gipuzkoako hainbat errepide urpean euriteen ondorioz”. Ez zuen zestoar askok irakurriko albistea, urriak baitziren egunkari errepublikano horren harpidedunak Zestoan. Juan Jose Saezmierak bere Zestoari gorazarre liburuan kontatzen duen bezala, “Nire aitak La Voz de Guipúzcoa irakurtzen zuen. Goizero-goizero posta bulegora joan, hamar zentimo ordaindu eta egunkaria eramaten nion aitari. Ez ziren asko La Voz de Guipúzcoa irakurtzen zutenak: Rodriguez estazioburua, Gereka sastrea, Belmonte Urolako faktorea, Jesus Salegi, Amado Errasti, Pepe Zulaika eta asko gehiago ez. Nik uste, gure Bisiñok ere egunkari hori irakurriko zuela. Herriko errepublikanoak zirela uste dut. Gainontzeko guztiak abertzaleak edo karlistak ziren”.
Bada, hantxe dio egunkariak: “Euria egin du eta euria ari du behin eta berriz, Gipuzkoan. Ondorioz, probintziako hainbat tokitan uholdeak izan dira, eta errepide orokorreko zenbait kilometrotan bidea geldiarazi da”. Eta gero, urak gainezka egin zuen tokiak aipatzen ditu, hala nola, Ordizia, Ibarra, Villabona, Eibar aldea… Badakigu beste hainbat tokitan ere urak handi izan zirela, esate baterako Tolosa aldean. Badirudi euri-jasa deigarrienak goizean izan zirela, baina gauean baretu egin ziren. Urolari dagokionez, Loiolan trena pasa ezinik geratu zen euri-jasa zela-eta, eta Azpeitia eta Azkoitiko geltokien artean bidaiarien joan-etorria autoz egin behar izan omen zen. Arratsaldeko ordu bietan, bidea irekita geratu zen itxura denez. Azpeitian ere Ibaiederrek gainezka egin zuen Landetan, eta kalte ugari eragin zituzten hango lursailetan: “Errepidea itxita geratu zen, eta arratsaldeko seietan zirkulazioa berrezarri zen”.
“Ez, ordea, 51. kilometroan, Zestoako udalerrian, non urak emari handiagoa hartu zuen “Eskutzako” zentralaren ibilgua hautsi zelako –dio egunkariak–. Errepidea libre geratuko zela goizaldean espero zen, baldin eta atertzen bazen. Orain arte, kalte materialez aparte, ez da jakin ezbehar pertsonalik gertatu zenik”. Ez dakigu Ezkutza delako hori non ote den.
Beste egunkari batzuetan, Tolosa aipatzen dute, eta “uholde izugarriak, gogoratzen direnen artean handienak” esaten dute.
Bada, testuinguru horretan egina da argazkia, seguruenik uztailaren 19an. Ordurako Atristain baserriko urak baretuta daude, eta dena uretan ikusten badugu ere larritasun handiegirik ez. Errepara bestela balkoiko kanpotarrei: traje elegantez bi gizonak, soineko arinez hiru emakumeak eta estutasun handirik gabe bi umeak; irribarre alaia leihotik hurbilen dauden bi emakumeena; “Este es el caserío al lado de los garajes”, hemengo argazkian; “En esta metro y medio de agua inundadas las fuentes” beste argazki batean… Gazteleraz esan ohi den bezala, “como quien ve llover”, alegia, lasai demonio.
“Foto Leganés Zarauz” dio zigiluak, eta diru ederra egingo zuen argazkilariak kopiak eta kopiak salduz (beste argazki batean bainuetxeko egurrezko zubia ikusten da, eta badira hortik zehar beste ale franko herrian bertan). Horrelako gertakariak –are gehiago hildakoak eta baleude– beti izan dira pagotxa irudigileentzat eta oroigarri gozagarria kuxkuxeroentzat.
Argazkia oso interesgarria iruditzen zait. Batetik, garai bateko baserriaren zati bat bakarrik dago zutik gaur egun, eta, ondorioz, argazki hau da baserriaren lekuko bakarrenetariko bat. Bestetik, alor estetikoari erreparatuz, nolabaiteko egoera arraro baten partaide egiten gaitu argazkilariak; ea azaltzen dudan: etxe bat, are gehiago baserria, beti dago lurrari, zoru sendoari lotuta, baina hemen, urez inguratuta azaltzean, ezegonkortasun sentsazioa eragiten du; nolabait irudikatzeko, itsasontzi batean bageunde bezala. Ezegonkortasun sentsazioa areagoa da balkoi xume horretan, nahiz eta udatiarrak lasai demonio eta irribarrez egon. Argazkiaren ezkerretara ikusten den zuhaixka, berriz, –gereziondoa ote?– hondoratzeko zorian dagoela dirudi. Tira, une batetik bestera etxea eta dena urak eramango duela dirudi.
Finean, eman behar adarra jotzeko makina asmatu duela hemen argazkilariak eta suspentseko filma batean murgildu nahi gaituela. Sortu du eszenografia bat arrisku sentsazioa emateko –horretarako aproposa da uholdea–, jarri ditu hor balkoian pertsonaiak, eta eman behar ura gora eta gora doala eta ezingo dutela ihes egin. Baina azkenean esaten digu: “Ai, demonio tontoak! Ez al duzue ikusten zer lasai eta irribarretsu dauden denak?”, eta orduantxe konturatzen gara adarra jotzen ari zaizkigula denak.
Zer ikustekorik ez Valentzian balkoian ageri direnekin, suak izututa, su-hiltzaileek erreskatatu zain orduan eta orduak. Zer ikustekorik ez Osinbeltzeko argazki haiekin non tragedia –benetako tragedia, han bai– bertan-bertan sumatzen den. Horregatik, haiek ez bezala, argazkiari begira eta begira egoteko gogoa eragiten du irudiak. Horixe da ederra.
Egin zaitez bazkide