Paperekoa

[JARDUNIAN] Mikel Ibarguren. Negu Hurbilak filmaren inguruan

Mikel Ibarguren (Zestoa, 1995), antzezle gisa ezagutzen dugu, baina oraingoan, Negu Hurbilak filmaren lan taldean zuzendari bezala aritu da, eta Danbolineko azken alean egindako ibilbideaz eta bere azken proiektuaz aritu zitzaigun.

Portale Kultur Elkarteak maiatzaren 19rako, filmaren proiekzioa eta egileekin solasaldia antolatu du kultur etxean.

Zestoatik Zinemara, nola egin duzu ibilbide hau Mikel?

Betidanik izan dut sena, eskolan nintzela, irakasleek amari aipatu zioten ni antzerkian apuntatzeko eta saiakera bat egin genuen. Txikia izango nintzen, amak eskutik hartuta, bera oso handi oroitzen dut eta. Azkoitiko antzerki eskolara eraman ninduen, baina atea ireki orduko izutu egin nintzen eta laster itxi zen berriz.

Zestoan antzerki eskola sortu zenean, joan behar nuela sentitu nuen. Momentu horretan, batxilergoan nengoen eta etorkizuna hautatu behar nuen. Interpretazioa egin nahi nuen baina horretarako Madrilera joan behar zen. Hemen oraindik ez zegoen halako eskolarik eta nota onak nituenez magisteritza egitea erabaki nuen.

Baina Zestoako antzerki eskolan hasi nintzenean, etxera itzuli eta amari esan nion: hau egin behar dut. Eta amak aintzat hartu zidan. Ordutik, babes handia sentitu izan dut, beti. Zestoan hazi eta hezi naiz, aktore bezala tresna asko ikasi ditut, baina batez ere. kolektiboaren eta autogestioaren indarra neureganatu ditut. Sormena lantzeko toki bat izatearen garrantzia ulertu nuen bertan. Niretzako bizitzan izan dudan esperientziarik ederrenetako bat izan da. Hain zaindua eta maitatua sentitzea, taldeak bat egitea eta denok dena egitea, sortze aldetik zoragarria izan da.

Urteak aurrera, handik kanpora ere mila gauzetan nenbilen, ezin nuen klaseetara etorri eta beste nonbaitera joan behar nuela pentsatu nuen. Hala ere, gogoratzen naizen bakoitzean, beti esaten dut: gehien ikasi dudan tokia da eta asko maite dut.

Nola pasa zara aktore izatetik film baten zuzendaritza taldera?

Nik lan gehiena orain arte aktore bezala egin dut, hortik bizi naiz, eta hori izan da nire tokia. Antzerkian hasi nintzen eta gerora etorri zitzaizkidan ikus-entzunezko lanak. Duela hiru bat urte medio-metraje bat grabatzeko aukera izan nuen, orain Negu deitzen diogun taldearekin, beraiek metraje bat egin nahi baitzuten. Filmin plataforman ikusgai dagoen Laiotz laburmetraian, aktore bezala hartu nuen parte eta pila bat konektatu genuen lan taldean. Ni robota sentitu izan nintzen lan batzuetatik nentorren, aktore bezala, etxetik kanpo, hotel batean, dena oso hotza, tratua ere. Zerbait falta zitzaidan, ni ere ondo sentitzeko goxotasun pixka bat. Agian, lan bati asko exijitzea da baina, antzezle bezala segurtasunik eza izaten da eta “lasai! hemen gaude!” entzutea beharrezkoa ikusten nuen.

Orduan Laiotzen, lan talde berria ezagutzearekin batera zinema egiteko beste ikuspuntu bat probatu nuen. Ez gidoitik, baizik eta ideiatik, asko hitz eginda, egi bat bilatzen, konexioak bilatzen… Errodaje hori bukatu orduko, Negukoek beste proiektu bat hasi nahi zuten. Zer izango zen oraindik ez bazekiten ere, ni hasieratik bertan egotea eskaini zidaten.

Sortzaile bezala antzerkian ibilia nengoen, baina ikus-entzunezkoetan ez eta horrek morbo handia ematen zidan. Gogo pila bat piztu zitzaizkidan gauzak aldatzeko, zinema beste era batera egiteko. Inondik inora ez nuen pentsatzen, handik pelikula bat aterako zenik, ezta hau amaitzeko aukera izango genukeenik ere. Are gutxiago horrelako ibilbidea izango zuenik, mundutik bidaiatzera eramango gintuenik. Orduan, nire saltoa horrela izan da: Sortzeko espazio bat eman zidaten eta aprobetxatu egin behar nuen. Zorte handia izan nuela uste dut. Espazio horretan aurkitu ditudan pertsonak oso profesionalak eta humanoak direlako eta hori aurkitzea oso zaila da.

Zer da Negu taldea?

Laiotz proiektutik zetorren lan taldea da Negu; gero, Negu Hurbilak aurkezterakoan hainbat paper betetzeko izena aukeratu behar izan genuen eta agian ez ginen oso originalak izan eta Negu izendatu genuen. Hamar bat lagunez osatutako taldea gara, askotan lau pertsonek osatutako zuzendari-talde bezala ezagutarazi gaituzte, baina gehiago gara, talde irekia. Bakoitza berean oso aritua baina, batez ere garrantzitsua laguntasunak elkartzen gaituela da. Niretzat, nire familia da; bizitzak Negu Hurbilak ekarri dit eta Negu oparitu. Hainbeste maite duzun jendearekin zinema egitea sinesgaitza da.

Zer da Negu Hurbilak?

Negu kolektiboak egindako lehen film luzea da Negu Hurbilak, Maluta films eta Cornelius filmsekin ekoitzia. Era ez oso konbentzionalean egin den pelikula bat. A priori, gure aurka geneuzkan zinema industria eta merkatua. Pelikula bat egitearen zamatik liberatuta egin da. Ez genuen ziurtasunik, jendeak hamar urte pasatzen ditu pelikula bat egin nahian eta gu pribilegiatu batzuk gara.

Zein da filmaren gaia eta zergatik hautatu zenuten?

Euskal Herritik kanpo ikaragarrizko indarra hartzen ari da Euskal Gatazkaren inguruan kontakizunak eraikitzearen ideia. Ekain Albite (Ibañarrieta, 1999) eta biok kezkatuak geunden hemen inguruan inor ez zegoelako horren inguruan ezer egiten. Kolonizazio moduko bat da, eta kanpoan ematen den bertsioa beraiek nahi dutena da, baina hor interes handiak daude.

Orduan, guk beste toki batetik landu nahi izan genuen gaia. Ihesaldi bat irudikatzeko dokumentazio prozesu handia egin genuen eta ikerketa horretatik atera genuen ondorioa, alde-egite bat topikoetatik ez kontatzea izan zen. Gure proiektuak horri buelta bat eman behar zion eta filma iheslarien bizipenetan oinarritu behar zen. Argi genuen, giltzarria zain egotearen ideia zela. Ihesean egon diren pertsonak zain egoten direlako, etxe batean, ezer egin gabe, isiltasunaren protagonismo handiarekin.

Ikerketa garaian ikusi genuen jendeak urteak pasa dituela isilik, orain arte ez dela honen inguruan ia hitz egin. Horregatik, denboraren zamaren inguruko pelikula bat sortzea etorri zen, pixkanaka irensten zaituen zerbait. Zure argia itzaltzen doan denboraren ingurukoa. Etorkizunari buruz ere bada, baina desesperantzari buruz baita ere. Terminologia oso polita zegoen.

Zubietan kokatu duzue istorioa, zergatik?

Zubieta ezagutu genuenean, hankaz gora jarri zituen gure bizitzak. Bertan egonaldiak egin genituen, zubietarrekin ia bi urteko prozesua egin genuen, beraien etxeetan, beraiekin lanean… inoiz kamerarik atera gabe. Momentu batean oso zaila zen bizitzen ari ginen hori eta filmaren bidea bateratzea.

Baina denboraren pausa eta Zubietaren indarra pelikulan sartzea lortu genuenean, berriz bateratu zen bidea eta -jo-, oso prozesu ederra izan zen; desikasteko eta ez esperotzeko ezer. Horregatik, Zubietaren inguruan izan behar zuen pelikulak eta herriak dena eman zigun; bertakoek, haien etxeak eta bihotzak ireki zizkiguten. Lan hau beraiekin egitea zoragarria izan zen. Uste zuten gezurra zela pelikula bat egingo genuela.

Zubietara joaten ginenean, aterpetxetik goizean “Fliying Free” egiten genuen. Horrek esan nahi zuen, bakoitza bere aldetik joaten zela eta iluntzean, amankomunean jartzen genituen egunean zehar egindako aurkikuntzak eta pixkanaka puzzle bat osatzen joan ginen. Momentu batean bai egon zela inflexio elkarrizketa bat: hemen grabatu nahi dugu eta beraiek azaldu behar dute. Baina aldi berean oso erabaki arriskutsua zen, sosik ez genuelako eta analogikoan grabatzen ari ginelako. Bagenekien tomak ezin zirela errepikatu, baina herritarrek aktore lanak egitea nahi genuen.

Pixkanaka beraiekin hitz egin genuen eta berehalako erreakzioa izan zen: “noski nik utziko dizuet nire borda edo nire ardiak…” baina guk: “ez, ez, guk zuek ateratzea nahi dugu”. Eta gutxinaka onartzen joan ziren.

Pelikulako deskubrimendu nagusia Beñardo izan zen. Pelikulan azaltzen den artzaina da Beñardo, ihesaldian 30 urte eman ondoren itzuli zen Zubietara. Bera, pelikulako protagonista izateak, esan nahi zuen, ez genuela heroien edo, on eta txarren istorio bat egin nahi, bera pertsonaia anonimo bat zen eta oso garrantzitsua ikusten genuen, bere zirkulua ixten den momentuan bere aldamenean beste batek zirkulua hastea eta nola eragiten duen horrek elkarren zaurietan. Eta hara, harrera oso ona izan du aktore bezala, festibal askotan galdetzen digute “baina, nor da gizon hau?”.

Zergatik grabatu duzue analogikoan?

16 milimetrotara grabatzea suizidio bat da, batez ere diru gabe, ez-aktoreekin eta tomak oso luzeak egin behar dituzunean. Latak kontatuta daude, tomak ezin dituzu errepikatu. Horrek esan nahi du, akatsarekiko beldurra eta urduritasuna oso handia dela eta guztia karta batera jokatzen duzula. Eta are gehiago gertatzen den hori puroa eta egia izatea nahi baduzu. Masokagoak ezin gintezke izan

Analogikoaren hautua galtzen ari den zerbaiten erromantizaziotik dator, Nafarroako inguru horietatik, gure lurretatik. Mikel Laboa eta Xabier Leteren gure bazterrak edo Negu Hurbila eta kantu horiek guztiak elikatzen dute pelikula. Aro baten bukaera eta baserriko bizimodua islatzen da, zoritxarrez galtzen ari dena. Analogikoak estetika bat ematen dio eta galdera batzuk bideratzen ditu: non dago kokatua paisaia hau? Noizkoa da pelikula? interesgarria den anakronia adierazten du.

Narrazio erromantiko bati estetikoki laguntzeaz gain, toma bakoitza grabatzeko modua zoragarria iruditzen zait. Talde guztiak helburuarekin bat egiten du, badakielako asko dagoela jokoan eta aukera bakarra dela. Orduan, presioa oso altua da, baina gure arteko konexioa egundokoa bihurtzen da eszena bakoitzean eta horrek asko betetzen du. Noski, arriskutsua da eta gauza asko ez dira ondo ateratzen, baina zinema deskubritzeko beste modu bat izan da.

Zein izan da zuen filmaren ibilbidea?

Zaila da pelikula bat aurrera ateratzea eta pelikula honek hainbat prozesu izan ditu. Orain bizitzen ari garena garrantzitsua da, baina lau prozesuren emaitza izan dela esan genezake: Lehenengoa, inondik inora ezin zuela pelikula bat izan, baina pelikula bat egin nahi genuen; bigarrena, pelikula bukatzeko ez genuela sosik, postprodukzioa oso garestia baita, baina lortu genuen; hirugarrena, ez genekien zer egin pelikularekin, baina zinemaren industriara salto egin genuen eta mundu mailako festibal onenetako batean (Locarnon) estreinatu eta sari batekin itzuli ginen; eta laugarrena eta azkena, festibaletatik aparte zinema zirkuitura ailegatzea.

Oraindik ez dugu sinesten lortu dugun guztia. Guretzat txiste bat zen, eta zinema industriarentzat ere. Pelikula hau, ezinezkoak ziren gauzak egia bihurtzea izan da. Nola grabatzen dute 15 gaztek pelikula bat analogikoan 10 egunetan, ez-aktoreekin, Zubietan eta sosik gabe?

Ahoa betetzen zaigu euskal zinemaren inguruan hitz egiten, baina gu umezurtz sentitu gara esparru horretan. Ez dugu lortu gure pelikula kanpoan goraipatu duten arte honi, hemen lekua ematea. Gero Euskal Herrian estreinatzean oso harrera ona izan du, baina ez naiz publiko orokorraz ari, hemengo kultur ekosistemaz ari naiz. Oso aukera gutxi daude pelikula bat aurrera ateratzeko eta gazteei, hurrengo belaunaldiei edo zinema egiteko beste modu batzuei ematen ez badiegu, galduta gaude. Kultur kontsumitzaile bezala berdina ikusiko dugu eta berdinek egina.

Zure ibilbidea aktore bezala hasi zenuen eta zuzendari bezala jarraitu. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Nahiko krisi eduki dut. Zalantzak izan ditut, nola bideratu. Kosta egiten zait nire burua aktore bezala izendatzea. Gainera, bidean konturatu naiz benetan gustatzen zaidana sortzea dela. Zerbait hasieratik sortzea eta, hitz egitea eta lekuetara joatea eta grabatzea eta hau pentsatzea. Aktore bezala ondo, baina oso mugatua sentitzen naiz zentzu horretan. Agian, proiektu batzuk egiteko aukera emango da baina, momentuan ez da nire lehentasuna.

Zinema egiteko deskubritu dudan modu berri honek, benetan betetzen nauela ikusi dut, momentuan, behintzat. Horrek ez du esanahi nire bizitzan hau bakarrik egingo dudanik. Malgutasuna eduki nahi dut eta fokoa pare bat gauzetan jarri. Prozesua bizi, disfrutatu eta listo, aterako direnak gozatu nahi ditut.

Lan hauek guztiak, nire jaioterritik urruntzen naute eta horrekin badaukat tristura sentsazio bat, herrian kapitulu asko ez bizitzea erabaki behar izan dudalako.

Ohiana Calparsoro




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide