Albisteak

[ELKARRIZKETA] Xalbat Alzugarai Etxeberri: “Garaiko zein gaur egungo testuingurua ezagutzeko saioa izanen da”

Larunbatean, ekainaren 1ean, “Gai ziren eta gai gara” bertso saioa izango da arratsaldeko 17:30ean kiroldegian. Zestoa – Urepele senidetze egitasmoaren baitan antolatu da ekitaldia.

Senidetzearen protagonistak diren Xalbador eta Uztapide bertsolariek, 1967ko Bertso Txapelketa Nagusian jorratu behar izan zituzten gaietatik abiatzea izango da larunbateko bertso-saioaren berezitasuna. Puntako bertsolariek hartuko dute oholtza: Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubietak.

Amaia Agirrek eta Xalbat Alzugaraik egingo dituzte gai-jartzaile lanak. Saio berezi honen aurrean galdera batzuk erantzun dizkigu gazte urepeldarrak.

Xalbat, aurkeztu zure burua

Xalbat naiz, urepeldarra eta ikaslea ekaina arte, Bilbon. Komunikazio multimedia masterra egiten ari naiz eta gai ematen ere ibiltzen naiz.

Urepeldarra zara beraz, zer moduz bizitzen ari zarete han bi herrien arteko senidetzea?

Ongi bizitzen ari gara, zinez uste dut bi herrien arteko senidetza eta bi herrien arteko adiskidetasuna aberasgarria dela. Batetik, Xalbador eta Uztapideren arteko historia eta bertsoak ari naizelakoz ezagutzen, baina baita mugaz gaindiko proiektu eder honek, harremanak indartzeko balio duelako ere eta nolabait gure kasuan uste dudalako Euskal Herri bat eraikitzeko hortik behar dela jo.

Larunbatean, Zestoan izango zaitugu, gogotsu?

Arrunt gogotsu larunbateko saiorako. Lehenengo aldia da horrelako saio batean ematen ditudala gaiak, baita gai honen harira martxoan plazaratu nuen bertso trama. Baina egia erran, artxibo historikoetatik edo kasu honetan, 67ko txapelketako finaletik abiaturiko saio edo gaietatik, lehen aldia dela, horrelako saio batean parte hartzen dudala.

1967ko gaiak erabiliz bertso saio bat planteatu behar duzue, erronka handia izan al da zuretzat?

Erronka handia bai, zeren eta gai guztiak ez nituen ezagutzen eta erronka handia alde batetik ere bai, gai horiek gaurkotasunera ekartzeko, zeren eta batzuek egokituko ditugu gaurko testuingurura. Deskubritze handi bat izan da, erronka handia izatea baino. Zeren garaiko testuingurua ere islatzen du, generoaren trataera ez da batere bera 67ko txapelketan edo gaurkoan. Egiazki lan ederra izaten ari da.

Xalbador eta Uztapidek gizonezkoz osatutako plaza bat bete zuten, larunbatean zu izango zara mutil bakarra ordea, horrek zer dakarkizu burura?

Larunbateko mutiko bakarra izatea, garaiko joera aldatu, oholtzan dena gizonak zirela 67an eta nahi genuela hori hautsi eta erakutsi gai haietatik joera hori hautsi. Garaian zen gizonezko plaza hori aldatu dela erakutsi.

Larunbateko saioa ikusteak mereziko duela dirudi, jendea gonbidatzeko zer esango zeniguke?

Ikusteko merezi du zinez, eta ni neuk gonbidatzeko esanen nieke Xalbador txistukatua izan zen final hartako gaietatik abiatuko ginela eta Uztapide eta Xalbador izan zirela buruz buru finalean, garaiko zein gaur egungo testuingurua ezagutzeko saioa izanen da, garaiko gaien ildotik gaur egun ere nola erantzuten diegun bertsoei deskubritzeko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide