Albisteak

[ELKARRIZKETA] Kepa Martinez de Albeniz: Zestoako tamaina duen herri batek duen bezalako banda izatea izugarrizko altxor kulturala da

Hamasei urtez Zestoako bandaren buru izan ondoren, Kepa Martinez de Albeniz, bere azken kontzertua zuzentzeko prestatzen ari da, musikaz, dedikazioz eta une ahaztezinez betetako aro baten amaiera markatuz.

Zuzendari Tolosarrak 45 urte ditu eta Goimailako tronpeta ikasketak Donsotian amaitu ondoren, zuzendaritza ikastera joan zen alemaniara. Emozioz beterik, bere esperientziak, erronkak eta bere ibilbideko unerik nabarmenenak partekatu dizkigu elkarrizketa honetan.

Kontzertua gaur izango da, 22:30ean kiroldegiko aterpean. Hans Zimerrek film ezagunetarako sortutako soinu-banden interpretazioak entzungo ditugu gaurkoan.

1.⁠ ⁠Nola sentitzen zara 16 urteko etapa honen amaierara iristean Zestoako bandaren zuzendari gisa?

Hunkiturik. 16 urte hautan Zestoarekiko eta Zestoarrekiko dudan lotura geroz eta estu eta beroagoa egiten joan da eta zaila da etapa honi bukaera ematea. Baina 16 urte hauetan Zestoarako bidea ikasi dudalakoan nago eta bisitan bada ere itzuliko naiz.

2.⁠ ⁠Zerk inspiratu zintuen banda bateko zuzendari bihurtzera eta nola iritsi zinen Zestoako postu horretara?

Zestoara iritsi baino lehen ere hainbat talderen zuzendari izandakoa nintzen. Urte mordoa neramatzan hainbat abesbatza zuzentzen eta ordurako Tolosako Arimaz Orkestra ere zuzentzen nuen. Bertako biolin irakaslea zen Patxi San Sebastian Zestoako jaietara gerturatu zen eta bertan bandarako zuzendari bila zebiltzala entzun eta nire izena proposatu zieten. Oposaketa fasea pasa eta… 16 urte pasa dira orduz gero.

3.⁠ ⁠Nolako bilakaera izan du bandak zuzendari gisa eman duzun denboran?

Izugarrizko oparia izan da 16 urte hauten Zestoako Banda zuzentzeko aukera izatea. Banda eta herria ezagutzeak, banda berritzearen prozesuan lagundu ninduen. Kide berri eta gazte piloa sartu da urte guzti hauetan bandara, eta hasieran baino sendoago gaudela uste dut.

4.⁠ ⁠Zein izan da urte hauetan bandarekin bizi izan duzun unerik gogoangarriena?

Pandemia garaia bukatu zenean bi kontzertutxo berezi jo genituen bi zahar egoitzen kanpoan. Bertan hain lan izugarria egin zuten langile eta egoitzaren erabiltzaile zirenentzako hiruzpalau kantu jo genizkien. Besteak beste Pandemia garaian himno bihurturiko Duo Dinamikoren “Resistiré”.

5.⁠ ⁠Parteka dezakezu bandarekin izan duzun pasadizo edo esperientzia dibertigarririk?

Santakutz inguruan egindako kontzertu bat oroitzen dut. Euri arriskua bazegoen ere, tantatxo batzuk besterik izango ez zirelakoan, kontzertuarekin haurrera egitea erabaki genuen. Euria geratu ordez, bere horretan jarraitu eta denek blai bukatu genuen. Banda-kideek jo berri genituen partiturak blai eginik eta zeharo hondaturik karpetan gorde beharrean, aulki azpian gorde zituzten. Kontzertuaren amaieran denak zakarretara bota behar izan genituen.

6.⁠ ⁠Zein da zuzentzen gehien gozatu duzun musika pieza eta zergatik?

Pieza bakarra gogoratzea zaila da, baina asko gozatu izan nituen bandak herriko eskolarekin egindako kontzertu didaktikoak. Bertan banda-kideak, eta ni neu erdi mozorrotu ginekoa datorkit burura. Carmen operaren selekzio bat jotzerakoan ileordez apainduriko banda-kideak gogoratzen ditut.

7.⁠ ⁠Zer erronka izan dituzu zuzendari gisa eta nola gainditu dituzu?

Horrelako erakunde baten zuzendaritzak erronka ugari dakartza zakuan. Talde baten kudeaketak erabaki asko hartzera behartzen zaitu, eta ulergarria den bezala erabaki hauek ez dira beti guztien gustukoak: kontzertu desberdinetan joko dugun errepertorioaren hautaketa, entseguak aurrera eramateko modua,… erabakiak ez dira beti guztien gogoko.

8.⁠ ⁠Zer aholku emango zenioke zure ondorengoari edo zure urratsak banda baten norabidean jarraitu nahi dituen edonori?

Sartu berri nintzenean Luis Barrenak eman zidan inoiz jaso dudan aholkurik onena. Entsegu baten ondoren gerturatu eta honakoa bota zidan: “Ez ahaztu, hi kontserbatoriokoa haiz, baina gu obserbatoriokoak gaituk”. Esaldi dibertigarri honek, jakituria izugarria gordetzen du bere baitan. Zestoako Bandako zuzendariak, garbi izan behar du bandari eta herriari zerbitzu egitera datorrela. Banda ez da zuzendariaren gogoeta edo nahietara moldatu beharreko proiektua. Zuzendariak banda eta herria ulertu eta hauen beharretara egokitu behar du.

9.⁠ ⁠Zein dira zure etorkizunerako planak azken kontzertu honen ondoren?

Ez dut etorkizunera begira inongo plan berezirik. Donostiako ikastetxe batean musika irakasle naiz eta bertako egunerokoak lan izugarria eskatzen du.

10.⁠ ⁠Zer mezu helarazi nahi diezu urte hauetan zuen lana jarraitu duten taldekideei eta ikusleei?

Urte guzti hauetan behin baino gehiagotan errepikatu dut, Zestoako tamaina duen herri batek (3766 biztanlerekin) duen bezalako banda izatea izugarrizko altxor kulturala da. Gainera, herriak bandarekiko duen harremana izugarria da, eta iritsi nintzenetik betidaniko zestoarra banintz bezala jaso nauzue. Bai banda eta bai banda kanpoko benetako lagunak irabazi ditut, eta betirako gordeko ditudan erlazioak sortu dira. 16 urte hauetan ere hanka sartzeak izan ditudala seguru nago, inoiz akatsik egiten ez duen pertsonarik ez dagoela uste dut, eta izan ditudan horiengatik barkamena eskatu nahiko nuke. Herriarentzako proiektu sendoa eraikitzea izan da nire helburu nagusia. Ideia batzuk sendotu dira: soinu-banden kontzertua, Santa Zeziliako Pop/Rock, kontzertua, Gabon koruarekin batera egindako kontzertua… Izugarrizko plazerra izan da 16 urte hauetan Bandaren buru izana, eta Zestoar batek dioen bezala “No os hagais ilusiones,… volveré”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide