Albisteak
[ARGAZKIAK] Jaiek aurrera jarraitzen dute Arroagoian
— 2024-07-26Atzo gauean herriko argazkilaritza zaletuek osatutako argazki proiekzioa ikusteko aukera izan zen elizako aterpean. 2019ko jaietako argazkiekin osatutako proiekzioa eskaini zuten eta auzotarrek gustura egin zuten denboran atzerako pausoa. Jarraian Izer eta Alabier trikitilariekin dantzaldia izan zen gau giro ederra borobiltzeko.
Ostolaza harri-jasotzaileak ekarritako harria izan zen atzokoan bitxikeria. Herriko etxera jaitsita dagoen kanpandorreko erlojuarentzat pisu modura erabiltzeko 100 kiloko harria ekarri zuen Ostolazak. Izan ere Agustin Ostolaza eta bere semea Joseba Arroagoian jaioak dira eta beti izan dute auzo honekiko lotura oso estua eta jaietan urte askoan egin izan dute Arroagoian erakustaldia. Erakusleihoan geldituko da Ostolazaren harria, erlojuaren pisu modura, maitasun horren erakusgarri.
Gaur Santa Ana Eguna ospatuko dute. Goizeko 11etan meza izango da eta ondoren jubilatuentzako hamaiketakoa eta Bingoa.
Arratsaldeko 17:30ean bakarrizketa umoretsua izango da Ion Martinez “Txiki”rekin; “40 urte eta aldapan behera niek”. Zazpietan emango zaio hasiera urteroko Arroagoiko auzotarren arteko kirolen saioari eta gaueko 23:00etan erromeria izango da Etxebarria aita-semeak taldearekin.
Egun luzea izango da gaurkoa eta goizaldera Ander Iribar, Dj Olber, auzotarrak hartuko du jai giroaren gidaritza bertaratuek indarren jarraitzen duten bitartean.
Egin zaitez bazkide