Martin Uzkudunen meatzari garaiko testigantzak
— 2024-11-27Aizarnako meategiek izan zuten unerik gorenena nik ez nuen ezagutu, baina badakigu garrantzi handia izan zutela meategiek herrirako. Ondo dakigu onura handia ekarri zutela biztanleentzat, harik eta 1960ko hamarkadan, ugazabek berauen kudeaketa alde batera utzi zuten arte.
Meategi hauetan herriko eta inguruko jende ugarik egin zuen lan eta auzoko ekonomiari bultzada handi bat eman ere bai. Betirako ez dago ezer ordea, eta aro honen beherakada ere ezagutu behar izan nuen. Azken urteetako meatzari batzuk ezagutzera ere iritsi nintzen.
Zaletasunak bultzatuta, Manuel Arregi eta biok meategi hauetan lan egin zuten testigantza batzuk jaso genituen, eta esan behar berauekin eginiko tertuliak oso aberatsak izan zirela guretzako. Garai haietan meatzariek bizi zuten giroa ezagutzeko galdera batzuk egiten aritu ginen, eta berauen erantzunak bideo batean jaso ere bai etorkizunerako.
Testigantza hauek jaso genituen baina ez ordenagailuan gordetzeko, gordeta ez baitute ezertarako balio. Jarraian lerro hauekin lagunduta bideo hauek argitaratuko ditut. Meatzarien testigantza hauek ahalik eta jende gehienak ezagutzea da helburua.
Lehen ere badira bailarako meatzarien testigantzak idatzietan jasota, bideoan ez dut uste asko direnik. Dena den, zenbat eta gehiago jaso, garrantzi handiagoa izango du gure aspaldiko langintza zahar honek.
Lur azpiko zulo hauek nahiko egoera larrian daude, baina ez dut uste berehala desagertuko direnik; beti geldituko da zerbait agerian. Hala ere, desagertu baino lehen gaia lantzeak ez die kalterik egingo.
Aztarna fisikoak alde batera utzi eta badira paperean langintza honen historia egoki jaso duenik ere. Azpimarratzekoa Aitziber Gorrotxategik egindako lana, zehaztasun handiekin jaso baitzituen garai hauek.
Baita Lierni Arrietak, Bonifazio Irureta meatzariari eginiko elkarrizketan ere, garbi jarri baitzituen langintza honek zituen zailtasunak. Aldi berean baditugu aspaldiko ofizioei begira idatzitako liburuxkak ere.
Meategi bakoitzak zuen bere egunerokoa eta berauek data pila bat dute jasota: langileen zerrenda, ordutegia, bakoitzak jasotzen zuen soldata eta abar. Eguneroko hauek familia partikularren esku zeuden eta denak eskaneatuta artxibategian jasota daude orain. Egia esan penagarria litzateke altxor hauek desagertzea.
Idatziak, argazkiak, egunerokoak… denak digitalizatuta dauzkagu orain. Beraz Aizarnako meategi hauen historia ezagutu nahi duenak, data ugari ditu eskura. Interpretazio museo bat sortzeko adina datu baditugu, beraz ezin baztertu hau ere.
Behean argitaratzen dudan elkarrizketa hau Martin Uzkudun Aizarnakoari egina dago. Bertan adierazten duenez “Ertxinondo” meategian egin zuen lan, eta baserriko lanekin partekatzen omen zuen jarduera. Berak esaten duenez, maiatzaren lehena jai egin omen zuen lehen aldiz meategian lan egiten zuelako, bestela igandeak izan ezik egun denak lanerako izaten baitziren baserrian.
Dena den, berari entzungo dizkiogu gorabehera hauek. Bideoa zerbait moztuta dago, bestela oso luzea egiten baitzen, baina esaldi garrantzitsuenak baztertu gabe jakina. Eskerrak eman nahi dizkiot Aizarnako historia osatzen laguntzeagatik, eta zer esanik ez, bere testigantzak partekatzeagatik.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide