132. Soiltasunaren edertasuna

Koioteneko etxea eta ingurukoak gaur egun ikusten ditugun bezalakoak ezagutu izan ditugu beti herritar gehienok. Orain dela 80-90 urte, ordea, aldaketa dezente jasan zituzten eta horretaz idatziko dugu gaur, kontakizuna anekdota bitxi batzuekin zipriztinduta.

1920 eta 30eko hamarkada arte, herriguneko etxe gehienek behe solairua, lehena eta ganbara zuten, eta hala ikus daiteke mende hasierako postal zaharretan. 20ko hamarkada aldera, ordea, etxe gehienak altxatu egin ziren, solairu berriak eginez eta gaur egun daukaten itxura emanez.

Garai haietako agiriek horrelako obra ugariren berri ematen dute: “Sagrado Corazón de Jesús kaleko [Erdikalea] 3 zenbakia duen etxea eraitsi egin da eta 1 zenbakikoarekin batera beste etxe bat egin da [Portu etxea]. / Kale berean, 11. zenbakian, behe solairua bakarrik izatetik hiru solairu egin dira. / San José kalean [Kaleokerra], 5. zenbakian eraitsitako etxearekin eta 6.arekin etxe bakarra egin da / Foru plazako 4 zenbakia duen etxeari [gaur egungo Koiotenekoa] bi solairu gehiago altxa zaizkio.”

Ez dago garbi zer dela eta altxatu ziren hainbeste etxe. Ez du ematen biztanleriaren hazkundeagatik denik (3.000 inguruan mantendu zen biztanleria 1910-1940 bitartean). Sarritan pentsatu izan dugu turistei etxe partikularrak eskaini asmoz egindakoak ote diren, baina ikerketa sakonago bat eskatuko luke hipotesi horrek. Kontuak kontu, garai hartan berregokituak dira Erdikalean edo Kaleokerrean ikusten ditugun etxe “historiko” gehienak.

Koioteneko etxeak merezi du aipamen berezia, etxe horri buruzko agiri bitxi bat gordetzen dugulako gure paper zaharretan (udaletxekoez ari naiz). Etxe haren jabea Felix Zufiria zen. 1926an, solairu gehiago altxatzeko baimena eskatu zuen. Lehen, bi solairu eta ganbara zituen, argazkian ikus daitekeen bezala. Zufiriak, dirudienez, behea eta hiru solairu atera nahi zituen, eta horretarako eskatu zuen udal baimena. Baina, obrak hasi dira eta, “lotsagabe-lotsagabe” beste pisu bat eransten hasten da, alegia, gaur egun ikusten dugun laugarren solairua. Udala ez da konforme, planoan hiru solairu bakarrik ageri direlako, eta hori gutxi balitz, toril gainean leihoak irekitzea pentsatzen du Zufiriak. Gauzak zuzendu nahian, Erramun Izeta alkatea kontuak eskatzera joaten zaio Zufiriari. Zufiria, lasai demonio, bizian plater bat ere apurtu ez balu bezala mintzatzen zaio alkateari: badakiela, legez ez daukala toril gainera leihorik ateratzerik baina eskuzabala izatea eskatzen diola udalari. Gaia plenora eramaten du alkateak eta –izango zuen adiskideren bat Zufiriak udalbatzan– ontzat ematen du udalak lau solairu altxatzea, baita toril gainera leihoa ateratzea ere.

Nolanahi ere, hainbat baldintza jarri zizkion, batzuk nahiko bitxiak: batetik, Zufiriak, toril gainera ateratzen duen leiho bakoitzeko, bost pezetako errenta ordaindu beharko zion urtero Zestoako Udalari; bestetik, Zufiriak konpromisoa hartzen du, toril gainera leihoak dituzten etxeetakoek ez dezaten inolako gauza edo zakarrik bota torileko teilatura, eta zerbait botako balute beren kontura izango zatekeen hura garbitzea. Ez dakigu noiz utzi zuen udalak bertan behera lehen aipatu errenta kobratzea. Oraindik, akaso, Matilde eta Txispi behartuta ote daude udal langileoi urtean kafesne bat debalde ematera? Ikertuko dugu kontua…

Bromak alde batera utzita, hasieran esan dugun bezala, 1920ko hamarkadan berregindako etxe mordoxka bat dugu zutik oraindik kaskoan: Erdikaleko gehienak, Koiotenekoa, Laranjadiko goiko izkina, Kaleokerrean erortzear dauden zenbait etxe… Egia esan, ez dira etxe monumentalak edota artistikoak, baina garai haietako gizartea eta ekonomiaren (turismoa) ispilu dira eta, zailtasunak zailtasun, kontu egitea eta babestea komeniko litzateke. Ondarea, monumentu gauzak ez ezik, garai bateko bizimodua irudikatzen duten jende soilaren etxe horiek ere badira, soiltasunaren edertasuna dutenak.

Argazkia: Foru plazako etxea 1925ean eta duela gutxi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide