Luxua eta txoro usaina ugari

Bero handia egun hauetan. Hondartzak gainezka. Nik, berriz, lehengo eskolakoa izaki –hau da, eguzkiak duen onena itzala dela, esaten duen horietakoa– nahiago, aukeran, pago eder baten babesa; edo, urrutira joaten ibili gabe, beste edozein zuhaitz hostotsuren abaroa. Pasa den asteburuan bertan, etxeko intxaurrondoen “hermosurari” begira egon nintzen, eta ia ordura arte ez nintzen jabetu zein usain ederra –bene-benetan lurrinik ederrenak baino ederragoa– duten intxaur hostoek: gazteleraz esango genukeen bezala, “un perfume embriagador” (euskarazko baliokideak, barkatu, baina ez dute niretzat mailarik ematen). Bada horixe, intxaur hostoaren lurrina. Gero, amak esan zidan gari kutxatan-eta erabili ohi zirela horrelako hostoak, zomorroak uxatzeko. Tira, gauza askotan ezjakin hutsak garela eta kito.

Gure garaian, bero egiten zuenean, baserrietan-eta, hondartza baino gehiago usatzen zen putzu eta errekatako ur freskoan plisti-plasta ibiltzea. Arlasta aldeko erreka, Akoa gaineko Zubeltzu aldetik Atristain inguruan bukatzen zena, oso aproposa izaten zen horretarako. Urola ibaira iritsi baino pixka bat lehenago, bainuetxeak ur depositua zeukan lekuan, bada oraindik ere Ursalto deitzen zaion lekua eta hura bai zela zoragarria gure moduko mutil koskor batzuentzat. Ertxiñako minek ere ur ugari zuten, eta hango deposituak ere aproposak ziren bero handia zenerako. Eta, tira, hurbileko putzuren bat behar bazen, ez zen izango baserririk arropak garbitzeko albergaren bat ez zuenik. Haiek ziren gure garaiko piszinak. En fin, horrela izaten zen gure mutil koskor garaiko ur festa.

Gero, berriz, jakina, gure ume garaitan frigorifikoak edo hozkailuak ez ziren nonahi, ez horixe! Gure etxean, egunero, bazkal aurretik, Musuta (ez dakit “s” edo “z” behar duen) izeneko iturri batera joaten ginen, etxetik kilometro erdi batera-edo, han ur finagoa eta, batez ere, freskoagoa ateratzen zelako. Hartu ura marmita batean edo bitan, eta azkar joan behar izaten zen etxera, zeren eta bidean entretenitu eta ura epel-epela iristen bazen etxera, komeriak (eta errietak) izaten ziren. Etxe barruan, berriz, beti izaten zen koarto bereziren bat, besteak baino isolatuagoa, gauzak fresko-fresko edukitzeko. Esnea eta horrela, azkar galtzen diren gauzak, han gordetzen ziren.

Edateko ere, ez zen oraingo coca-cola, freskagarri eta txoro usainik; gure aitonak esaten zuen moduan, “lujua eta txoro usaia ziok hemen, ugari!”. Gerotxoan ere, akordatzen naiz, gure edaria, zerbait berezia nahi bazen, uraz aparte, sagardoa edo ur-ardoa izaten zela. Ur-ardoari batzuetan azukre tanta bat botatzen genion eta, gero hozkailua erosi zenean, ur-ardo hari jela puska batzuk bota eta, zerua!, ez zegoen halako gozamenik!

Horiek ziren gure garaian beroari aurre egiteko teknikak. Askotan esan izan dut gure adinekoa izango dela aldaketa gehien bizi izan dituen belaunaldia: baserrietako beti-betiko bizimodua bizitzetik, internetek eskaintzen dizkigun azken-azkeneko adelantuetaraino.

Etxean edo baserrietan ez ezik, lehen halaxe ziren kontuak mundu guztian. Bainuetxean, esate baterako, XX. mende hasieran jarri zituzten hozkailuak eta izozki-makinak (Suitzako talde batek ipiniak) baina ordura arte, hango ministro, agintari eta handikiak mendiko elurzuloetatik ekarritako jelarekin konformatu behar izaten zuten. Hain zuzen ere, Zestoako, Ormaiztegiko eta Alzolako bainuetxeak izan ziren elurzulo horien azken bezeroak. Izarraizko elurzulo ugarietatik, aipatutako bainuetxeez gain, Zumaia, Mutriku eta Ondarroako portuetara eramaten zen elurra.

Luze joko liguke hemen elurzuloen nondik norakoa ondo azaltzen, eta luzamenduetan ibiltzearen fama lehenaz gain zabaldu baino lehen, honetan amaitu beharko dugu.

Lasai, laster omen dator-eta gurean berezkoa den tenperatuta. Gurea, hala ere erraz pasatuko da. Erruki, gaur arratsaldean bezala, bainuetxe inguruko errepidean galipota botatzen ari direnak!

 

Argazkia: 1928 urtea. Udatiar elegante bat ura edaten bainuetxean. Ai, ardo pixka bat baleuka!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide