Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua martxan

Elikagai bankua martxan jartzera doan taldearen idatzia:

Zestoan ere oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua jarriko dugu martxan

Koronabirusaren ondorioz larriagotu den krisi testuinguruak, gogor kolpatu ditu langileriaren kapa proletarizatuenak. Horien beharrei erantzuteko asmoz, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako lagunek Oinarrizko produktu eta elikagaien bankua jarri zuten martxan apirilean Azpeitian, Antolakuntzari Salbuespenik Ez! dinamikaren barruan. Hilabete eta erdian etengabe garatzen joan da proiektua: asko izan dira bilketa puntuetan beren ekarpena egin duten herritarrak, baita ekarpen ekonomikoa egin dutenak ere.

Horiez gain, ugari izan dira boluntario lanetan parte hartuz beren alea jarri duten pertsonak. Azpeitian martxan jarritako proiektuak, ordea, herriko mugak gainditu ditu jada. Izan ere, geroz eta gehiago dira laguntza eskatu duten pertsonak, eta horietako batzuk Zestoako nahiz Azkoitiko bizilagunak dira. Hori dela eta, proiektuak jasotako erantzuna ez da behar bestekoa biltegiaren erabiltzaileen eskaera guztiei erantzuteko. Krisi honek areagotu duen errealitate gordinaz jabetuta, Zestoako zenbait militante sozialistak Oinarrizko elikagaien eta produktuen bankura batzea erabaki dugu. Modu horretan, proiektuaren mugak zabalduta, Azpeitian ez ezik, Zestoan nahiz Azkoitian ere Oinarrizko elikagai eta produktuen bankua jarriko dugu martxan Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak eta Zestoa zein Azkoitiko zenbait militante sozialistak. Hiru herrietako kideok elkarlanean kudeatuko dugu bankua.

Proiektuaren testuinguraketa

Azpeitian martxan jarri zen proiektuaren gakoa bertako lanaren ulerkeran dago, Oinarrizko produktu eta elikagaien bankuaren funtsa politikoa baita, eta ez karitatean oinarritutakoa. Karitatea goitik behera egiten den ekintza da, jasotzen duenaren posizioa gainditu ordez, hori ontzat eman eta betikotzen duena. Hau da, karitateak ez du arazoaren sustraian dagoen botere erlazioa hautsiko ezta horrearrazoietara joko ere. Esan beharrik ez dago pobreziaren existentzia jendearen miseriaren gainean eraikitzen dela.

Proiektu hau aurkakoa lortzeko saiakera da; hau da, behekoek behekoei ematen dieten laguntza kontzientea antolatzeko saiakera. Langile elkartasuna langileriaren defentsa politikoa antolatzeko beharrezkoa zaigun printzipioetako bat da. Hainbat sektoretako langileon gaitasunak (materialak, ekonomikoak eta humanoak) eskuratu, eta biderkatu ahal izateko ezinbesteko printzipioa da langile ekartasuna, langile arteko batasuna elikatzea helburua duena eta gure interesei erantzuteko modu independentean gorpuzten dena, sistemaren erakundeen aterkitik ezberdinduz. Beraz, langile ekartasuna bizitzako alor guztietara zabaltzeko proiektu politikoa elikatzeko beharrekoa den pausoa da, klaseetan banatutako gizartean langileon arazo guztien muina bera ebaztea helburu duena, klase sozialen existentzia eta, beraz, dominazioaren eta pobreziaren existentzia bera gaindituz.

Proiektuak garatzen jarraituko duela aurreikusten dugu, eta, horrenbestez, baita proiektuaren beharrak ere. Beraz, ezinbestekoa izango da gure herriko sektore kolpatuenen beharrei erantzuteko ekarpenekin jarraitzea eta horiek hedatzea, boluntario gisa askotariko lanetan parte hartuz, produktu eta elikagaien ekarpen materiala eginez edo ekonomikoki proiektua lagunduz.

Zer egin beharrizan egoeran aurkitzen banaiz?

Bankuak eskaintzen dituen zerbitzuak jasotzeko beharrean bazaude, Zestoako harremanetarako telefono zenbakira (603 27 99 20) deitu edota e-posta helbidera (‘lehengaibankuazestoa@gmail.com’) idatz dezakezu. Kontaktu honetatik erantzungo dira zalantzak proiektuaren inguruko zalantzak ere.

Nola egin dezakezu ekarpena oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuan?

Ekarpena egin ahal izateko hiru aukera eskaintzen ditugu, elkarren artean baztertzen ez direnak.

1.-Boluntario sarean parte hartuz

Bankuaren funtzionamenduko lan ezberdinetan boluntario izan nahi baduzu, jarri harremanetan oinarrizko
produktuen eta elikagaien bankuarekin. Zestoako harremanetarako telefono zenbakia 603 27 99 20 da, eta
e-posta helbidea ‘lehengaibankuazestoa@gmail.com’.

2.-Produktuen dohaintza eginez

Alde batetik, produktuak biltzeko postua jarriko dugu Zestoako autoeskolaren ondoan, asteartero eta larunbatero, 11:00etatik 13:30era bitartean.

Bestetik, Unide, Miantxa eta Elortza supermerkatuetan kaxak utziko ditugu, nahi duten herritarrek bertan utzi ditzaten produktuak.

3.-Ekarpen ekonomikoa eginez

Beren ekarpena diruz egin nahi duten herritarrek hiru modutara izango dute proiektuari sustengu
ekonomikoa emateko aukera.

Alde batetik, telefono mugikorretatik egin ahalko dira diru ekarpenak, Bizum aplikazioaren bitartez.
Bizum bidez lagundu nahi duten herritarrek, telefono zenbaki honetara sartu beharko dute erabakitako zenbatekoa: 688 76 90 47

Bestetik, kontu korronte bidezko transferentziak egiteko aukera izango da. Honako hau zenbakia: IBAN. ES65 3035 0020 5702 0008 5892. Titularra ‘Abarasken’ da, eta entitatea ‘Laboral Kutxa’.  Kontzeptua, aldiz, ‘Biltegia dohaintza’ da.

Hirugarren aukera Internet bidezko dohaintza da, Pay Pal bitartez edo kreditu txartelaren bitartez egin daitekeena. Modu horretara egin nahi dutenek honako lotura honetara sartuta egin dezakete beren ekarpena: https://www.paypal.com/cgi-bin/webscr?cmd=_s-xc…

Kalean ikusiko dugu elkar!
Langileok batu eta elkartasuna antolatu!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide