Albisteak

[ERREPORTAJEA] Mendebaldeko Sahara: gerra hasi da!

Milaka eta milaka sahararretatik hogeiren bat familia Zestoan bizi dira. Aspaldidanik dugu saharar herriarekin zestoarrok ere harremana. Marokok su-etena hautsi eta gerra usaina geureganaino iritsi den honetan, saharar komunitatearen ahotsa entzun eta zabaldu nahi izan dugu

Mendebaldeko Saharako gatazka politikoa duela berrogeita bost urte hasi zen. 45 urte daramatzate Tindoufen (Argelia) kokatuta dauden errefuxiatuen kanpalekuetan 160.000 sahararrek. Zenbatu ezin diren beste milaka errefuxiatu saharar daude munduan barrena eta beste milaka bizi dira euren sorterrian, Mendebaldeko Saharan, Marokok okupatuta duen zonaldean, hain zuzen.

Ez dugu ahaztu behar, Mendebaldeko Sahara herrialde aberatsa dela, baliabide natural garrantzitsuak dituena (fosfato meatzeak, arrantza…) eta, besteak beste, horrek erakarri zituela espainiarrak.

Historian zehar izandako gatazka guztien ondorioz, Mendebaldeko Sahara Marokoko indar militarrek okupatuta dago gaur egun eta bertan bizi diren sahararren bizi baldintzak tamalgarriak dira. Marokoar kolonoak bizi dira sahararren artean eta sahararrek euren sorterrian bizi duten jazarpena itzela da. Fronte Polisarioak zonalde bat liberatzea lortu zuen baina zonalde horretan ezin da bizi Marokok guztia bonbaz josi baitzuen.

Marokoarrek 2.700 kilometroko luzera duen harresi bat eraiki zuten Mendebaldeko Sahara zatitzen duena: alde batean liberatutako zonaldea dago eta bestean Marokok okupatutakoa. Bertan hainbat pasabide daude eta horietako bat Guergueratekoa da. Hitzartua dute Marokok ezin duela liberatutako zonaldea zapaldu Mauritaniara pasatzeko; Marokok hitzarmena hautsiz pasabidea erabiltzen denbora darama eta errepide bat eraikitzen hasia da bertan.

Egoera ikusirik, saharar zibilak euren zonaldea babestera joanak ziren, modu baketsuan, Guerguerateko pasabidera. Azaroaren 13an hautsi zen su-etena Marokok, sahararrak eraso zituenean.

Gaur egun harresi guztian zehar daude istiluak Maroko eta Fronte Polisarioko kideen artean, baina Marokok oraindik ez du gerra egoera aldarrikatu.

Sahararrak nekatuta daude, 45 urteko gatazkari ez baitiote konponbiderik ikusten. Gatazka politikoa da eta gaian erantzukizuna duten estatuek 45 urtez gaiaz paso egin dutela salatzen dute. Sahararrek garbi dute, gerran daude, eta eurena dena defendatuko dute.

Historia apur bat:

1916-1934: Mendebaldeko Sahara Espainiak kolonizatu zuen.

1958: Espainiako Gobernuak Sahara Español izeneko herrialdea sortu zuen.

1973: Sahararren artean independentziaren grina gero eta nabarmenagoa egiten joan zen eta beren nazioaren independentziaren alde arituko zen erakunde politiko-militarra eratu zuten: Fronte Polisarioa.

1975: Deskolonizazio prozesu betean, Maroko eta Mauritania onartu zituen Espainiak hango administrazio kide gisa.

1976: Espainiak kolonia utzi zuen, deskolonizazio prozesua bukatu gabe, eta bitan zatitu zuten lurraldea Marokok eta Mauritaniak.

1976: Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak eta Nazio Batuen Erakundea osatzen zuten 70 herrialdek onartu zuten errepublika berria. Momentu horretan Mauritania eta Maroko eta sahararren arteko gerra piztu zen.

1979: Mauritaniak bake hitzarmena sinatu zuen Fronte Polisarioarekin, baina Marokorekin ez zen gerra eten.

1988: Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharan erreferendum bat egitea erabaki zuen.

1989: Erreferenduma egiteko negoziazioak eten ziren eta sahararrek ia urtebete iraun zuen su etena hautsi zuten.

1992: Nazio Batuen Erakundea Mendebaldeko Saharara bertaratu zen erreferenduma prestatzeko eta su-etena adostu zuten bi aldeen artean. Bake prozesua hitzartu zuten Fronte Polisarioa eta Marokoren artean.

2020: oraindik ez da erreferendumik egin. Urte hauetan guztietan gatazkak etengabeak izan dira. Su-etena hautsi du Marokok eta gerra hasi da berriro.

Zestoako sahararren ahotik

Ataharbha, Muhmed 35 urte

2010ean etorri nintzen Euskal Herrira, bakarrik. Alaba bakarra naiz eta nire aita Mauritanian dago eta ama Argeliako basamortuan. Hona etorri ginen hango jendeari lagundu ahal izateko. Inork ez du familia osoa leku batean, alde guztietan sakabanatuta gaude. Txikia nintzela udak pasatzera etortzen nintzen eta familia asko ditut penintsulan: Zaragozan, Leonen…

Ez daukagu ezer, basamortuan bizitzea oso gogorra da, udan bero izugarria egiten du eta neguko hotza jasanezina da. Jende asko hiltzen da ospitalerik ez dagoelako. Bizitza guztia daramagu zain eta zain, noiz arte? Nekatuta gaude. Nik ere Saharara joan nahi dut ahal dudan heinean laguntzera. Haurrak aitona-amonekin utzi eta banoa, hemen inpotentzia sentitzen dut. Nire gizonak ere joan nahi du, ezin dugu hemen gelditu. Sahara libre edo hilda, ez zait besterik sartzen buruan. Gure seme-alabak beren herrian hezteko eskubidea daukagu. Hemen gorputza bakarrik daukagu, burua eta bihotza Saharan ditugu.”

Bady Brahim 47 urte

2001ean etorri nintzen Euskal Herrira. Gasteizen bizi izan nintzen aurrena eta gero etorri nintzen Zestoara. Mendebaldeko Saharan jaio nintzen, espainiarren esku zegoenean. Bakarrik etorri nintzen, nire anaiak eta aita kanpalekuan gelditu ziren. Familiaren zati bat alde okupatuetan eta bestea kanpalekuetan.

Saharar herriak urte asko daramatza sufritzen. Ahaztuta egon gara. Non dago autodeterminazio eskubidea? Non dago hainbeste urtean eskatu dugun erreferenduma? Hiltzen ari gara eta non daude gure eskubideak?

Gure eginbeharra orain hara joatea da. Gure familiak han daude eta gu ezin gara hemen gelditu. Gure emazteei esaten diegu beraiek eta seme alabak hemen gelditzeko baina emakumeek ere joan egin nahi dute. Argeliak itsasontzi bat edo zerbait jarri zain gaude. Lanean ari zirenek lantokietan abisua emana dute. Saharan soldaduska ez da derrigorrezkoa eta soldaduskara joan ez direnak gerrara joateko prestatzen ari dira orain.”

Fatimetu Salecaini 32 urte

12 urtetik 18ra bitartean Cadizen bizi izan nintzen hango familia batean. Bihotzeko operazioa egin zidaten han. Saharar askok beste familia batzuk ditugu hemen, uda pasatzera etorrita ezagututakoak. Urte batzuk beranduago ezkontza batera etorri nintzen Azpeitira eta Sahararen aldeko elkarte bizi bat ezagutu nuen hemen. Euskaldunak Saharako errealitatearekin oso kontzientziatuta zaudete eta bizitzen ari garena ulertzen duzue. Hori ikusita, hemen gelditzea erabaki nuen.

Saharako egoera oso zaila da eta jada ez zaigu axola bizia ere galtzea. Bihar bertan hegazkin edo itsasontzi bat jartzen badigute, hara goaz. Nire aita eta osabak militarrak dira eta gerrara joan dira. Neuk ere joan nahi dut eta lagundu. Emakumeak frontera joaten direnentzat janaria prestatzen ari dira: couscous-a, gamelu haragi lehorra… Emakume sahararrak dira urte hauetan guztietan kanpalekuak altxa dituztenak, emakumeengatik ez balitz ez ginateke orain horrela egongo, gizonei errespetu guztiarekin. Laguntza politikoa behar dugu orain. 45 urte daramatzagu kanpaleku batzuetan bizitzen, laguntza humanitariotik jaten, aberastasun izugarria duen leku batekoak izanda.”

Handik ekarritako ahotsa

Dady Brahim 30 urte

Zazpi urtez bizi izan nintzen Zestoan. Orain Rabunin nago, gerrara joateko zain. Kanpalekuak ia hutsak daude, jende asko joan da gerrara. Bitartean lagun batzuen garajeak zaintzen ari naiz, kamioiak dituzte hemen eta. Nire lagun eta anaiak joan dira jada eta ni hilaren 30ean joango naiz. Ez zaigu besterik gelditzen, gure herria askatu behar dugu, hil ala bizi. Urte asko eman ditugu zain eta egoera jasanezina da. Kanpalekuak ia hutsak daude, jende asko joan da gerrara.”

Teslem Massaud ‘Baba’ 28 urte

2000 urtean etorri zen lehen aldiz Zestoara eta bigarren urtean Paloma Aranbarriren etxean urtebeteko egonaldia egin zuen. Beste bi uda Katalunian egina da. Seme alabekin bizi da kanpalekuetan. Anaia eta senarra Kauri frontera joanak ditu. “Marokoko erregeak ez du su-etena hautsi duenik onartu. Ez dugu beste aukerarik izan. Gure presidenteak esaten du ez dela handik inor itzuliko geurea den lurra berreskuratu arte. Kanpalekuetan gelditzen ziren azken militarrak joan dira gerrara, 20 urtetik 60 urtera bitarteko guztiak. Kanpalekuan lasai gaude, ondo zainduta, hau Argeliako lurra da eta ez dute ukituko. Ahalik eta bizitza normalena egiten saiatzen gara”.

Wadna Sahararekin bat

1990 urte ingurutik Zestoa adiskidetuta dago Tishla izeneko herriarekin. Horren harira, hogei urte beteko dira datorren urtean saharar herriarekin elkartasunez zestoar talde batek Wadna elkartea sortu zuenetik. Asko dira kanpalekuetan egondako herritarrak. Bixitan edota bakoitzak ahal zuen neurrian esku bat botaz. Tishlan, esaterako, urtero aldatzen dituzte 80-100 ur depositu Wadna eta Oiartzungo El Watan elkartearen artean. Tebal elkarteak ere herritar askok parte hartu duten nekazaritza eskola eta baratzeen proiektuak jarri zituen martxan.

Ohikoak bihurtu zaizkie Wadnako kideei urtean zeharreko janari eta bestelako bilketak, urtean behineko “Sahara eguna” edota kanpalekuetatik ihesaldi txiki bat eginez, gurean erantzun ona izan ohi zuen “Oporrak Bakean” kanpainak, Saharako haurrak etxean hartuko dituzten familiak aurkitzeko lanak. Bake usainik ez da, ordea, egunotan Saharako kanpamentu eta lurzati okupatuan eta Wadna taldeko kideak egoera berrira egokitzen eta antolatzen ari dira.

Udalean Sahararen aldeko mozioa aurkeztu dute eta azken egun hauetan antolatu diren elkarretaratzeetan parte hartzen ari dira. Zestoakoaz gain, Zumaiakoarekin ere bat egin zuten.

Herritarrentzat deia

Egoera berezi honetan, herritarrei dei egiten diete elkarlanerako laguntza eske, “inoiz baino gehiago behar dugu laguntza”. Norbanako edo bestelako elkarteen laguntza eskertuko lukete eta herritarrak sahararrei babesa ematera gonbidatu nahi dituzte; elkarretaratzeetan parte hartuz edota etxeko balkoi eta leihoetan Saharako bandera jarriz. Bestalde, beharrezkotzat jota, Zestoan bizi den marokoar komunitateko kideekin ere harremanetan daude, sahararrei babesa eman arren, hauen aurka ez dutela ezer garbi uzteko.

Naiara Exposito eta Itsaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide