Abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina!
— 2023-10-20Zer da Errigora
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Erromatarrek Ager vasconum deitu zuten lurraldea —Nafarroa hegoalde eta erdialdea— du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Gure txikitasunetik herrilan handi bat gauzatu nahi dugu, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.
Zer da Euskarari Puzka
Udazkenetako kanpaina da Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten ditugu, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25). Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio.
10 urte bete-bete saskia
10. urteurrena dela eta, hastapenetakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dute aurten. Originala, biribila eta biderkatzailea. Bertan 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional elkarrekin aurkituko dituzu: 5 produktu amankomunak –zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta ardoa– eta beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuekin osatuta.
Eskaerak egiteko, jo errigora.eus webgunera azaroaren 9a baino lehen.
Egin zaitez bazkide