Albisteak

Adinekoei deiak egiten ari dira 3Z eta Bargaztak taldeetako boluntarioak Udalarekin elkarlanean

Bargaztak eta 3Z taldeko kideak herriko adinekoei deiak egiten dabiltza Zestoako Udalaren izenean. Deien helburuak, adinekoek konfinamendu egoera nola bizi duten jakitea eta izan ditzaketen beharrei erantzuteko neurriak hartzea dira. Boluntarioen sarea sortzeko telefono zenbakia zabaldu zenean sortu zen ekimen hau. Hasiera batean bakarrik bizi ziren 75 urtetik gorako herritarrei deitzea pentsatu zuten, kontuan hartuta zein egoeratan egon daitezken eta honek ekar ditzaken beldurrak, zerbaiten beharrik ba al zuten jakin nahi zen

75 urtetik gora dituzten 401 herritar daude Zestoan eta erroldaren arabera 84 dira bakarrik bizi direnak. Boluntario taldean lan banaketa egin zuten eta gizarte zerbitzuak esku hartzen dituen familiak eta eguneko zentroan daudenak kenduta zerrenda bat egin eta denen artean banatu zituzten. Guztira, 65 bat pertsona inguru ziren eta hamar boluntario hasi ziren deiak egiten udalarekin elkarlanean. Auzoetan ere ari dira deiak egiten eta batez ere auzotarrak ari dira lan hau egiten. Bakoitzak 5-6 pertsonei deitzen diete. Bakarrik bizi direnei deitzen hasi ziren aurrena eta denei deitu zietenean bakarrik bizi ez direnei ere deitzea erabaki zuten eta horretan dabiltza orain. Taldetxo horretako boluntarioak dira Aizpea Aristi Bargaztakeko kidea eta Rita Zabala 3Z taldeko partaidea eta euren bizipenak kontatu dizkigute:

Aizpea Aristi

“Orokorrean ikusi dugu nahiko beldurtuta daudela; batzuk adibidez albistegiak ikusi ere ez dituzte nahi, beldurra sartzen zaielako, agertzen diren datuekin… eta egoerarekin kezkatuta daude. Nire zerrendako batek ez dit telefonorik hartu baina beste guztiek bai. Zorionez, esan behar da, denek dutela familiako edo gertuko norbait erosketa eta bestelakoak emango dizkiena. Nire zerrendako adinekoak gainera autonomoak ziren etxeko lanak, jatorduak, etxeko garbiketa eta garbiketa pertsonala egiteko.

Esperientzia oso ona izan da, aberatsa. Gustura hartzen dute deitzea, batzuek interes gehiago dute, beste batzuk ondo daudela esaten dizute eta kito. Baina ikustea jendeak nola eskertzen duen eta baloratzen duen oso aberatsa da. Herriko jendea da, batzuk niretzat ezagunak, beste batzuk zu ezagutzen zaituzte… eta hor harreman polita sortzen da.

Behin aurreneko deia eginda, aurrerago berriro ere deitzerik nahi al duten galdetzen zaie. Nire kasuan adineko batek minbizia du eta bere egoerarekin oso kezkatuta dago. Honek adibidez, baietz esan zidan, noizean behin deitzeko eta horretan gabiltza. Elkarri kontatzen dizkiogu eguneko kontuak, nik nire gauzak kontatzen dizkiot, laneko kontuak eta egin ditudan gauzak eta berak ere egin duena kontatzen dit eta bere familiako kontuak…”

Rita Zabala

“Nire kasuan gehienak emakumean izan dira, gizonezko bakarrari deitu diot. Gizonak, adibidez, erantzun laburrak eman dizkit, eta emakumeek, berriz, beren gauzak kontatu dizkidate. Deiak egiten ibili diren beste boluntario batzuekin hitz egin dut eta orokorrean, gizonezkoak urduriago eta kezkatuago daudela esan didate.  Emakumeak indartsuago eta positiboago agertu dira. Nahiz eta egoera bitxietan egon, emakumeek hobeto erantzun dutela uste dut. Batzuk berriro ere deitzeko eskatzen dute. Nire kasuan bi pertsonek eskatu didate hiru egunetik behin edo deitzeko. Batek 94 urte ditu eta dena beran egiten du.

Orain arteko esperientzia oso positiboa izan da denontzat. Niretzako oso aberasgarria izan da, bizitzak beti bide ezberdinetara eramaten zaitu, egoera ezberinetara eta honek, modu berri batera kontaktatzeko aukera eman digu. Niretzat garrantzitsua da herri txikia izatea, honek erraztasuna ematen duela konektatzeko. Poza ematen du Zestoak duen antolatzeko moduak eta Udalak ere lagundu du horretan. Honen inguruko balorazio zabalagoa egingo dugu aurrerago baina herri txiki batean bizitzeak elkarri laguntzeko aukera hori eman digu.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide