Aingerurik ez gure baserrietan

Gaur, egun seinalatua izaki, baserriari buruz hitz egitea tokatzen zait. Funtzionario bat baserriaz hitz egiten.

Adituek esaten dute baserriak ondo jakin izan zuela, historian zehar, garai bakoitzeko ekonomia moldeetara egokitzen: XVI. mendean soroetan artoa eta baba egiten hasi zirenean, Ameriketatik ekarrita, egundoko arrakasta izan zuen aldaketa hark eta gizaldi oparo askoak bizi izan zituen. Gero, berriz, XVII. mende bukaeran, karea erabiltzen hasi zirenean, soro-zelaiak ikaragarri aberastu ziren. XIX. mendean, baserria krisialdi sakon batean sartu zen eta, besteak beste, ganadu arraza berriak ekarrita (garai bateko behi ‘suizak’ eta abar) lortu zen, toki oneko baserrietan behintzat, iraupena ziurtatzea. XX. mendean, industrializazioak eman zion hemen benetako zartakoa gure baserriari, eta toki txarretan eta aldapatan zeudenak baso bihurtu zituzten eta hango baserritarrak kalera etortzen hasi ziren. Duela gutxi arte, luxu handirik gabe baina tamainan bizi izan dira gure baserritarrak baina orain dira kontuak, orain!

Gure gurasoen bizimodua hura zen, baserria. Besterik ez dute ezagutu beren bizitzan. Hala jardun zuten beren gurasoak, baita ere beren aitonak birraitonak eta guztiak ere; ahaztu gabe, jakina, amak, amonak, birramonak… askotan gizonezkoek baino lan gehiago egiten zutenak. Ez zuten ganadu asko edukiko baina lursail guztiak bai txukun! Errentan geneukan guk baserria. 80ko hamarkadan erosi zuten (guk bi euro aurreztu ezin eta haiek baserria erostea lortu, alajaina; larre motzean hasitakoak izan, ez gu bezala, ezeren faltarik gabe). Baserriaz aparte, mendi sail koskor batzuk baditugu, haiek orain dela berrehun urte inguru erosiak, terreno kaskarrak. Baserria oso lur onekoa da, eta garai batean dena soroak ziren: garia, artoa eta baba, arbia… Eta sagastiak. Mendietan, berriz, garoa eta ote-belarra eta hariztiak eta gaztainondoak. Baserri ederra, 20 hektareatik gora, dena txukun-txukun edukitzen zuten gure aurrekoek. Esaten da ”autosufizientea” zela orduko baserria, alegia, bere burua aski zuela bizirauteko. Eta hala izango zen: jateko artoa eta baba, baratzeko gauzak, sagardoa, okela… On-aurkiak, hala ere, besterentzako gorde behar: azokara eraman eta diru pixka bat ateratzeko, errenta ordaintzeko… Norberarentzako janariaz aparte, ganaduarentzat belarra, arbia, azpietarako nahiko garo eta orbela (mendi-sailetako garo eta orbel guztia bildu egiten zen). Huraxe zen orduko bizimodua, lana, lana eta lana. Igandeetan bakarrik bizipoz pixka bat (taberna, erromeria…).

Bizimodu hura, bizi ez dakit zenbateraino, baina ezagututakoak gara gure belaunaldia ere. Ni jaio baino gutxi lehenago, kontatzen du gure aitak, barrutiko zelaira joaten zela bere aitonarekin ote-belarra ebakitzera; hanka-hutsik egiten omen zuten segan. Kontatzen du gari lanak nola egiten ziren ere. Karobia egiten ere ikusitakoa omen da umetan. Ezkondu behar zuen egunean, ez dakit zenbat karga-belar etxera emanda joan omen zen amari baiezkoa ematera. Gizaldietan eta gizaldietan aitarengandik semeengana pasatzen joan zen bizimodu haren azkenak direla uste dut gure gurasoen belaunaldikoak.

60ko hamarkadan, ordurako Zestoako baserri kaskarrak husturik zeuden garai haietan, bideak zeharo berritu ziren, makinaria sartzen hasi zen baserrietara… Aurrera egiteko afan handia zegoen baserri onetan. Ganadua –esne-behiak batez ere– ugaldu egin zen, aldapa eta lursail kaskarrak pinudi bihurtu ziren; baserriak, gordetzen jakinez gero, diru pixka bat ematen zuen… Zestoa bezalako herri txiki baten mendi puntatik begiratuta, eman behar artean ere urte askotarako bizitza zeukala baserriak. Baina goragotik begiratzerik izanez gero, eta Euskal Herria edo Europa begiratu, jada, bagenekien zer zetorren: orain ikusten ari garena; gurasoak gauza ez, eta ondorengook nahi ez. Gu izango ote gara azkenak? Denborak esango du. San Isidrori aingeruek laguntzen omen zioten. Hemen ez da inoren aztarnarik. Eta gure gurasoen mundu hura erortzen ikusten dut. Eta pena ematen dit. Eta ardura. Ardura handia.

Argazkia: Zestoako toki ezezagun batean, 1920ko abuztuan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide