Aitor Salegi eta galtzaileei kantua

Irudipena daukat dagoeneko jendeak ahaztu ote duen Aitor Salegiren ipuin edo kontakizun laburra, Gazte Hitzak saria irabazi zuen hura. Leonardo Sciascia idazle siziliarrak liburuei buruz orain dela 40 urte esaten zuena neurera ekarriz “ma nelle nostre librerie è ornai impossibile trovare un libro che no sia di giornata, come le uova”, alegia, gure liburu-dendatan gaur egun ezinezkoa da aurkitzea egunekoa ez den libururik, arrautzak bezala.

Euskarazko modalitatean, 19-25 urte bitartekoen artean, sari nagusia eskuratu zuen duela gutxi Aitor Salegik, “Iragana etorkizun” lanagatik. Ikaragarrizko poza eman zidan gure herri txiki honen (Zestoaz ari naiz) Literaturaren zuhaitzean, Pio Barojarekin, Saezmiera Maixuarekin, Uztapiderekin, Mikel Ibargurenekin eta abarrekin batera, beste kimu berde eder bat sortu izanak. Ez gara kontziente zenbat edertzen duten herria eta mundua horrelako kimuek. Zorionak, bene-benetan, Aitor!

Uda aproposa izaten omen da irakurketarako eta “aztarka” honetatik Salegiren kontakizuna irakurtzera gonbidatu nahi zaituztet. Istorio bat kontatzen hastea, esaten du Amos Oz idazleak, zera bezalakoa da: jatetxe batean pertsona erabat ezezagun baten maitasuna lortzea bezalakoa.

Salegik, ni behintzat, hasieratik “konkistatu” nau: “Hogeigarren pausurako eskatzen zuen nire gorputzak atsedena, biziegi abiatu bainaiz betiko moduan. Badirudi bihotzak eztanda egingo didala, gero eta sakonagoa den arnas hotsak hala pentsarazten dit, behinik behin. Ez daukat gelditzerik, ordea, inguruko isiltasunak behartzen nau etenik gabe jarraitzera. Ilun dago, oso ilun, eta haizeak dantzan darabiltza ia nire bururaino makurturik dauden zuhaitz zaharren adarrak”. Aitorrek bi elementu, bi amu, jartzen dizkio gutxienez irakurleari: suspensea (nora doa saltaka protagonista, gau ilun-ilun batean?) eta edertasuna/baretasuna (“haizeak dantzan darabiltza ia nire bururaino makurturik dauden zuhaitz zaharren adarrak”). Eta hirugarren amua aitona Migel izan daiteke, tradizioa eta jakinduriaren eredua: “Adinarekin kizkurtzen da bat” (“kuzkurtu” esango nuke nik).

Saltaka doa protagonista, etengabe saltaka, ahalik eta azkarren. Norbait dihoakio atzetik, berari segika. Geu ere euren atzetik goaz ea kontaketan zer gertatuko, eta amorratzen gaude behingoz “presa”, harrapakina, solta dezan, alegia, kontakizunean zer gertatzen den argitu dezan, baina ez; suspensean murgiltzen gaitu Salegik eta hor ibili beharko dugu eroaren moduan azkenera arte (jakina, hemen konta ezin nezakeena). Bederatzi orrialde ditu bakarrik kontakizunak eta erritmo bizian goaz lasterka. Tarteka, korrikan bezala irakurtzen ere arnasa hartu behar izaten denez, idazleak atsedena ematen digu eta tentsioa jaitsi egiten du: penalti jaurtiketak aipatzen ditu, tiropitxoia, lekuak deskribatzen ditu, Oesteko pelikulak ekartzen ditu gogora…

Lehen zatian, oso onirikoa da giroa, amets girokoa, eta hiria du kokaleku. Aipatu dudan tarteki horietan, benetako mikro-ipuin zoragarriak txertatzen ditu Salegik. Niri, esate baterako, ikaragarri gustatu zait ondorengoa: “Atzean utzi ditut zenbait tabernetako argiak, baita ia astebururo hain gozo hartzen ninduten damen lantegia ere, bihotz formako argi gorri batek ataria argiztatzen diona. Hori diseinatzea erabaki zuenak ironia zorrotza behar zuela bururatu zait, hara doanak ez baitu bihotza beteko dion inoren laztanik nahi, ederkitxo dakit. Are gehiago, horra doanak etxean zain duenari bihotza apurtzen diola zenbait kasutan esango nuke, baita nirean ere, kontatuko banio, edo are okerrago, enteratuko balitz, eta ez daukat bikotekiderik. Beraz, bi zatitan hautsitako bihotzaren irudiak beharko luke, erdi bati itsatsirik zintzilik dagoen beste erdiarekin osaturiko irudia. Dena den, izango dut horretan pentsatzeko astirik, korrikan jarraitzeko ordua da orain, eta horretan darrait.” Jakina, bertsolaria dugu Salegi eta badu talentu miresgarri hori “argazki” edo begirada bat hain labur eta hain ondo irudikatzeko, eta gainera oso hitz gutxitan begirada horri filosofia ateratzeko.

Luzatzen ari naiz eta bukatzera noa. Bada beste gauza bat asko gustatu zaidana: Zein zaila den idazleentzat –eta agian zailagoa idazle gazteentzat– irakurleari azukre koskorra emateko tentazio horri eustea! Eta Salegik eutsi egiten dio, neurri batean. Kolore arrosa eta beltzaren artean marroi edo gorri-ilun eskala bat hartzen du eta, kontakizuna amaitzen denean, halako tristura edo mikatz puntu batekin geratzen zara. Kontakizuna galtzaileetan pentsatuta egina dago; Aitorrek berak dioen moduan, desio dutena aurkitzen ez eta eguzkirik ezean ortzi-mugarik ez dagoela dakitenentzat.

Hasi besterik ez da egin Aitor. Jarraitzea erabakitzen badu, ez dut uste idazle txarra izango denik. Eta hor izango gaitu gu, bere lanak irakurtzeko irrikan.

Beraz, irakurle, “erlaxatu zaitez, kontzentratu. Baztertu burutik gainontzeko ideia guztiak. Utzi desagertzen zure inguruko munduari. Atea, hobe ixten baduzu; bestaldean, beti dago telebista piztuta” (Italo Calvino)

Aitor Salegiren kontakizuna irakurtzeko, egin klik hemen: Iragana etorkizun




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide