Albisteak

Aitzol Astiazaran: “jendea animatu nahiko nuke emakumeen kirola ikusi eta bultzatzera”

Futbolean urte asko daramatza Aitzol Astiazaran zestoarrak. Futboleko jokalaria izateaz gain, prestatzaile fisikoa eta entrenatzailea ere bada. Amaitu berri den denboraldian entrenatzaile moduan 2. mailara igoera lortu du Zarauzko emakumeen futbol taldearekin eta Zestoako taldean ere aritu da, jokalari eta entrenatzailearen laguntzaile moduan. Denboraldian bizitakoez eta aurrea begira dituen asmoez galdetu diogu Astiazarani.

Jokalaria, entrenatzailea, prestatzaile fisikoa… zara.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten dugun guztiok jokalari moduan hasten gara, kirola gustatzen baitzaigu. Eta karreran zehar prestatzaile fisiko edo entrenatzailearen laguntzaile izateko ikasten dugu. Bide horretan futbol entrenatzaile ikasketak egin ditut, eta azkenean hiru perfilak batu ditut.

Azken urtean futboleko jokalari, entrenatzaile eta prestatzaile fisiko lanetan aritzeko aukera izan al duzu?

Bai. Zarauzko futbol taldean entrenatzaile lanetan aritu naiz, eta Zestoako taldean jokalari izateaz gain Jon Ipintza entrenatzailearen laguntzaile ere izan naiz. Dudarik gabe lehentasuna Zarauzko entrenatzaile postuak izan du. Egia esan asteburu nahiko gogorrak izan ditut amaitu berri den sasoi honetan, baina gustura nago.

Zarautzen bi denboraldi egin dituzu entrenatzaile bezala, eta bi denboraldiak onak izan dira…

Zarauzko taldeko entrenatzaile egin nintzenean taldea Euskal Ligan zegoen, baina aurreko denboraldietan bertan jardun zuten 10 jokalari inguruk taldea utzi zuten. Nirekin batera Zestoako eta Azpeitiko hainbat jokalari joan ziren Zarauzko taldera, horietaz gain jokalari berri gehiago ere sartu ziren taldean. Talde gazte bat osatu genuen eta Euskal Ligan gure maila ematen saiatzea zen helburua.

Euskal Ligan 4. postua lortuta maila eman zenuten bai…

Oso denboraldi positiboa izan zen, ligan ondo sailkatuta amaitu berri den denboraldi honi ekiteko pare bat fitxaketa garrantzitsu lortu genituen. Eta aurten taldeak lan bikaina egin du Euskal Ligako lehen postua lortuz.

Bi denboraldi bikain jarraian eginda, formula sekretua duzula dirudi…

Emakumeen futbolean zoritxarrez zenbait gauza ez dira landu oraindik. Nik Zestoan landu izan ditudan gauza berdinak landu ditut Zarautzen, taldeak lana gogor egin du eta horrek bere fruituak eman ditu. Eta esan behar dut ez naizela formula sekretuaren jabe, 19-20 jokalari ikaragarriz osatutako taldea izan dut Zarautzen, entrenatzaile gabe euren kabuz lan eginda ere lehen hiru postuetan sailkatuko lirateke jokalari hauek.

Urte guztia goiko postuetan egonda, giro ona ere izango zenuten aldagelan…

Emakumeen taldeetan giro ona sortzea errazagoa da gizonezkoen taldeetan baino. Gizonezkoen futbolean urte asko egin dut, eta astero 11 ezik beste guztiak kexan izaten ginen taldean, gizonezkoetan guztiek ikusten dute euren burua hasierako hamaikakoan. Nik emakumeekin lan egin dudanean bakoitzak bere rola naturaltasunez onartzen duela ikusi dut, talde giro bikaina izan dugu beti. Aurten ere 19-20 jokalari izan ditut taldean, guztiei minutuak ematen saiatu naiz eta jokalari guztiak forman iritsi dira denboraldi amaierara.

Urte asko eman dituzu gizonezkoen futbolean, emakumeekin denboraldi batzuk egin ostean ikusi al duzu alde nabarmenik?

Jende askoz gutxiago joaten da emakumezkoen futbola ikustera, gizonezkoen futbola ikustera baino. Hainbat klubei ez zaie hainbeste interesatzen emakumeen futbola bultzatzea, partidetara jende gutxi joanda futbol zelaiko tabernak ez du irabazairik ateratzen, sarreratik ez da dirurik lortzen… azkenean “kate” bat sortzen da, eta emakumeen futbol taldeek erraztasun gutxi izan ohi dituzte aurrera egiteko. Jendea animatu nahiko nuke emakumeen kirola ikusi eta bultzatzera, hori gertatu ezean etorkizuna zaila izango baita.

Hurrengo denboraldira begira hartu al duzu erabakirik?

Aurtengo denboraldia maiatzean amaitu dugu eta oraindik denbora asko gelditzen da aurredenboraldia hasteko. Hurrengo denboraldirako eskaintzaren bat iritsi zait. Orain eskaintza guztiak baloratzeko badut nahikoa denbora eta ekainaren hasieran hartuko dut erabakia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide