Paperekoa

AIZARNA BERTSOLARIA

Jon Egiguren aizarnarrari zor diot artikulu hau egiteko laineza eman izana. Izan ere, haren webgune aberatsean, Indalezio Ojangurenek ateratako argazki zahar bat aipatzen du lehendabizi. Bera askotan egon omen da begira argazki horri, ulertu ezina omen zelako beretzat. Baserritarra, “bertsolari Aizarna” izenburua duela, guregipuzkoa.net-en dago jasota: “Nik beti pentsatu izan nuen akatsen bat zegoela argazki honekin, sekula ez bainuen entzun eta datarik jaso bertsolari hau Aizarnakoa zenik sinesteko”. Hara… niri ere gauza bera pasatzen zitzaidan. Orain, ordea, Egigurenek bere webgunearen bidez zirikatuta, ikusi dut delako Aizarna hori ez zela nolanahiko bertsolaria, ez horixe; orduko entzutetsuenekin Euskal Herrian zehar ibilitako gizona zela, alajaina!

Horrela bada, mendizale kaskarra bezala, bestek aurretik bidea garbitu ondoren (alegia, bestek datu mordoxka bat eskueran jarri ondoren) banoa gure Aizarna hori pixka bat argitara ateratzera.

Aireplanoaren kontuak

Aizarna bertsolaria Eibarren kokatzen du jendeak. Eta gaur egun ere, bere ondorengoak bizi diren etxea Aizarna izenarekin ezagutzen omen dela han, esan digu Jon Egigurenek. Eta argitu digu Joan Ignazio Odriozola omen zuela izena. Pasadizo bitxi bat ere kontatzen digu webgunean: Eibarren, 1913ko San Joanetan, Mr. Marius Tercé hegazkinlari frantsesak erakustaldi bat eskaini omen zuela bere Deperdussin planobakarrarekin (hegazkin mota bat). Eta erakustaldia Tutulu baserriko zelaietan egin omen zen. Hortik omen dator Aizarnaren bertso hasiera bat: “Gure zelaian lehenengo aldiz, bajatu da Eibarren arioplanua…”. Argibide horietatik tiraka-tiraka, gure gizona zein zen argitzen hasi gara…

Errezilen jaio, Aizarnan hazi…

Esku artean abizen bakarra edukita, pertsona baten atzetik hastea kontu nekeza izaten da, are gehiago, Odriozola bezalako abizen “arrunt” batekin. Hala ere –esan diogu geure buruari– Odriozola eta Tutulu baserria edukita, asko estutzen diogu hesia gure Aizarnari. 1932ko Hauteskunde Erroldan topatu dugu Eibarren: Joan Odriozola Kerexeta (58 urte, nekazaria). Hortik aurrera, asko erraztu zaigu lana.

Zazpi senideko familia bateko semea zen Joan Ignazio (1874-06-12). Senide denak Errezilen jaio ziren, gazteena izan ezik. Izan ere, Joan Ignazio jaio eta handik pixka batera, familia Aizarnara etorri zen bizitzera, Anatxaranberrira. Han jaio zen Maria Petra Alberta (1878), gazteena, baina handik gutxira Itzirazabalera (gaur egun, Itziraundi) joan ziren denak; hantxe hil zen Petra, hiru urterekin (1881).

Joan Ignaziok 18 urte zituela, aita, Jose Domingo, hil zitzaien (1827-1892). Handik lau hilabetera, Nikolas (1866), Joan Ignazioren anaia, ezkondu egin zen Sebastiana Osinalderekin (Astigarreta, 1879) eta bera geratu zen baserriko buru (Matxinbentan izan zen ezkontza). Ama –Agustina Kerexeta (1832-1911)– eta osaba Nikolas baserrian geratu ziren. Anai-arrebak ere bai.

1893an, soldadutzarako izen-emateko unea iritsi zitzaion gure Aizarnari. Mutil lerdena izango zen: altuera, 1,74 m; hala diote agiriek. Artean Itziran bizi zen.

Ordurako ondo egingo zuen bertsotan, jakina. Non sortu ote zitzaion zaletasuna, nola hasi ote zen bertsotan, nor izan ote zuen “maisu”… Guk erantzun ezineko galderak.

Aizarnatik Bizkaira

Soldaduskatik itzulita, Bizkaia aldera joan zen gure Aizarna beste bi anairekin. 1896-97an, ezkondu egin ziren hirurak: Asentsio Maria Arratzolan, eta Jose Antonio eta gure protagonista, Bilbon. Emaztea, Hermenegilda Unzueta, Aramaiokoa zen. Bilbon izan zuten lehenengo semea, Jose Florentino (1903); Axpen hurrengoa, Maria (1906), eta Arratzolan beste hirurak: Karmen (1908), Felipe (1910) eta Timotea (1912). (Datu horiek Eibarko udal artxibozain Yolanda Ruizek eman dizkigu).

1926an, Eibarrera etorri ziren bizitzera Joan Ignazio eta familia, eta Tutulu baserria erosi zuten; 14 urte lehenago aireplano erakustaldia egin zen baserri hura bera. 1948an, etxe berria eraiki zuten beren lursailen beheko aldean, eta “Aizarna” izena jarri zioten etxeari. Gaztaroko bizilekuak tira egiten, nonbait!

Aizarna, bertsolari

Bertsolari ospetsua izan behar zuen Aizarna. Orduko bertsolari handienekin ibilitakoa, besteak beste, Pello Errotarekin (1840-1919), Txirritarekin (1860-1936), Frantsesarekin… Ez da, ordea, batere erraza datu asko biltzea. Liburu mordoxka bat arakatu arren, apenas ezer asko bildu dugun Aizarnari buruz. Hemerotekek argituko ligukete, agian, bere ibilera, baina hurrengo baterako utzi beharko dugu hori.

Aizarnaren bertsogintzari buruz guk aurkitu dugun lehen aipamena 1903an gertatutakoa da: Getxoko txapelketa. Handik urte batzuetara, Balendin Enbeitak oroitzen du bere aitak –Kepa Enbeitak, garai hartan “Gernika” esaten ziotenak eta gerora “Urretxindorra” goitizenez ezagunagoa egingo zenak– hartu zuela parte txapelketa hartan eta beste lau bertsolari gipuzkoarrak zirela: Txirrita, Pello Errota, Frantzesa eta Aizarna (Bizitzaren joanean, 1986).

Aita Santi Onaindiak, berriz, zazpi gipuzkoar zirela han, esaten du Urretxindorraren biografian (1878-1942). Berari utziko diogu pasadizoa kontatzen, bere bizkaitar hizketa ederrean. Irakurlea hobeto kokatzeko, Pello Errotak 63 urte edukiko zituen orduan, Txirritak 43 urte; Aizarnak 29 eta Enbeitak 25.

Hara, bada, zer dioen Onaindiak: “Itxas-egaleko Santurtze ta Algorta bitartean, Ondarreta’n, bertsolari-sariketa antolatu zan; ain zuzen, lendik be adiskide eban Zelaya zan eratzalea. Gipuzkoarrak ziran etorteko, Txirrita tartean zala; eta, ziñuenez, arrosko samar etozan: Bizkaitik iñok baeban arpegirik ara urteteko, laster itxiko eben ring’etik kanpo. Zelaya’k Kepa’ri: ‘Ezagutzen al dok Txirrita?’ ‘Ez, ba; entzutez bez.’ ‘Orduan ez adi agertu; emen dituk Txirrita ta gipuzkoar onenak eta, eurak diñuenez, bizkaitarra mutu geldituko ei dok irugarren bertsorako.’ ‘Bai, neure ustez be onenak dozak; baña mutu izte ori lartxu esatea dala deritzat.’

‘Zer, orduan?’ ‘Begira; nik beti nai ixan yoat neu baño geyago diranakaz neure indarrak neurtzea. Ikusi egingo yoagu.’

Ta?

Zazpi gipuzkoar ziran eta bizkaitar bat. Muxika’koak, [herri horretakoa zen Enbeita], asi aurretik, oitura eban lez, iru Agur Maria esan ebazan buruz. Ekin eutsoen, bai batzuk bai bestetzuk. Zazpiren artean ondo arakatu ta astindu eben bizkaitar bertsolari gaztea. An zan Aizarna zirilariak, batez be, gai aldrebes bat jarri gura izan eutson; seme bat eukon onek urte ta erdira eltzen etzana, ta Aizarna’k –bere semiantzat nobiya bear daula-ta– bertso batzuk eskatzen dautsoz. Kepa’k onela:

Zenbat persona dauzan

Ainbeste jeniño,

Aizarna’n errazoya

Aundi dok orraño:

Semiantzat nobiya

Bear daula diño;

Urte beta ta erdi

Ez ei dauz ondiño…

Sopak oba leukezak

Nobiyia baño.

Eta, txalo-zarta etenbagako ostean, bizkaitar gazteari, bertsolari naiz ostantzeko, txapelak erantsi bearrean aurkitu ziran.” Horrela bada, lehen saria Kepa Enbeitari eman zioten eta Txirritari bigarrena.

1903ko txapelketa hartaz geroztik ezer gutxi topatu dugu, baina pentsatzekoa da Aizarna plazaz plaza (edo tabernaz taberna) ibiliko zela kantari; Gerra aurreko aipamenek garbi adierazten dute hori.

1930ean, berriro txapelketa eratu zen Getxon, eta orduan txapeldun Balendin Enbeita (1906-1986) izan zen eta bigarren Aizarna (Argia, 1974ko urtarrilaren 27a / Fredi Paia, Gerra garaiko Uribe Kostako bertsolariak…, UK, 193 zbk.).

Azkenik, merezi du irakurtzea Euzkadi egunkariak, 1933ko abuztuaren 27an, dakarren aipamena; bertsotan gainera. Eusko Jaiak Areition. Egun zoragarria izan behar zuen: “Egunik ederrena Jaunak euskun egin / Laño barik, ozkarbi, goyak urdin-urdin. / Mendi-ertzetik gorantz, igon zan eguzkijak / Argituten ebazan inguru gustijak”. Iurreta, Durango, Berriz eta Zaldibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Eibar, Ermua… mila tokitatik joandako jende izugarri, antza denez. Festa handia izan omen zen dultzaina, ttun-ttun eta txistulariekin; baita dantzari “mutil bikain indartsu eder ikasiak” ere zelai zabalean. Bertsolariek bazkal aurretik eta ondoren kantatu omen zuten: “Batzarra be asi zan laurak inguruan / Zelaya euzkeldunez bete zan orduan. / Aizarna’k ta bestatek mai baten ganian, / Gitxienetik iru ordu laurenian, / Ekin eutsen neurtitzak egiten alkarri, / Entzuliak txalo joten eutsezala sarri.”

Hara, bada, noraino iritsi diren gure azterketak, Jon Egigurenek irekitako bideari jarraituta. Guk, nolabait irudikatzearren, pintura markak jarri dizkiogu ibilbideari. Baina oraindik, asko dago egiteko; batez ere, Aizarnak kantatutako bertsoak bilatzea. Lan zailena. Baina ahaleginak mereziko luke! Bai horixe!

Fernando Arzallus

Argazkia:

Baserritarra Aizarna (bersolari). Indalecio Ojanguren. Gipuzkoako Artxibo Orokorra (GFA) AGG-GAO_OA03540 (guregipuzkoa.net)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide