Aizarna, eta Morales jainkotiarra

Leticia Ruizek, Prado Museoko Errenazimentuko Pintura Espainiarraren buruak Luis Morales pintoreari buruz (1509-1586) Bilboko Arte Eder museoan eskainitako hitzaldian izan nintzen atzo asteazkenean. Arte kontuak gustukoak dituen inork –eta Aizarnako kontuak gustatzen zaizkion inork– ez luke ikusi gabe utzi behar Bilbon “Morales Jainkotiarra” izenburua duen erakusketa (maiatzaren 16ra arte).

Hitzaldia hasi eta berehala, ez zion badaezpadako titularra jarri pintoreari: “Garai hartako margolaririk komertzialena (gehien saltzen zuena) izan zen; El Greco-ren gainetik”. Komertziala ez ezik, oso estilo berezia zuela ere aipatu zuen. “Marka” baleuka bezala, segituan antzematen dira Moralenen lanak. Erretaula ugari egin zituen, gehienak Extremadura aldean (han jaioa zen Morales), eta horien adibide ugari erakutsi zituen Ruiz andreak Bilboko hitzaldian.

Baina oholean egindako koadroek eman zioten, batez ere, zabalkundea eta komertzialtasuna Moralesi: oso famatua zen orduko Elizako eta gainerako handikientzat egiten zituen koadroengatik. Tamaina txikikoak (80 x 60 zm-tik behera) eta emozio handia transmititzen zutenak. Gai ezberdinak jorratzen zituen (pietateak, santuak, Kristo…) baina nik “Cristo portacroce” deiturikoei erreparatu nahi nieke hemen. Erakusketan bat baino gehiago badaude, eta horien artean Sevillako Kolegiatakoa eta Valentziakoa (Museo del Patriarca”) dira aipagarrienak orain aipatuko dudanagatik: oholean egindako bi margo bikain horiek izugarrizko antza dute Aizarnako elizan, koru azpiko erretaulan dagoenarekin. Ilea urdintzen hasia duen edonork daki, han, Aizarnako korupean, erretaula bat zegoela Ama Doloretakoarekin eta azpian Kristo hilarekin (biak eskulturak). Erretaula hura, XVIII. mendean ohikoa zen bezala, gainetik pintatuta zegoen kolore urdinxka batekin. Eta Moralesena dirudien pintura, berriz, (Kristo, gurutzea daramala) sakristian zintzilikatuta zegoen.

Kontua da Prontxio apaizak eliza berritu zuenean, eta koru azpiko erretaula hura zaharberritu zutenean, eta hari gaineko pintura kendu zitzaionean, bi gauza ikusi zituztela: bata, guk ere bagenekiena, hau da, lehen aipatu ditudan bi eskulturak (Ama Doloretakoa eta Kristo hila) ez zirela erretaularen garai berekoak: eskulturak XVIII. mendekoak dira eta erretaula, berriz, XVI. mendekoa. Zaharberritze lanetan ikusi zuten beste gauza interesgarria zen erretaula haren neurrietan, justu-justu egokitzen zela Moralesena dirudien koadroa. Eta, ondorioz, han jarrita dago gaur egun.

Ez dago jakiterik Morales berak egina ote den edo bere tailerreko batena. Leticia Ruizek esan zuenez, erakusketa Pradon zegoenean eta orain Bilbon dagoenean (ondoren Bartzelonara eramango dute), jende ugarik idatzi diete esanez beren etxean edo bere herrian “Morales bat” badutela; izan ere, langile ugari zeuzkan tailerrean eta ikaragarri zabalduta dago bere obra. Nolanahi ere, oso zuhurra izan zen hizlaria: berak esan zigunez, margolan piloa daude Moralesek pintatuak izan zirela uste izan denak, baina oso kontuz ibili beharra dago horretan, askotan, bereak ez diren margo asko egotzi zaizkio-eta berari. Eta, horren ondorioz, bere benetako kategoria asko apaldu zen, garai batean.

Beraz, lehen esan dugun moduan, “Moralesena dirudien koadroa” esango dugu Aizarnakoaz hitz egiterakoan. Edozein modutara ere oso kalitate artistiko handikoa da. Aipagarriak dira, besteak beste: aurpegiera zein ondo lantzen duen; ileen, giharren eta hezurduren xehetasunak; gurutzea edo arantzazko koroia zein fin pintatuak dauden; nola lortzen duen koloreen arteko kontrastea, atze aldeko iluntasunarekin, arroparen urdinxkarekin, edota aurpegiaren eta gurutzearen kolore beroagoekin; eta, horrela, kalitatea adierazten duten beste makina bat xehetasun miresgari ditu.

Askorentzat –gustu klasikoagoa duen jendearentzat, alegia, emozio neurtuagoa nahiago dutenentzat– beldurgarria da irudia, sufrimendu eta oinazea azpimarratze hori, baina garai haietan (gogoratu, Santa Teresa eta mistizismoaren garaiak direla) ikaragarrizko arrakasta zeukaten honelako margoek. Nire ustez, ezin hobeto azaltzen du torturaren ondorengo aldartea: sufrimendu fisiko eta psikikoa, jasandako oinaze izugarria. Eta barru-barruan zalantza ere baduela pentsa daiteke (geroago esango zuen bezala, “Jainko, zergatik utzi nauzu?”).

Irudi hori ikusten ari zarela, eta bere aurrean otoitz egiten (ez da ahaztu behar, normalean etxeko otoiztegietan, leku txikietan, egoten zirela; otoitz intimoa egiten zuten lekuetan, ez elizatan Aizarnan bezala) alegia, irudi horri begira zaudela, otoitz egitea koadro horren aurrean, barrua zeharo mugitzeko tresna bikaina da. Horixe lortu nahi izaten zen, hain zuzen, garai hartako erlijioan, Frai Luis de Granadaren otoitz honek irudikatzen duen bezala: “Begiak irekitzen ditudanean eta hemen begien aurrean jartzen zaidan erretaula hain mingarri hau ikusten dudanean, bihotza lehertu egiten zait minez (…). Jar zaitez zeu min hori jasaten duenaren lekuan, eta begiratu zer sentituko zenukeen burua bezalako hain leku sentiberan arantza handi ugari sartuko balizkizute hezurretaraino”. Labur esateko, gu geu, sufritu zutenen horien lekuan jartzea zen helburua.

Koadro ikaragarria. Elizak beldurra eragiteko erabili duen estetika, askorentzat. Baina, bestalde, ez da ahaztu behar Inkisizioak oso hurbiletik jarraitu zituela horrelako “estasi” mistiko horiek, horrelako emozio askatze horiek. Norbere emozioak askatzea (batzuetan oso jarrera erotikoei lotuta), oso hurbiletik zaintzen zuen Inkisizioak. Kontuak kontu, garai hartako jendearentzat Kristo horrela umiliatuta, oinazez betea, larrialdi psikologiko horretan ikustea ikaragarria izango zen.

Ikusleari eragingo zion inpaktu horren aurrean, irudiaren kalitatea, kolore berezi horiek, teknika… ia-ia anekdotaren parean geratuko ziren. Izan ere, krudelkeria ematen du, nola sufritzen ari den ikusita, ilea zein ederra duen komentatzea ezta? Edo arantzazko koroia zein erreala den ikustea ezta?

Benetan poza ematen du Aizarnako elizak: Pieter Aertsen-en (Amsterdam, 1508-1575) triptiko bikain hori, eliza bera eta bere sarrera platereskoa, oso antzinako organoa, Alejandrino Iruretaren (1851-1912) San Juantxo hori… Eta denen gainetik, Moralesen pintura eder hau.

* * *

Eranskin modura, ikerketa pixka bat

Moralesen margoa ulertzeko datu historiko batzuk jakitea behar beharrezkoa da. Aizarnako Andre Mariaren Jasokundearen eliza 1555ean berreraiki zuten (lehenagokoa, gotikoa, erre egin zen). Dirudienez, lehendabizi jarri zuten erretaula gaur egun koruaren azpian dagoen horixe da (orain dauden erretaula barrokoak beranduagokoak dira). Dakigunez, 1627an, lehendabiziko erretaula hori pintatzea erabakitzen da. Hala ere, erretaula horren estiloari erreparatzen badiogu, pentsatzekoa da lehenagokoa dela, eliza berreraiki eta handik gutxira egina. Hasiera batean, pintatu gabe egongo zen (hainbat elizatan ohikoa zen bezala) eta geroago –esan dugun bezala, 1627an– margotuko zuten.

Gaur egun ikus daiteke Moralesen koadroaren atze aldeak erretaularen dekorazio berdina duela eta, beraz, garai hartan, Moralesen koadroa erretaularen sagrarioko atea izango zela. Tamaina justu-justukoa da eta bandak (bisagrak) eta sarraila ere bat datoz. Hortik atera dezakegu, 1627rako Aizarnan zegoela margolana. Moralesen pinturaren ikertzaileek, Aizarnakoaren oso-oso antzeko koadroak 1565 inguruan kokatzen dituztenez, 1565-1627 urte bitartean ekarritakoa dela pentsa genezake.

Baina nola iritsi ote zen? Oso zaila da jakitea. Hipotesiak egiten hasita, bi nagusitzen dira, batez ere. Aizarnako elizak, dakizuen bezala, bi kapera dauzka: bata Iraetako jauntxoena, bestea Altsolarats etxearena. Lehenengoan, Pieter Aertsen-ena izan daitekeen triptiko bat dago, adituen ustez 1535 eta 1555 bitartean egina. Triptiko hori Iraetako jauntxoek erosia da. Horregatik, pentsa dezakegu Moralesen oholak loturaren bat eduki lezakeela Iraeta familiarekin. Familia horrek oso harreman estuak zituen espainiar nobleziarekin eta Gortearekin. Orduko Iraetako jauna Nicolas Martinez de Eguia zen, Lizarrako Egiatarren familiakoa, geroago (XVIII) Granada de Ega dukeak izango zirenak.

Izan liteke, baita, Altzolarats familiaren dohaintza. Ez litzateke harritzekoa izango Juan de Alzolaras fraidea tartean izatea. Salamancako unibertsitatean ikasi ondoren, Valladolideko Prado monasterioan sartu zen. Garai hartan Gortea han zegoen, eta han ezagutu zuen Austriako Joana, Espainiako erregeordea. Ordurako famatua omen zen Altzolarats teologo eta sermolari moduan. Harreman estua izan omen zuen Bartolome Carranza de Miranda fraidearekin, gerora, Toledoko artzapezpikua izango zenarekin. Karlos I enperadorea Yustera erretiratu zenean (1556-1558), han zen sermolari gisa. Jeronimotarren buru ere izan zen eta, 1568an, Kanarietako gotzain izendatu zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide