Aizarnako kirolari anarkista

Txikito de Aizarna edo Aizarnako Txikia, biak erabili dira gizon honen balentriak  idatzietan argitaratu dituztenen artean. Aizarnakoa eta  kirolari  trebea, Klaudio Egañarekin ezagutzen dugu berau.  1928 eta 1935 urte artean egin zuen bere bidea kirolean, Aizarnak  izan duen korrikalarik onena eta herri honen izenari aipamen berezia eman zioen  kirolaria. 

Ez dut bere jaiotzaren datarik jaso, baina irakurtzen dudanez 1911. urtean jaio zen Aizarnan eta bertan bizi  zen  Altzako herrira  joan zen arte. Gizon hau ezagutu zuen biztanlerik  ez dut uste  egun izango denik Aizarnan, baina kaskoan bizi zela entzun izan dut, baita ere morroi egoten zela Aizarnako “Aitxota” baserrian  eta lanak amaitu ondoren ilunabarrean egiten zituela bere entrenamenduak.

Bitxikeri gehiago ere entzun izan ditut Aizarnan, gizon honi ezarriak,  baina hemen berak   kirolean eman zuen maila, eta izan zuen heriotza bortitza  aipatzen denez,  berauek kontatzen   jarraituko dut.

Herrera Sport, kirol elkartean ezagutzen da gehien bat Egaña. Elkarte honetan “1” zenbakiarekin lehiatzen zuen.  Espainiako txapeldun izatera ere iritsi zen eta hau lortzeko maila berezia behar dela denok dakigu. Espainian zehar eta  garrantzizko lasterketa askotan hartu zuen parte, baita  Hamar Nazioen arteko krosean ere. Espainiatik joandako lehen selekzioarekin “el vasco duro”   deitzen zioten kazetariek bere idatzietan.

Hauez gain,  desafio  famatuak ere baditu  gizon honek, hauetako bat 1928. urteko  otsailaren 6an Azpeitiko zezen plazan jokatu zuena,  Aiako txikiaren aurka.  14 kilometro egin behar zituzten eta bira erdi batengatik galdu omen  zuen Aizarnakoak.  18 urte besterik ez zituen, eta Aiarrak 25.

Famatuena behar bada, hiru urte geroago   Gorputz egunean   Donostiako zezen plazan jokatu zuena izango da, hau ere  Aiako txikiaren aurka.  Oraingoan   25 kilometro egin behar zituzten. Hasierako kilometroak parean egin omen zituzten, baina 102garren bueltan erretiratu egin zen Egaña, beroak eraginda.  Irakurtzen dudanez plaza jendez beteta omen zegoen bigarren desafio honetan, arrakasta handia lortu zuen nonbait zaletuen artean. 

Egañak kirolean egin zuen ibilbidean, aipamen berezia merezi dute bi desafio hauek,  arrakasta handia lortu zutelako   eta gertaera hauei begira   bertso paperak   ere argitaratu zirelako. Bertso hauek amaieran ezarriko dizkiot idatziari, xarma berezia baitute. Gainera   garai horretan bailaran zegoen  kirol giroa egoki  irudikatzen dute.

Egañak kirolean egin zituen balentria batzuk aipatu ditut, baina ezin dut aipatu gabe utzi gerra garaian izan zuen heriotza bortitza, Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuko kide  bezala Burgosen exekutatu zutelako hain zuzen ere. Sindikatu hau Anarkista bezala da ezaguna eta hau jakin ondoren   kirolaz aparte  kontzientzi soziala ere bazuela gizon honek esango nuke.   

Orain arte ez zegoen datarik Egañak “frente popularrean” borrokatu zuenik, baina  orain oroimenaren legeari esker, frankismoaren biktimak argitaratu direnean, azaleratu  da  bere izena. Burgoseko kartzelan zegoen preso  eta beste  29 presorekin batera Estepar mendian exekutatu zuten, CNTko kide bezala.

Aizarnako korrikalari gazte honen bidea gerrak zapuztu zuen, beste gazte askorenak bezala,  eta  asko dira Egaña bezala  exekutatu ondoren  hobi komunetan lurperatuak. Diktadura garaian galarazita zegoen, baina  orain   legeak ireki du bidea ahaideek biktimak identifikatu  eta exhumatu ahal  izateko. Orain arteko informazioen arabera  oraindik ez dago identifikatuta bere gorpua. 

Askotan entzun eta askotan egon naiz bere argazkiei begira, baina orain bere datak  jasotzerakoan  irakurri dudanarekin, zerbait gehiago dakidala  bere bizitzaz esan beharra daukat. Hemen gelditzen dira jasota laburbildu ondoren Aizarnako kirolari   Anarkista honen pasarteak, nahi duenak irakurri.

Behean irakur daitezkeen bertsoak, Aiako txikiaren aldekoek atera zituztenak dira.  Aizarnako Txikiaren aldekoak ere atera omen zituzten, baina ez daude  jasota, beraz galduta izango dira seguruenik.

Jon Egiguren

 

 

 

AUSPOA ARGITALETXEAK ARGITARATU ZUEN ANTONIO ZABALAREN EUSKAL JOKOAK LIBURUTIK JASOTAKO BERTSOAK.

 

AZPEITIKO DESAFIOARI JARRITAKO BERTSOAK (1928)

 

1/ Bertso berriyak ateratzeko

lenguan esan dirate,

Azpeitiya’ko korrika-apustu

ori dala mediante;

egon zaitezte pasadizuak

zer diran aditu arte,

irabaztunak pozak dabiltza,

galdu duenentzat kalte.

 

2/ Otsaillaren ogei ta seian

jokatzen ziraden asi,

asko ankezko azkarragorik

iñon ote da ikusi?

Biyak galanki saiatu dira,

ez dute egin itxusi,

baña Azpiroz Azkue’kuak

azkenian irabazi.

 

3/ Jokatzeko aurretik doblian

izanduba da trabesa,1

esku-aldatuba izango da

makiña bat interesa;

zenbat diru egin dan jakiten

ez dago oso erreza,

irabazita daukan guziyak

ondo aprobetxa beza.

 

4/ Azpiroz eta Aizarnar ori

Azpeiti’n jokatu dira,

amalau kilometruan egin

dute guztizko pelira;

Azkue’rekin diruba franko

irabaziyak badira,

orrelako korrikalariyak

Gipuzkua’n gutxi dira.

 

5/ Azkue’k ankak ariñak dauzka

eta indarrak biziyak,

gutxiyeneko bost apustura

baditu irabaziyak;

ondo portatu dalako orrek

merezi ditu graziyak,

arriturikan utzi zituen

begira zeuden guziyak.

 

6/ Korrika-apustura orretan

bazan jendia ugari,

zer mesedia egin diyoten

Azpeiti’ko erriyari!

Jan da eran lasai emanak dira

ara juan diradenari,

propina onak utzi dizkate

ango tabernariyari.

 

7 Saltakari onak daude oiek

bata bezela bestia,

Aizarnar orrek nunbait nai zuen

Azpiroz ori austia;

emeretzi urte omen dauzka,

oraindik dago gaztia,

Aiaarrentzat orren indarrak

oraiñ iristen eztia.

 

8 Leku askotatikan jendia

Azpeiti’ra zan etorri,

zar eta gazte diru jokatzen

aguro ziraden jarri;

bi aldietatik esperantza

aundiya zan izugarri,

Azkue’gatik diruba pranko

etxera degu ekarri.

 

9 Apusturako lanak askotan

bera jetxi edo iyo,

ai Juan Manuel Azkue’kua,

ez dezu gutxi baliyo;

Aizarnar ori bere aldetik

izan biar zuen piyo,

ustez seguru egonagatik

kukuak oker jo divo.

 

10 Berriz Aizarna’k egiten badu

desafiyo jokatzeko,

ez det uste egongo danikan

Aiaarra ukatzeko;

apusturak izaten dirade

irabazi ta galtzeko,

Juan Manuelen biarra baza n

lengo faltak osatzeko.

 

11 Iru probintzitako jendiak

ikusten izan geranak:

Gipuzkua, Bizkai ta Naparrak

trabesen jardun diranak;

arrisku aundiya izaten du

apusturetako lanak,

kaskuari atz egingo divo

utsikan gelditu danak. 

 

12/ Aia aldian diruba franko

irabaziyak badia,

arriskatzeko duro batzuek

jende kupira gabia;

milla pezetako ederrak or

esku-aldatubak dia,

gora Azkue eta lagunak,

ederki portatu dia.

 

13/ Motibo aundirikan etzuten

guretzat kantak jartzeko,

Aizarna aldeko kontu oiek

gaude goguan artzeko;

nunbait bildurrik ez dauka orrek

oraiñ kartzelan sartzeko,

baña alrebes gertatu zaio

bertso berriyak saltzeko.

 

14/ Aia’n baserri etxe batian

egin dute banketia,

nunbait nai zuen bere lagunai

jan da eran ematia;

nagusi orrek askorentzako

zeukan borondatia,

joko orretan poltsa ederki

izan biar du betia.

 

15/ Orra korrika orren kontubak

nik zerbait adierazi,

len kantak jartzen jardun dan orrek

onenbeste du merezi;

ustez seguru zuten jokua

juan zitzaien igesi,

lenguak bazterrera utzita

oek aurrena ikasi.

 

DONOSTIAKO DESAFIOARI JARRITAKO BERTSOAK (1931)

 

1/ Bertso berriyak jarri biaitut

iñork nai badu ikasi,

korrikalari oien berriyak

nai ditut adierazi;

zer abildade daukan Egaña’k

ederki degu ikusi,

asko nekatu gabe Azkue’k

orri divo irabazi.

 

2/ Donostiya’ko zezen-plazara

sartu gera ikustera,

batzuek diruba ekartzera

eta bestiak uztera;

Azkue’rekin juan giñaden

jokua irabaztera,

oso kontentu etorri giñan

andik Aia’ra ostera.

 

3/ Bigarren aldiz jokatu eta

nai zuen irabaztia,

kostako zaio Juan Manuel

piska batian austia;

orri irabazi naian dabil

bat ezbada bestia,

or dabiltzanak Azkue’rentzat

oraiñ iristen eztia.

 

4/ Bederatzi apustura dago

Azkue irabaziya,

onenen marka iru minutuz

orrek daduka ausiya;

egun batian etziñan jaio

korrikalari itxusiya,

famatu gabe ez det utziko

oraiñ al dedan guziya.

 

5/ Juan Manuelek orain korrikan

dauka abillidadia,

nun billatu gentzake beste bat

ori dan baño obia?

Plazara juanda lana egiten

dago kupira gabia,

geiago’re konponduko ditu

orrena etortzen badia. 

 

6/ Iru t’erdiyak jo zutenian

jokatzen ziran abitu,

Aizarna pizka bat aurrera ta

Azkue’k berriz segitu;

Aia’kuak bestien indarrak

laiste menderatu ditu,

eun da bigarrengo bueltan

Egaña ori zan gelditu.

 

7/ Orrenbeste apusturatikan

bat ere ez dezu galdu,

orrelakorik inguru ontan

oraindik ez da azaldu.

Juan Manuelek oraiñ goratzia

zerbait merezi ez al du?

Orren notiziyak biar ditut

leku guziyan zabaldu.

 

8/ Leku askotan orren gañian

gu gerade itzegiñak,

baita trabesa egiteko’re

asko aldiz otsegiñak;

gutxi dira jokuan Azkue’k

bezin gizon atsegiñak,

orra ederki erremeditu

aizkolaien utsegiñak.

 

9/ Emezortzi urtekua ez dago

esaten zuten Egaña,

baña Azpiroz’ek aguro artu

ziyoen orri tamaña;

mundu ontara sortu zan ori

korrikalari bikaña,

orregatikan .Qeroztik egin

ditu oinbeste azaña.

 

10/ Beatzi apusturetatikan

ekarri ditun dirubak,

altxa dituzu zere erriya

ta gañera ingurubak,

baserritako famili asko

ondo jartzeko modubak;

aziyo gutxiyago eginda

artzen dituzte gradubak.

 

11/ Etzera gutxi enpeñatuba,

ai Juan Manuel maitia,

zureganako leku askotan

daukate borondatia;

ankaz ariña, petxu lasaia

eta korajez betia,

kostako zaio beste bateri

gaur zuri eramatia. 

 

12/ Orren korrikako apusturak

ez dira izango aztuta,

batzuen poltsak betiak daude

eta bestiak ustuta;

Juan Manuelek arrazoi txarrik

orain merezi eztu-ta,

irabaztunak orri begira

jarriyak daude poztuta.

 

13/ Berriz Azpiroz’i desafiyo

irabazi duenian,

entrada gabe diro gutxitxo

dago gaurko egunian;

naiz kamiyora edo plazara

Azkue juaten danian,

ikara aundi gabe jarriko

da orren aldamenian.

 

14/ Azpiroz orrek apustura asko

irabaziyak izanik,

noranai juanda seriyo dabil

ez dauka arrotasunik;

Juan Manuel, aditu zazu

oraiñ egiya esanik: 1

korrika ezta emen azaltzen

irabaziko dizunik.

 

15/ Ara bertso berriyak atera

korrikalari oientzat,

oso gaizki jarriyak daudenik

neri iruritzen etzat;

pasadizo au ona izango da

oraiñ kristau askorentzat,

amar zentimon dago papera

erosi nai duenentzat.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide