Albisteak

AIZARNAKO MAISU IZANDAKO PLÁCIDO NAVASEN AGIRI-BILDUMA ZESTOAKO UDALARI EMAN DIOTE DOHAINTZAN

Pasa den ostiralean, maiatzak 27, Plácido Navas Aizarnako maisu izandakoaren oinordekoek hainbat agiri eman dizkiote dohaintzan Zestoako Udalari.

Navas 1934tik 1938ra bitartean izan zen maisu Aizarnan, Cadizetik etorrita. Garai zailetan egin zuen lana Navasek. Batetik, garai hartako eskolek zeuzkaten baldintza eskasengatik eta konponketak egiteko udalak zeukan aurrekontu eskasagatik. Bestetik, Cadizeko puntatik etorri, euskaraz hitzik ere jakin gabe, eta hemengo ikasleekin aurkitzen zituen mugengatik: Baina, batez ere, orduko egoera politikoarengatik: gerrak Zestoan harrapatu zuen Navas, eta hainbat gorabehera izan zituen, 1938an bere sorterrira joan zen arte.

Hizkuntzaren eta kulturaren muga dela-eta, hainbat pasarte kontatu dizkigu Antonio Garcia, Navasen bilobak: “Pertsona bat, iristen da hona, beste ingurune zeharo desberdin batetik eta aurkitzen da ohitura eta kultura desberdin batekin. Oso bitxia da, bera iristen den lehen eguna: Santa Ageda bezpera omen zen baina berak ez zekien zer zen Santa Ageda bezpera [eta neuk ere ez nekien, irakurri nuen arte] eta, jakina, ez zen eskolara joaten umerik eta joan zen bakarra isil-isilik, soilik irribarre egiten omen zuen, eta maisuak pentsatu omen zuen gorra zela; eta kontua ez da gorra zela, baizik-eta ez zuela gazteleraz hitz egiten; eta orduan bere ikuspuntua aldatu egin behar izan zuen, eta euskarazko oinarrizko hitz batzuk ikasi…”. Ikusi besterik ez dago gurasoei etxera bidaltzeko oharra, bere letrarekin idatzia: “Baldin umeak segitzen badu utz-egiñaz eskolara, ez diyot utziko geyago eskolara sartzen. Maixua”.

Kontuak kontu, 60ko hamarkadan Navas hil zenean, hainbat paper, argazki eta material utzi zituen. 90ko hamarkadatik aurrera, bere biloba Antonio Garcia material hura guztia aztertzen hasi zen, eta horrela konturatu ziren gauza asko zeuzkala gordeta Aizarnako egonaldiari buruz: gutunak, argazki mordoxka bat, era askotako idatziak… Biloba denborarekin konturatu zen dokumentu horiek garrantzia eduki zezaketela herriko historiari dagokionez, “ez behar bada guretzat, baina bai biharko egunean gai hori ikertu nahi dezakeen jendearentzat”.

Horrela bada, materiala Zestoako Udalari dohaintzan ematea erabaki zuten oinordekoek. 120 dokumentu edo/eta irudik osatzen dute fondoa. Orain, Zestoako Udaleko Artxibo Historikoak agiri horiek inbentariatu egingo ditu lehendabizi, ondoren dohaintza legeztatu egingo da eta, azkenik, pixkanaka-pixkanaka agiriak ikertzen joan ahala, jendearentzako ikusgai jarriko dira.

Zestoako Udalak eskerrik beroenak eman dizkio familiari beraien eskuzabaltasunagatik eta gure herriko historia xumea hobeto ezagutzeko material oso garrantzitsua utzi digulako.

13310498_816885141777588_7510210308425947894_n

Argazkia:
Jon Egigunen eta emaztea, Felicitas Navas (alaba), Antonio García (biloba) eta Mercedes García de Paredes (Antonioren emaztea). Beste argazkia, Felicitas eta Zestoako alkate Josetxo Mendizabal.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide