Aizarnan Amabirjinak 2016

Ospatu ditugu  2016ko Amabirjinak Aizarnan  eta ez nolanahi gainera. Bazirudien lau egunetan   jai giroan murgiltzea  erronka handia izango zela, baina helburua ondo gainditu dela ere aitortu beharra dago. Lau egun hauetan ekintza ugari antolatu dira herrian, ikuskizun politak ere bai, begien gozamenerako eta parte hartze handi batekin gainera.

Baina hau honela gertatu izana ez da kasualitatea, herriko gazteek egin duten lanari esker izan da. Zorionak, beraz, lan egin duten guztiei.

Urtero argitaratzen  dut Aizarnako jaiei buruzko laburpen  txiki bat orri honetan,  argazki eta bideo batzuen laguntzarekin. Aurtengoek  ez dute gutxiago merezi. Herrian  egon den giroa  jaso eta irudikatu nahi izaten dut, hurbiltzerik izan ez duenak ere festen berri eduki ahal izateko.

Beti ere nire ikuspegitik, jakina.

“Etxafuegoa” kontzejuko balkoitik bota  eta honek  eman zien hasiera herriko jaiei. Pilota partidu eta afari herrikoia ondoren, eta azkenik  Zestoako “Rodeo” musika taldeak egin  zuen  saioarekin amaitu zen lehen  eguna. Hori bai, esan beharra dago herri afari garaian Aizarnako plazak zuen itxura, postal batean bezalakoa zela!

Bigarren eguna haurrei eskainitako zegoen,  egun osoan ibili ziren  kalean gora eta behera jolasten. Ilunabarrean  Jon Urbieta D.J.arekin  plaza osoa umeek hartu zuten taldean dantzan eginez. Gozatu zuten ilunabarrera arte, egia da mutil honek baduela  artea haurrak mugitzeko. Gainera horrenbeste txiki plazan batera  dantzan ikusteak, adinekoei ere alaitasuna kutsatzen diela. Dotorea benetan  plazaren irudia  egun honetan ere.

Hirugarren  eguna oilasko biltzaileen eguna, hauek alaitu zituzten kale eta baserriak  egun osoan. Nahiz eta urtero errepikatzen den ekintza izan, honek  xarma handia du Aizarnan.   Hauen doinu eta dantzarik ez bada  kaleetan zehar, zerbaiten hutsunea sentitzen da    Aizarnako Amabirjinetan.

Aurtengoan Mayi Astigarraga,  herriko neska, ikusi genuen aurreskua dantzatzen eta zagi dantzan  baserriz- baserri ere bai egun osoan. Ondo ikasita zuen bere betebeharra. Lehen aldia Aizarnan  neska bat ikusten dudala zagi dantzan aurrezkoa egiten eta gaztea denez, badugu  dantzaria  urte batzuetarako. Bejondeiola.

Egun honetarako zegoen antolatuta  paella lehiaketa ere, kazuela dotoreak ikusi genituen bertan. Irabazleak Eneritz Lizarralde eta Ainhoa Sarasola, hauek erakutsi zuten sukaldaritza ez dagoela kontrajarria gaztetasunarekin. Ondoren  oilasko biltzaileekin batera bazkaldu zuten mahaietara inguratu ziren guztiek eta paella  egindako   kazuela ondoak  garbi gelditu ziren. Ona zegoen seinale eta zorionak irabazleei, merezitakoa dute eta.

Laugarren eguna Amabirjina eguna, Meza  nagusia Aizarnako koruak kantuz  alaituta, dantzariak eta jubilatuen hamaiketakoa goiz partean. Ondoren  txikiteoa bazkal ordura arte. Arratsaldean  herri kirolak eta   herriko bi seme lehian ikusteko aukera izan genuen:  Otaegi, Izetarekin harri jasotzen eta  Txapartegi, aizkoran “Arriyarekin”,  ikuskizun polita eta jende multzo handia berauek ikusten plazaren bueltan. Kirol honek beti betetzen ditu aurreikuspen handienak ere eta aurten zer esanik ez.

Egunero dantzarako aukera zegoen  ilunabarrean, naiz trikiti  edo lotuan, baina azken egunean zerbait berezia ikusi genuen. Erromeria alde batera utzi eta talde Andaluz batek alaitu zuen  gaua. Nik ez dakit musika kontuan baina Jazza eta Flamenkoa nahastuta zituen doinua entzun genuela uste dut. Esango nuke jendea isil-isilik gustura egon zela talde hau entzuten.

Dena dela, isilik bai, baina kantuak “palmaz” (txaloz) lagundu behar zirenean, jendeak lagundu   egiten zuen. Niri arraroa egin zitzaidan Aizarnan flamenkoa “palma” eta guzti entzuteak, bazirudien Andaluzian nengoela. Baina  gauza berriak ezagutzeak ere  baduela  bere xarma esango nuke.

Gure kultura eta folklorea maitatzea beharrezkoa da, baina bakarrarekin gelditzea baino aberatsagoa ez ote beste herri batekoaz ere gozatzera iristea? .

Amaitzeko esan behar, eguraldiak lagundu duela egun hauetan, kaleko giroa ere oso atsegina eta alaia izan dela, beraz ezin dugu gehiago eskatu eta hurrengo urtean ere ea maila bera lortzen dugun.

Argazki eta bideoak ikusteko joan www.aizarna.com

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide