Aizarnaren bertsoa Donostiako apalatan galdurik

Aizarna bertsolariarekin egin nuen topo, lehengo batean, Donostia aldean liburu zaharren denda batean ikusmiran nenbilela. Juan San Martinen liburu eder bati zor diot “aurkikuntzaren” plazera: Eztenkadak. Gertaera barregarridun liburua (1965, Kuliska-itxaropena). Gerora konturatu nintzen liburu hori Eusko Jaurlaritzak sustatutako “eLiburutegia” plataforman ere badagoela eta, beraz, Interneten irakur daitekeela (http://www.eliburutegia.euskadi.eus/handle/10771/11689).

Baina ezer baino lehen, Danbolin aldizkariaren iazko urtarrileko zenbakian (168 zenbakia) egin genuen Aizarnaren biografia txikia pixka bat gogoratzea komeni zaigu.
Joan Ignazio Odriozola Kerexeta, Aizarna bertsolaria, Errezilen jaio zen eta handik gutxira gurasoak eta seme-alabak Aizarnara etorri ziren bizitzera, Anatxaranberrira. Soldaduskatik itzulita, Bizkaia aldera joan zen lanera beste bi anaiarekin, eta han ezkondu zen. 1926an, Eibarrera etorri zen bizitzera bere familiarekin eta Tutulu baserria erosi zuten. 1948an, etxe berria eraiki zuten beren lursailen beheko aldean, eta “Aizarna” izena jarri zioten etxeari. Etxe hori Indalezio Ojanguren kalean omen dago eta taberna izandakoa omen da.

Bertsolari ospetsua izan behar zuen Aizarna. Orduko bertsolari handienekin ibilitakoa, besteak beste, Pello Errotarekin (1840-1919), Txirritarekin (1860-1936), Frantsesarekin… Ez da, ordea, batere erraza berari buruzko datuak biltzea, are gutxiago, Aizarnak kantatutako bertsoak aurkitzea. Horregatik da, besteak beste, hain interesgarria San Martinen pasartea. Eta idazlea ere eibartarra izaki, konfiantzazko iturria dugu.

Utz diezaiogun, ordea, berari bertsolariaren berri ematen. [Pasartea irakur errazagoa egiteko, euskara batura ekarri dugu sarrerako testua; bertsoa, ordea, bere horretan utzi dugu]:
“Aizarna bertsolaria, izenak dioen bezala, Aizarnan jaioa zen, baina Eibarko Tutulu baserrira ezkondu zena. Bere denboran astronomo fama zeukan. (Astronomoa, ez dakigu zer arrazoigatik, baina eguraldia igartzen duenari deitu izan diote gure zaharrak; meteorologoari. Seguru asko, antzina, ofizio biak beteko zituen astronomoak eta hortik etorriko da).
Baina ez zen izarrei begira bakarrik bizi zena. Bazeukan munduko etorkizunentzako pronostikoa ere. Hainbeste txikiteorako joerarekin zer ikusiko ote genuen arduratzen zen. Gure denboran, izan ere, hori dela dirudi euskaldunen ‘folkloria’, nork gehiago edan eta nor gutxiago asetu.
Baina esaera zaharrak dioen bezala: ‘ardau gozuak lau begi ta oñik ez’.
Tutuluko Aizarnan pronostikoak ondo igarri zituen, gaurko euskaldunen burubide bihurri honi bere inteligentzia luzatuz, tabernariak beldurtuz eta euskaldunak astinduz; sagardotegiak eskola bazituen ere, bederatzi puntuko ederra bota zuen:

Edan neurri gabeak
zer digu ekartzen?
Asko konturatzeke
zentzua askatzen,
amaika burukomin
itzak naastutzen,
gizon zuzenenari
bizkarra okertzen;
jarduna ugaritzen,
bistia lausotzen,
oñak trabatutzen,
lotsaria galtzen…
Giza-lege guziak
erruz ukatzen.

* * *

Aizarnaren bertso bat “aurkitu” izanaren “anekdotatik” haratago, bertsoaren edukiak eta San Martinek sarreran txikiteoari buruz dioenak hausnarketa mereziko luke. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaren kalteak aspaldidanik ziren ezagunak gure inguruetan, eta betidanik eragin du kezka gizartean. Baina 1920ko hamarkadako joeren ondorioz (tabernak ugaritu egiten dira, jendea kalera ateratzen gehiago hasten da, festa giroa sarriago izaten da…) alkoholaren kontsumoa ikaragarri igo zen, eta areagotu egin zen 1960ko hamarkadan. Txikiteoa oso indartsu zebilen garai hartan eta alkohola edatea ondo ikusia zegoen oro har. Adituek diotenez, Galizia eta Hego Euskal Herria ziren alkoholdun edari gehien kontsumitzen zutenak Estatu osoan, eta Europarekin konparatuta oso kopuru altuak ateratzen ziren.
Gaur egun, “boteiloia” delakoak eta adin txikikoen alkohol kontsumoak kezkatzen gaituen bezala, Aizarna, San Martin eta haiek guztiak “aurreratuak” izan ziren, eta abisatu egin ziguten zer zetorren. Milaka pertsona eta familia hondatu zituen zeharo alkoholak eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Ez da bromatako kontua.

Argazkia: Aizarna bertsolaria (zatia). Indalecio Ojanguren. Gipuzkoako Artxibo Orokorra (GFA) AGG-GAO_OA03540 (guregipuzkoa.net)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide