Albiste izoztuak Gabonetan

Amos Oz idazleak kontatzen du bera txikia zela emakume gazte bat joaten zitzaiela eskolara sexualitateari buruzko azalpenak ematera. Gauza frankori buruz hitz egiten omen zuen eta irudien bidez erakusten omen zituen sexu kontuak: neska zein mutilen sexu-organoak, harreman sexualak nola izaten ziren, haurrak nola jaiotzen ziren, sexu bidez transmititu zitezkeen gaixotasunak… Gure mutil koskor txikia, ordea, ez hotz eta ez bero geratzen omen zen, ez omen zuen ulertzen zertarako jartzen zuten hainbesteko arreta hain gauza arraroetan. Gerora konturatu omen zen pelikula erdizka kontatzen omen zietela eskolan; gauzarik garrantzitsuena ez omen zietela aipatu ere egiten: alegia, sexu gauza haiek egiteak ikaragarrizko plazera eragiten zuela.

Gaur Bilduk sinatuta ikusi dudan albisteak berotu, berotu gaitu, baina han ere pelikularen erdia kontatu ote den susmoa dut. Saia nadin kontatu gabeko pasarte batzuk irakurleari azaltzen:

1. Kontratu Legeak debekatu egiten du zinegotziek eta, oro har, kargu publikoa duen edonork kontratuak egitea sektore publikoan. Hori dela eta, ordainketa hori ez da zuzena. Hala ere, arazoa bere tokian jartzeko, kontuan hartu behar dira beste zenbait gauza ere: diru kantitate “txikia” izatea; atzetik dagoen helburu soziala…
2. Jaiotza horren kontuak historia luzea du, igoal izango ditu hamabost urte baino gehiago. Garai batean, Zestoako Udaleko hainbat teknikari konturatu ginen jubilatuei eskaintzen zitzaizkien aisialdi ekintzak nahiko mugatuak zirela: aldian behin ibilaldiak, bazkariren batzuk, karta jokoak eta gutxi gehiago. Jubilatuen artean taldetxo bat pixka bat aktibatu eta zerbait berria sortu nahian, ikastarotxo edo tailer bat egitea pentsatu zen. Monitore baten laguntzarekin, hainbat jubilatuk, eskulanaren bidez, zerbait muntatuko zuten; hori zen asmoa. Udazkena izango zen agian (ez naiz ondo gogoratzen) eta jaiotza bat egin zitekeela iruditu zitzaion norbaiti. Gaia zen gutxienekoa; kontua zen jubilatuen artean dinamika sortzea eta beste proiektu batzuk aurrera ateratzeko bidea irekitzea. Ez naiz gogoratzen, baina oker ez banago, hasiera haietan jaiotza ez zen jartzen elizan, Elizondo zinema izandakoan baizik (buruz ari naiz). Nolanahi ere, berriro diot, gaia zen gutxienekoa; beste edozein gai landu zitekeen.
Dinamika horrek urtetan iraun du eta urte askotan jendea oso gustura ibili da eta emaitza onak eman zituen. Koordinatzaile edo monitore horri (beti ez da izan Itziar Elorza) Zestoako Udalak ordaintzen zion eta alderdi bateko eta besteko zinegotziek “begi onez” ikusi izan dute (guk ez dugu behintzat kontrako iritzirik jaso).
3. Aurreko legealdian, Itziar Elorza lehenengo aldiz zinegotzi izan zen garaian, Zestoako Udaleko inork ez zuen txintik ere esan, zinegotzi bati Udalak zerbait ordaintzen ziolako. Nik uste dut denok ginela kontziente egoera irregularraz, baina kantitate ekonomikoa oso txikia zen eta bultzatzen zen proiektuak interesgarria zirudien (agian, akats bat egon zitekeen: sakon ez ebaluatzea ekimena; ez dakit).
4. 2016ko urtarrilaren 25ean aurkeztu zuen agiria Elorzak, eta Zestoako Udaleko Ogasun Batzordeak eta, ondoren, Tokiko Gobernu Batzordeak ontzat eman omen zuten. Arraroa egiten zaigu, herritar arruntoi, orduan inork txintik esan gabe onartu zen ordainketa orain palestrara ateratzea. Norbaitek eman beharko lituzke zergatiaren argibideak. Pentsatzen hasita nago Raxoiren egiteko moduek jarraitzaileak ote dituzten: haiek amorratuak dira, guk arkume izterrak bezala, gai mamitsuak izozkailuan edukitzen eta, komeni denean, sast! mahaira ateratzen dizute auskalo noizko albistea. Arrain izoztua, erabat, saltzen omen da Gabonetan. Albiste izoztuak ere bai?
5. Kontu horiekin kalean eta komunikabideetan ibili ordez, hobe litzateke udal batzorde batean, era sosegatuan, aztertzea gaia eta, hurrengorako, arazoa konponbidean jartzea. Bistakoa da, hasieran esan dudan bezala, zinegotziek ezin dutela zerbitzurik kontratatu sektore publikoan. Bada, konpon dezagun kontua dagokion udal batzordean eta kito.
6. Bestalde, interesgarria litzateke udal gobernua osatzen dutenen aldetik ere, ahaleginak egitea udaleko gestioa eta tramitazioak ahalik eta –nola esango dut– eredugarrien, arduratsuen, delikatuen edota eskrupulosoen izan daitezen (ez dut esaten hala egiten ez denik). Izan ere, behin baino gehiagotan komunikabideetan azaldu diren hainbat kontuk, arrazoia izan ala ez izan, nolabaiteko laino-itsu eta zalantza puntua eragiten dute gaia kanpotik ezagutzen duten herritarrengan. Jakina da Zesarri buruz aipatzen den esaldi hori, eta azkenaldian politikoek hainbeste (zergatik ote?) erabiltzen duten hori: Zesarren emaztea ondradua izan behar du eta halakotzat hartua izan.
7. Amaitzeko, Udala eta Jaiotza dela eta, apunte txiki bat. Ezker ikuspegia duen politikan, gero eta hausnarketa sakonagoak eta finagoak ari dira egiten laikotasunaren ikuspegi itxi batek dituen arriskuen aurrean. Gero eta pentsalari gehiagok laikotasun ireki eta ez-antierlijioso baten alde egiten dute. Nik neuk, udal langile gisa, gustura asko egingo nuke, esate baterako, nolako edo halako ekimen islamdarren bat, horrek gurekiko integrazioa areagotzen lagunduko balu.

Bukatzeko, gaizki esanak barkatu eta, ahal bada, jaki freskoak eta goxoak jan gabon jaietan!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide