Amabirjinak Aizarnan 2022
— 2022-08-24Azken bi urte hauetan ez ditugu normaltasunez ospatu Amabirjina jaiak Aizarnan. Birusa dela eta, mesfidantza izan da nagusi, bai parte hartzeko garaian eta antolatzerakoan zer esanik ez. Kontsolatzeko pentsatu behar, beste herriek ere arazo bera izan dutela arlo honetan.
Dena den, gainditu ditugula ematen du izurritearen arazoak eta aspaldian ikusi diren jai jendetsuenak ikusten ari gara, inguruko herrietan. Badirudi jai giroan murgiltzeko zain zegoela jendea, gazte edo adinekoa izan.
Egoera berrira itzuli eta Aizarnan ere antolatu dira Amabirjinak eta beste herrietan bezala hemen ere, parte hartzea bikaina izan dela esango nuke. Ekintza gehienetara ikusle kopuru polita hurbildu zen, inguruko herrietako jende multzoa ikusten zen Aizarnako plazan.
Dena den, utzi diezaiodan jaien testuinguru honi begiratzeari eta egin diezaiedan begirada bat Aizarnakoei.
“Etxafuegoa” bota bezain azkar denak pilotalekura hurbildu ginen. Bertan lau pilotari gazte lehian eta hauetako bi oso ezagunak Aizarnan, Urtzi Egiguren eta bere anaia Aimar. Pilota partidak amaitzerako prest zegoen afaria plazan, giro atsegina sumatu nuen bertan. Ondoren musikarekin gozatu zuten mahaiko jankide guztiek.
Bigarren eguna umeentzako zegoen antolatuta. Egun osoa jolasten igaro zuten txikiek, eta hain txikiak ez zirenak ere baziren tartean, plazan egin zuten bazkariko denbora izan ezik.
Hirugarren egunean meza nagusia eta ondoren iragarrita zegoen bezala paella lehiaketa. Emaitzak ikusi eta badirudi sukaldaritzan maila polita dagoela Aizarnan. Itxura eta zapore ederra zuten paella hauek. Bi taldeen artean puntu berdinketa gertatu zen eta epai mahaiak berriz eztabaidatu ondoren, eskolako haurren guraso taldearen alde egin zuen. Zorionak!!!!!
Aizarnako Amabirjinak duten ekintza ezaugarrienetako bat oilasko biltzea da. Aurten ez zegoen iragarrita, baina zailtasunak gainditu eta azken orduetan osatu zen gazte talde bat ekintza hau burutzeko. Berauek eman zuten ikuskizun polita eguerdian, naiz eta beste urteetako mailara ez iritsi, plazan zegoen ekintza batek oztopatzen baitzuen amaierako ekitaldia.
Aipatu gabe ezin utzi Patxi Urbietak Kultur Etxean jarri zuen miniaturazko baserri eta itsasontzien erakusketa. Artisau lan bikaina eta ordu askoren bitartez lortutako emaitza zegoen bertan. Iunabarrean herriko jendearentzat K.0 deitutako ikuskizuna zegoen. Musika, dantza, kantu eta bertsoekin osatu zuten berau. Iritzi bat eman behar eta esango nuke ekintza honetan argi gutxi zegoela guztiz disfrutatzeko.
Amabirjina egunean amaitu ziren jaiak ikuskizun zoragarri batekin. Iragarrita zegoenez, egun Euskal Herrian pentatloiak dituen kirolari onenak hartuko zuten parte lehiaketan. Korrika, aizkoran, harri jasotzen, txingak eta giza proban, ikuskizun paregabea eman zuten herriko plazan. Hauekin batera “xerpa” gazteak ere 100 kiloko harria jaso zuen sei aldiz. Txalo zaparrada ederra jaso zuen, Aizarnan oso ezaguna baita mutil hau.
Baita ere aipatu egin behar Jagoba Otaegi Aizarnarrak, 150 kiloko harri zilindriko zaharrarekin egin zuen saiakera. Eta ondo gainditu zuen berau, erraz jaso baitzuen bizkarrera harri moldakaitz hau . Gero pentatloian hartu behar zuen parte eta aurretik hau egiteak balio erantsi handia eman zion saiakera honi.
Herri Kirolekin jarraitu eta Jagoba Otaegi Aizarnako gazteak kirolean egin duen bideari egingo diot aipamen berezi bat. Mutil hau txikia zela aitarekin batera ezagutu nuen Aizarnako plazan harri jasotzen, geroztik urtero ikusi dugu harrien mailak gorakada eginez lan egiten. Egun kirolari onenekin ikusten dugu lehian, Aizarnan ere hala ikusi dugu, eta honek egin duen aurrerapena kirolean txalotzekoa da benetan. Ez da amaitu bere bidea kirolean eta batek daki zer ikusteko gauden. Bejondeiola!!!!
Honelako kirolari batek, beti ematen dio herriari balio erantsi bat eta hau ikusi ondoren, German Zelaia bertso zaleak hiru bertso osatu dizkio berari. Hemen argitaratzen ditut behean, merezitakoak ditu eta.
Amaitzen joateko esan beharra daukat Udal Langileen greba dela eta zalantzak zituela jendeak garbitasun aldetik arazorik izango ote zen edo, baina ez, egunero egin dira garbiketak. Herria garbi eta txukun ikusi dugu eta herrian birziklatzeko dagoen kontzientziak ere lagundu zuen horretan.
Idatzi honek jaien zati bat islatzen du eta osoan jabetzen laguntzeko behean argitaratzen ditut jaso ditudan argazki eta bideoak. Ea lagungarri izaten diren egun hauetako giroaz jabetzeko.
German Zelaiak osatutako hiru bertso Jagobari eskainiak
Lehen ere Aizarnak emanak ditu
kirolari on bikainak,
harri, korrika, pilota, aizkora
marka galantak eginak,
baina gaur egun mugitzen gaitu
Jagobaren eraginak,
alde batera uzten badaki
perezak eta ezinak.
Behin epaileak emandakoan
lanerako agindua,
kargaren beldur denbora luze
etzinen ez egondua,
hamabi arroako koadro zahar
eman ziñun astindua,
idatzi beharrik ez dago hori
lekuko dago mundua.
Jaio, hazi ta jarraitzen duzu
hor Ergoingo bailaran,
markarik marka aurrera zoaz
bat bestearen ilaran,
beti hor goian egote hori
badakigu zer zaila dan,
egindakoa gozatuz jarrai
luze holako boladan.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide