Albisteak

Amaia Manterola: “Aldaketek beldurra dakarte askotan, baina emaitzek bide onetik goazela diote”.

Badira bost urte Zestoako eskola eta Arremanitz Kooperatiba, hezkidetza gaiaren inguruan hausnarketan eta elkarlanean ari direla. Martxoan, Zestoako Hezkidetza Foroaren barruan, Zestoako eskolan elkartu dira Arroa, Aizarna eta Zestoako eskoletako zuzendariak, Arroa eta Zestoako guraso elkarteko kideak, Zestoako Udaleko Kulturako zinegotzia, Gaztedi saileko arduraduna eta Arremanitzeko bi kide. Foro bilerako gai nagusia: Zestoako jolastokiaren ibilbidea eta garapena azken urteotan. Aizarna eta Arroako eskola txikietan, errealitatea desberdina bada ere, ikasleen kopuru aldetik gehienbat, baliagarria izaten da beste eskola zertan ari diren entzutea. Arroarrak adi-adi egon ziren Amaia Manterola Zestoako ikastetxeko zuzendariak eman zituen azalpenak entzuten eta Arroabean egiten ari diren eskola berrirako ideiak hartzen.

2012an hasi ziren Zestoako ikastetxean, patioko jokaerei beste betaurreko batzuekin erreparatzen. Urtez urte, pausuak ematen eta moldatzen joan dira. Dozena erdi urte inguruko ibilbide honetan ez da dena erraza izan, baina emaitzarekin asmatzen ari direla uste dute ikastetxean eta gustura agertu dira balorazioan.

2013an jolastorduak bideoz grabatu eta aztertzen hasi ziren. Zer ikusi zuten bideo hauetan? Bada, orohar, mutilak futbolean, patioaren erdigune handiena hartuz eta neskak eta futbola gustatzen ez zitzaien mutilak albo batean edo koska batean eserita. Hau horren nabarmena izanik “baloirik gabeko eguna” ezarri zuten astean behin. “Konfliktoa” eta “zoramena” izan ziren eskolako zuzendariak erabili zituen bi hitzak sortu zena deskribatzerako orduan. Ikasleek ez zekitenez zer egin , elkar kolpatuz eta beraien arteko kontaktuzko jolas desegokietan hasi ziren. Egoera honi aurre egin nahian, bi egunetan ezarri zuten “baloirik gabeko eguna”. Haurren artean ez ezik, irakasleen artean ere aldaketek saltsa sortu zutela aitortu zuten, egoera berrira moldatu ziren arte.

  1. urtean, Arremanitzekin elkarlanean hasi ziren. Hiru urteko hezkidetza proiektua ofizialki eskatu zuten. Urte honetan, alde batetik jolastokian segurtasuna bermatu eta jolastokiaren itxura aldatu nahian zebiltzala, aukera bat suertatu zitzaien: bigarren eskuko belar artifiziala jartzekoa alegia. Jarri, jarri zen, baina, futbol zelai itxura izanagatik, marrak eta errespetatu gabe jarri zen, tokatzen zen bezala, aurrez zegoen lurraren gainean, nola filtratuko zuen jakin gabe. Emaitza: zoragarria. Gustura daude emaitzekin. Hasieran zikin xamarra izan zela aitortu dute (belar mota honek tartean eramaten duen kautxua desagertzen joan zen artean) baina, orain oso gustura daude. Urte honetan, porteriak kendu egin zituzten. Honek, liskarra sortu zuen eskola kirola zela eta, baina, guraso elkartearen proiektuarekin bat egin zuen eta bere babes osoarekin aurrera jarraitu zuten beraien printzipioekin.
  2. eta 2016.ikasturteetan eremu guztiak libre izatetik antolatuak izatera pasa zituzten; mailaka hasera batean, zikloka ondoren, zer materialek funtzionatzen duten eta zerk ez ikusi, arauak adostu (materiala nork atera, nork jaso), eremuetako antolaketa eta arautegia ezagutu… 2017an portxe txikia garbitu eta margotu egin zen. Hezkidetza proiektua bukatzerako dena zehaztuta zegoen.

Gaur egun jolastorduen ordutegia bateratu dute eta LHko haur guztiak batera ateratzen dira jolastordura. Horrek onura asko ekarri ditu, batetik laguntzaile eta PTen ordutegiak hobeto antolatzea, ikasleen beharrei hobeto erantzuteko, bestetik, zikloan beste urte bat behar dutenek ere beraien lagunekin egoteko aukera izatea…

Semaforoaren tresna ere sortu dute. Eguraldi onarekin kanpora ateratzen dira eta txarrarekin ez. Baina, zalantza dagoenean nola erabaki? Zuzendaritzak erabakitzen du jangelako ate parean kartulina borobil gorria edo berdea jarriz. Horren arabera haurrek badakite non eta zer egin dezaketen.

Beste hiru urterako proiektu eskaera

Aurreko proiektua bukatu ostean, bi urtez egon dira moldaketak eginez. Baina oraintxe eskatu berri dute ofizialki hurrengo bi ikasturteetarako hezkidetza proiektua . Aurrera begira dituzten erronkak? Batetik, jolastokian eremu berriak sortzea. Proiektu berri bat dute buruan eta Udalari ere luzatu diote eskaera. Horrez gain, beraien egunerokoa hezkidetza betaurrekoak jantzita egite hori indartu eta finkatzean oinarrituko da proiektuaren fase berria; guraso eta irakasle berriei hezkidetzako betaurrekoekin begiratzea zer den eta nola gauzatzen den ongi azalduz, eskolan erabiltzen den materiala (testu, liburu, bideo, jolas, abesti,…) hezkidetza betaurrekoak jantzita sortuz, genero presentzian erreparatuz, formazio ikastaroak eginez…

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide