ipuin-kontaketa musikatua

Amaitu dugu ikasturtea AEKn

Joan zaigu ikasturte hau ere. Hasierako beldur eta ezinegon guztien gainetik, gorabehera handirik gabe ikasi ahal izan dute gure ikasleek euskaraz. Bejondeizuela denoi!

Ez dakigu inork gogoan izango duen, baina ez genuen ikasturte hasiera samurra izan. Zestoan gogor jo zuen Covid-19ak, ondorioz, atzeratu egin behar izan genuen eskolen hasiera. Hala ere, ordutik aurrera ez dugu izan aparteko gorabeherarik, eskolak nolabaiteko normaltasunez eman ahal izan ditugu. Aurreko ikasturtean halabeharrez ikasitakoa praktikan jartzea ere egokitu zaigu, uneren batean; itxialdian egon diren ikasleekin online aritu behar izan dugu, zenbaitetan. Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerei esker, ordea, nahiko ondo konpondu gara.

Gertaerak gertaera, ikasturte honek erakutsi digu, hala ere, euskarak presentzia nabarmena duela Zestoan. Izan ere, inoiz baino ikasle gehiago izan ditugu. Ia 60 lagun hurbildu zaizkigu eta eguna joan eta eguna etorri euskara tresna eta helburu aritu dira 4 irakaslerekin bidea eginez.

Bestalde, ikasturtea tristea ere izan dela esan genezake. Arau, lege eta murrizketen menpe, ezin izan dugu nahi adina ekintza eta irteera egin. Hala ere, abenduan Santa Engrazira ibilalditxoa egiteko modua izan genuen. Aste honetan bertan, aldiz, ikasturtea amaitu zaigula aprobetxatuz, ipuin-kontaketa musikatua eta afari-mokadutxoa egin genituen. Baztandik eta Iruñetik, Amaia eta Irati etorri zitzaizkigun eta munduko bost emakumeren istorio gogor bezain hunkigarri ekarri zizkiguten.

Ekainaren 23an, hortaz, usadio zaharrei jarraituz, azken hilabeteetako gauza txar guztiak sutan erre genituen. Bide batez, euskarak Amaiaren ahotsean eta musikak Iratiren gitarran duten indarra hauspotuz, Amaiak esan bezala, ahozkotasunak eta hizkuntzak duten garrantzia azpimarratuz borobildu ahal izan genuen ikasturtea.

Irailean berriro hasiko gara martxan, zuen zain izango gaituzue, beti bezala, Kultur Etxeko beheko solairuan.

Laster arte eta segi euskaraz bixi!




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg