Albisteak

Amillubi: ilusioa eta etorkizuna Iraetan

Lurra ondasun kolektibo bilakatzeko helburuarekin ‘Amillubi Lurra Taupaka’ proiektua martxan da. Biolur elkarteak sustatzen du egitasmoa eta Iraetako Amilibia baserria eta bere lurrak modu kolektiboan erostea da epe motzerako duten erronka, “herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten elikadura sistema indartzeko”.

Ilusioa, emozioa eta urduritasuna usaintzen ziren abenduaren 1ean Azpeitiko Azoka Plazako aurkezpenean. Bi urte inguru zeramatzaten egitasmoa lantzen eta bildutako jende kopuruak babesa adierazten zuen. Aurkezpen lanak Ane Aranburu eta Lide Jimenez aizarnarrek eta Mirene Begiristain Biolurkideak egin zituzten.

Azpeitiko ekitaldiaren aurretik, proiektuari laguntza eskaini dioten eragileek argazkia atera zuten Amilibiako lurretan. Han izan zen Mikel Arregi alkatea, baita Danbolin ere, egitasmoa babesteko asmoz.

 

argazkia: Dani Blanco/ARGIA-CC-BY-SA

Amillubi proiektua Biolur elkarteak sustatzen du. Biolur 1993an sortu zen Gipuzkoan. Herritar eta ekoizleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bere xede nagusia dira, elkarlanean eta lankidetza ezberdinak eraikiz, nekazaritza eta abeltzaintza agroekologiko eta iraunkorraren bidez gure lurraren epe luzeko emankortasuna bermatzea, jendartearentzako elikagai osasuntsuak sortzea eta landa inguru eta herri biziak eta duinak sustatzea.

Urte hauetan landutako lankidetza bideari esker, Amillubiko Talde Eragilea sortu dute. Bertan parte hartzen dute zenabit herritar eta eragilek bezala, Biolurreko kide diren hainbat baserritar eta ekoizlek ere. Talde eragile honek Amilibia baserriaren inguruan garatuko diren proiektu agroekologikoak zehaztu, ibilbide sozioekonomikoa jorratu eta arlo komunikatiboa lantzen ditu.

Amilibia bost hektarea baso, lau hektarea belardi natural eta nekazaritzarako lur sailez osatzen da. Balio agroekologiko handiko eremu zabal honek bertako herritarrentzat elikagaiak sortzeko eta babesteko aukera eskaintzen du. Elikadura burujabetzarako bidean lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak martxan jartzekotan dira bertan. Formazioa eta nekazarien arteko saretzea sustatuko dituzte, eta nekazari berri gehiagoren bidelagun izatea ere aurreikusten dute.

Proiektuaren helburu nagusia Amilibia baserria eta bere lurrak ondasun kolektibo bilakatzea da, eta horren bitartez herritarrek bertakoak eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratzea, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera izatea, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea eta lehen sektorea eta elikadura sistema indartzea. Euskal Herrian nekazaritza herrikoi eta iraunkorra eraikitzen ere parte hartu nahi du, Ipar Euskal Herriko Lurzaindiaren lorratzei jarraituta.

argazkia: Dani Blanco/ARGIA-CC-BY-SA

Kokapen estrategikoa

Amillubiko kideen esanetan, leku estrategikoan daude kokatuta Amilibia baserria eta bere lurrak. Izan ere, baserria Urola ibaiak Iraeta parean duen meandro naturalean baitago. Meandroan egoteak krisi klimatikoaren garaiotan ura eskura izatea bermatzen du eta lurraren emankortasuna indartzen. Horregatik dira lur hauek baratzegintzarako, frutagintzarako eta lurraren laborantzarako egokiak.

Gainera, lurrak entitate-publikoaren jabetza duten 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, eta honek etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera eskaintzen du. 

Azkenik, logistika antolatzeko eta elikagaiak banatzeko ere leku egokian dago, bai Gipuzkoako kostaldeari begira, bai eta barrualdeko eskualdeei begira ere.

Diru-ekarpenak egiteko hainbat bide

Amilibia baserria konpondu eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko, 390.000 euro behar dituzte. Hainbat bitarteko prestatu dituzte horretarako eta www.amillubi.eus webgunean oso argi azaltzean dira.

Esate baterako, Coop57 Fundazioaren lankidetzari esker, interneten euskarri berezia prestatu dute crowdfunding diru-ekarpen kanpaina egiteko honako helbidean: https://amillubi.coop57.coop/. Honen bidez 150.000 euro bildu nahi ditu Biolurrek, baserria erosteko lehen ordainketak egin ahal izateko.

Horrez gain, beste aukera batzuk ere badaude proiektua diruz laguntzeko; bono-laguntza formatuko bitartekoak prestatu dituzte ekarpenak jasotzeko eta emandako kopuruaren arabera koadernoak, orri-markatzaileak, edo Pott Keramikako lagunek eskuz egindako platerak jasotzen dira ordainetan. Errifak ere jarriko dituzte salgai eta Biolurreko ekoizle sarearekin lankidetzan, beraien produktuak erostean Amillubi proiektuari laguntza adierazteko pegatinak ere diseinatu dituzte.

Aitor Ossa

Arroabeko Txara, Goiener, Argiola eta antzeko proiektuetan ibilia zara, orain Amillubi dugu herrian. Zer ikusten diozu proiektuari?

Gauzak egiteko “beste modu bat” dagoela sinisten dut eta Amillubin argi ikusten dut proiektuaren asmo nagusia ez dela negozioa egitea edo irabazi ekonomikoak lortzea inoren poltsikorako, baizik eta gizarte osoarentzako nahiz ingurumenerako onurak izatea. Bizi dugun egoeran horrelako gauzei arreta handia jarri behar zaie, eta proiektu berriak zein asmorekin sortzen diren aztertu.

Amillubi elikadura burujabetzara bidean jarriko gaituen proiektua da; tokian tokiko ekoizpena sustatzen du, bertan bertako produktuak edukitzea eta ekoizleak baldintza duinetan izatea, eta baserritarrei edota horretan hasi nahi dutenei laguntzea.

Lotura zuzena dauka, nire ustez, adibidez, trantsizio energetikoarekin, eta horri ere erreparatu behar diogu; zer jaten dugun eta zer energia kontsumo duen elikagai horrek ekoizpenak. Zentzu horretan, urrats eta apustu potente bat da.

Udaleko zinegotzi ere bazaitugu. Udalak babesa eman dio proiektuari. Zein izan da arrazoi nagusia?

Iraetan 25 hektarea lur publiko ditu Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak, Visesak. Udalak eremu horren inguruan elikadura burujabetzarekin eta tokiko ekoizpenarekin lotuta zerbait egitea aspaldidanik buruan zeukan zerbait da. Zentzu horretan, Amillubi proiektua Udalak buruan zebilkien ideiaren bide beretik doa, eta gainera alboko lurrak dira.

Lankidetza publiko-komunitarioa gauzatzen da Udalaren eta Biolurren arteko hitzarmenaren bidez. Herrigintza mota bat dela uste dut, gaiaz dakiten eragileek ekin eta Udalak ekintza horiek sustengatu eta laguntzea; batez ere Udala iristen ez den esparruetan. Kasu honetan, Udalak babes ekonomikoa ematen du eta Biolurrek diru hau erabiliko du proiektua dinamizatzeko eta herrian agroekologiarekin lotutako ekintzak egiteko.

Zertan uste duzu eragingo duela eskualde mailan?

Oraindik dena zehaztu gabe baldin badago ere, sozioekonomia ikuspegitik emango dion onura, adibidez, izan daiteke nekazaritza munduan sartzekotan dabiltzanei aukera eskaintzea aurreneko pausuak ematen. Hasieretan inbertsio handiak egin behar izaten dira eta askotan ez baita erraza suertatzen. Jada badabiltzanentzat ere babes nahiz aholkularitza figura izan dezake, besteak beste, gauza berriak probatzeko aukera eskainiz. Merkataritza ikuspegitik ere, Amillubin ekoizten diren produktuak bertako dendatan edukitzea nik uste interesagarria dela. Nekazaritza ekologikoaren nolabaiteko zonaldeko bilgunea edo erreferentzia ere izan daiteke.

Ane Aranburu. Ertxineko

Talde eragileko kide zara eta badakigu azken aldian gogor ari zaretela lanean, baina aldi berean gustura, ezta?

Lana bai, baina ilusioa ere sumatzen da proiektu honen inguruan. Duela ia hamar urte Aizarnan oilategiaren proiektua abiatu genuenean egin ginen Biolurreko kide. Abeltzaintzari lotutako gure proiektua martxan jartzen, lurrak eta oilategia egokitzen, merkatua egiten, paperak zuzentzen… egia esan nahiko lanekin ibili gara hamar urte hauetan. Orain etxeko proiektua nahikoa egonkortzea lortu dugunean, eta gure eskualdean Amillubiren proiektua abiatzear zela jakin genuenean, gure aletxoa jartzea erabaki genuen. Amillubiko taldera batu ginen, beste nekazari eta herritar batzuekin batera.

Zestoa edo bailara mailan proiektuak zertan eragingo duela uste duzu?

Alde batetik, herritar kontsumitzaile gisara onurak ekarriko dizkigula uste dut, gertuko elikadura sistema indartzen lagunduko duelako. Bestetik, proiektua sektorearentzako pizgarri izan daitekeela iruditzen zait. Amillubin garatuko diren proiektuak oraindik gorpuzteko daude, baina herrian edo eskualde mailan lehen sektorean trebatu nahi dutenei lagun diezaieke Amillubik. Horrez gain, Biolurren sarean gauden nekazari eta abeltzainoi aukerak eskaini diezazkiguke: okinak, adibidez, badakit gariarekin esperimentatzeko gogoz daudela. Erosketa izango da orain lortu beharreko helburua, eta horrekin batera, eremu honetan garatuko diren proiektuak gorpuzten joatea epe ertainera begira. Luzera begira jarrita, berriz, Iparraldeko Lurzaindia bezalako egitura bat Hegoaldean abian jartzea ekar lezake hemen abiatuko denak, amesten hasita.

Zuek Ertxineko arrautzen proiektua duzue aspalditik martxan. Horrelako ekoizleentzat zertan eragingo duela uste duzu?

Ekoizle txikientzako proiektuak behar ditugu eta erakundeak gehiago ikusten ditugu instalazio handiak dituztenei begira. Ekoizle txikiok ere baditugu beharrak, baina askotan baliabideak falta zaizkigu, nork bere ustialekuetan behar guztiei erantzuteko. Badakit Amillubik ez dituela behar guztiak aseko, baina taldeetatik jasotako bati edo besteri irtenbidea ematen bazaio, hori gehiago. Ekoizle txikion sareak zaindu behar ditugu eta ahal dugun neurrian elkar laguntzen eta indartzen gaituzten proiektuen alde lan egin, bakoitzak bere momentutik eta ahal duenetik.

Igor Odriozola eta Tina Elovikova

Atristain baserriaren kasuan, gehienbat erlezaintza eta fruitugintza lantzen ditugu. Nekazaritza ekologikoan ziurtatuta gaude eta Biolur-eko bazkideak gara. Biolur-en barruan Amillubiko proiektuarekin bat egiten dugu. Egitasmoak duen alderdirik garrantzitsuena, beharbada, lurraren babesa dela iruditzen zaigu. Gelditzen zaigun apurra mantendu beharra dago. Amillubiko lurrez gain, Iraetako erribera edo Sabe osoa babesteko abiapuntua izan daiteke. Nekazaritzan hasi garen gehienon arazo handienetako bat izan da lur egoki nahikorik ez izatea. Gure kasuan, lursailak auzo herrietan sakabanatuta edukitzea ekarri du eta horrek asko zailtzen du lana. Bestalde, ez du edozein lurrek balio eta Iraetakoak egokiak dira (ordeka, emankorra, eguzkitsua, hezea…). Nekazari berrien ezarpenaz gain, beste hainbat proiektu kolektibo garatzeko ere balio lezake: partekatzen dugun makineria eta materialen biltegi, trebakuntzarako, landaketa kolektiboak egiteko, beste baserrietan erabiliko diren landareak ereiteko…

Pili Perurena eta Maia Ossa. Txara Arroabea

Sartu berriak gara Biolur elkartean. Orain artean geure proiektua martxa jartzen aritu gara. Arroabean eguneroko elikagaiak eskura izateko zegoen hutsuneari erantzun modura sortu genuen Txara proiektua. Elkartzeko gunea izatea eta elikaduraren inguruan kontzientzia lantzea ere baditu helburu.

Dendara elikagaiak ekarriko dizkiguten ekoizleak falta zaizkigu. Inguruko barazki-saltzaileek beraien kontsumo talde, azoka eta zirkuitu finkoak dituzte.

Guretzat Amillubi altxorra izango da zentzu horretan, bertatik bertara izango baititugu produktu freskoak eta gure filosofiarekin bat egiten dutenak; eta, gainera, elikagaien zuzeneko informazioa izango dugu. Guretzat aurrerapauso garrantzitsua da.

Uste dugu proiektuak lehen sektorean saretzen eta formatzen ere lagunduko duela. Transmisio hori ematea oso garrantzitsua da galtzen ari den sektore honetan. Alde horregatik ere oso positiboa izango da.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide