Albisteak

Ander Etxeberria: “Hemen bizitakoa eta ikasitakoa Zestoan ere praktikan jarri nahiko nuke”

Kuadrillakoekin Almeriara joateko plana egina nuen aurtengo udarako, baina “Behin Andaluziara jaitsita, Anderri bisitatxoa egin beharko diot, ba?”, pentsatu nuen. Telefonoz abisatu nion aurrez eta, “Nola ez ba?”, nahi nuenean joateko, ilusio handiz hartuko nindutela; lotarako lekua ere egingo zidatela, janaririk ez nuela faltako, baina lan pixka bat egitetik ez nintzela libratuko. Ander Etxeberriak 2019an Zestoatik irtetea erabaki zuen, zeraman bizi eredua eta erritmoa alde batera utzi eta beste zerbaiten bila. Extremadurara abiatu zen aurrena, eta segituan Granadan aurkitu zuen buruan zebilkien lekua eta giroa. Azken ia urtebetean Granadako Orgiva herriko auzo batean bizi izan da, Alpujarra eskualdean. Egun hauetan, ordea, herrian ikusiko zenuten zuetako askok Ander. Izan ere, hil honetan itzuli da herrira. Azken bi urteak esperientzia zoragarriak izan direla dio, ikusi duela zein den bere bidea, baina jaioterriak eta hemengo harremanek tira egiten diote, nonbait. Egonaldiko azken egunetan La Burra Verde proiektu ekologikoa ezagutzeko aukera izan dut; joan den urtebetean Anderrek bizitoki izan duen espazioa, bizi moldea eta jendea.

Gasolindegitik Alpujarrara

Almeriako oporralditik Zestoako norabidea hartu zuen gure furgonetak. Google maps-en arabera Granadatik gertuen zegoen gasolindegian egin genuen lehenengo geldialdia. Hantxe zegoen Ander gure zain, puntual, lasai, terrazan gosaltzen. Gustura hartu zituen herritarren aurpegiak, aspaldiko partez. Denok agurtu eta batzuk Zestoara, besteak Alpujarrara. Autoan sartu eta ordubetean iritsi ginen Anderren herrira. Etxera iristeko beste pixka bat behar izan genuen, kilometrotxo bat edo oinez egin behar, baserri bide eta bidezidor batetik. Segituan konturatu nintzen nire gurpildun maleta ez zela egokia leku hartarako… baina minutu gutxian agertu zen La Burra Verde jartzen zuen hesola. Aldapatxo bat jaitsi eta etxe nagusia, sukalde komunala, komun lehorra eta horren atzean etxola urdin polit bat. “Horixe izango da zure etxea datozen hiru egunetan”, esan zidan Anderrek. Mutlu agertu zen segituan, Anderren bikotekidea, eta besarkada estu-estu eta goxo batekin egin zidan ongietorria.

“Eta beste denak non dira, ba?” galdetu nien. Nik ulertua nuen jende pila bat bizi zela elkarrekin hainbat txabolatan. Han, ordea, bi pertsona eta bi txabola bakarrik ikusten nituen. Beste etxetxoak urrunago zeudela azaldu zidaten, batetik bestera distantzia pixka bat bazegoela. Larunbata, jaieguna zela, eta asteburuetan bakoitzak bere planak egiten zituela. Hala ere, asteburuan elkartu ginen batzuekin, eta astelehenean falta ziren denak ezagutu nituen: Antonio, Miriam, Xacobe, Ron, Lucas eta Lize. Horixe momentuan proiektu ekologikoan lanean eta bizitzen zebilen taldetxoa. Nahasketa kultural ederra hangoa! Euskal Herria, Turkia, Galizia, Israel, Belgika eta Andaluziakoak. Hizkuntzak praktikatzeko ere ez da leku txarra hura. Kate ez nuen ezagutu, lurren jabea eta proiektuaren bultzatzailea. Ingalaterran zen familiakoak bisitatzen. Duela hogeita bost urte hasi zen La Burra Verderi forma ematen. Hogei hektareako eremua erosi eta han bertan eta bertatik bizitzeko apustua egin zuen. Naturarekiko kontaktu zuzenean, baina ahalik eta gutxien eraginda. Energia eta elikadura burujaberako bidean, merkatu eta sistema kapitalistatik, ahal den neurrian, urrunduta. Txaboletan jendeak egonaldiak egiten ditu, eta espaziorako lanean aritzen dira jana eta lotarako lekuaren truke.

——

Trasteak nire txabolatxoan utzi eta bazkaria prestatzen hasi ginen. Granadako abuztuko berotan ze ondo sartu zitzaizkidan baratzetik orduantxe jasotako produktuak! Galdera bat bestearen atzetik egiten hasi nintzen biei. Niretzat dena zen berria… Eta Anderrek komentatu zidan, “Zergatik ez duzu idazten Danbolinen La Burra Verderen inguruan? Nik hona etorri aurretik ez neukan horrelako proiektuen berri eta gustatuko litzaidake zestoarrek jakitea nola bizi izan naizen eta horrelako beste mila aukera badirela”. Gai polita izan zitekeela eta baietz erantzun nion. Eta galderak egiten jarraitu nuen.

Oraindik ez naiz ondo kokatzen. Zenbat txabola daude, gaur egun zenbat bizi zarete hemen?

Lasai, bazkalondoan egingo dugu bueltatxoa eta ikusiko duzu eremu guztia. Hogei hektarea inguru daude hemen, eta denera bederatzi etxola. Etxe nagusia, boluntarioen sei txabola, eta beste bi kanpotik egonaldi laburrak egitera datozenentzat. Etxe nagusian Kate bizi da, proiektuaren ardura darama eta lantaldea koordinatzen du. Gu boluntarioak gara, eta lana egiten dugu janariaren eta ohearen truke. Aparte, jendea oporrak pasatzera edo egonaldiak egitera etortzen da, eta horiek ordaindu egiten dute etxetxoa.

Eta zer lan egiten duzue?

Biziraupenerako behar ditugun gauzak lortzeko egiten dugu lan; jateko produktuak ekoiztu eta lekuaren eta espazioen mantenua. Lurrak txukundu, ureztatu, baratzeko lanak, txaboletako konponketak… Mantentze lanez gain, etxolak eta espazio komunak hobetzen saiatzen gara.

Animaliak ere badituzuela ikusten dut.

Bai, katuak, astoak eta oiloak. Asto simaurra ongarri gisa erabiltzen dugu eta oiloak arrautzetarako.

Ez duzue ezer erosten, diru sarrerarik ere ez duzue?

Nahiko zaila da hori, baina ia autosufizienteak gara, bai. Kanpoko diru sarrerak baditugu. Diru sarrera nagusiak olibetatik eta kanpoko jendeak bi txaboletan egiten dituzten egonaldietatik datoz. Udan baratzea aberatsa da eta otarreak prestatzen ditugu, edota arrautzak saltzen dizkiegu ingurukoei.

Orduan, jaten duzuen janari dena zuek ekoiztutakoa da?

Bai, gehiena bai. Gure baratzetik ateratako barazkiek osatzen dute gure jatorduaren zati handiena. Gero, zerealak, lekaleak, irina… erosi egiten ditugu. Haragirik ez dugu jaten, jeneralean. Orain, udan, produktu asko dago, eta saiatzen gara horiek urte osorako mantentzen; beraz, berdurak lehortu egiten ditugu, deshidratatu, frijitu, potoetan sartu… eta horrela urte osorako janaria pilatzen dugu. Ez dugu ezer alferrik galtzen uzten.

Baratze ederra izango duzue orduan?

Baratzeko ekoizpenean lurrari ahalik eta gutxien eragiten eta naturaren erritmoak errespetatzen saiatzen gara. Barazki denak elkarrekin daude, loreak, espezieak eta zuhaitzak denak nahastuta. Ekosistema osatzen dute eta elkar laguntzen dira. Baratzean erabiltzen ditugun lokarriak egiteko, kotoia edo kalamua erabiltzen dugu, plastikorik ez erabiltzen saiatzen gara. Barazki onenak gorde egiten ditugu, horien haziak gorde eta hurrengo urtean landare berriak ateratzen ditugu, baina landare horiek memoria dute eta lurrera egokituta daude.

Erabiltzen duzuen energia ere ez duzue erosten, ezta?

Energia gehiena berriztagarria eta bertan sortutakoa da. Etxeetako elektrizitatea eguzki sistema bidezkoa da; behar dugun elektrizitatea lortzeko nahikoa da eguzkiaren argia. Dutxatzeko ura ere eguzki energiaren bidez berotzen da, zirkuitu itxiko konbekzio sistema baten bidez. Egun eguzkitsuetan sukalde parabolikoetan prestatzen dugu janaria: eguzkiaren argia islatzen da plaka horietan eta aprobetxatu egiten da energia termikoa. Orain geu hasi gara eguzki sukaldeak egiten, era horretako energiak bultzatzeko hemen inguruan. Prototipo bat egin nahi dugu, ikusteko zer preziotan lortzen dugun horrelako sukalde bat guk geuk eginda. Ikusten badugu merkatuko prezioetan baino merkeago egiteko gai garela, ba eraiki egingo ditugu batzuk hemen inguruko jendeari kostu prezioan emateko.

Komunek, berriz, txosnetako eta musika jaialdietako komunak dirudite.

Komun lehorrak edo konpostgileak dira. Ez da urik erabiltzen komun horietan. Egin beharrekoak egin ondoren, lastoa edo beste material organikoa botatzen da zulora. Urteetan erabil daiteke hustu gabe, eta husteko garaia iristen denean, gure kakarekin egindako ongarria aterako da. Nutrienteetan aberatsa eta patogenorik ez duen konposta lortzen da, eta ongarri organiko gisa erabil daiteke.

Zein da hemen zure egunerokoa?

Astegunetan 8:00etan elkartzen gara lantaldea eta eguerdira arte eguneko lanak egiten ditugu; jeneralean bezperan egiten dugu lan banaketa. Nik denetik egiten dut, tokatzen dena edo behar dena. Orain adibidez, Kate jabea falta delako, taldearen koordinazioaz arduratzen naiz, Mutlurekin batera. Ureztatze kontuak ere, jeneralean, niri dagozkit. Hemen azekien sistema erabiltzen da, arabiarrek ekarri zuten. Alpujarra mendietatik datorren ura garraiatzen edo desbideratzen da lurrak ureztatzeko. Herritarren artean banatuta daude ordutegiak, ezin izaten dugu edozein egunetan eta ordutan desbideratu ura guretzat. Ordutegiak antolatuta ditugu eta guri dagokigunean, ubideak irekitzera igotzen naiz. Eguneko lanak amaituta, arratsaldeetan eta asteburuetan inguruaz eta ingurukoez gozatzen saiatzen gara.

Irailean itzuliko zara Zestoara. Zer asmo dituzu?

Gaur-gaurkoz, hemen bizitakoa eta ikasitakoa Zestoan ere praktikan jarri nahiko nuke. Gure hasierako helburua lurra bilatzea izango da, buruan daukagunari forma emateko. Hor aplikatu nahiko genuke ikasi duguna: eraikitzea, permakultura, energia berriztagarriak erabiltzea… Gure ezagutzak aplikatu eta ahal den neurrian autosufizienteak izatea nahiko genuke, eta sistema kapitalistatik ahalik eta dependentzia gutxiena izatea. Gero, etorkizunera begira, gustatuko litzaidake guk ekoiztutako produktuak kozinatu eta jendeari eskaintzea, niri sukaldaritza asko gustatzen baitzait. Ikusi egin behar zer aukera dauden. Horrez gain, jendeari erakutsi nahiko genioke gure bizimodua. Agian, guztiz burujabe izatea oso zaila izango da, baina gauza asko aurreztu daitezkeela uste dut, norberak eginda. Azken urteetan jasotako ezagutzak partekatu nahiko nituzke. Zergatik ez La Burra Verde moduko proiektu bat gure inguruan?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide