Albisteak
[ARGAZKIAK] Amillubi proiektua aurkeztu da Zestoan
— 2024-01-25Abenduaren 1ean Azpeitian Amillubi proiektuaren aurkezpen ofiziala egin bazen ere, atzo Udalak antolatutako Zestotik-Mahaira agroekologia zikloaren amaiera modura, Zestoan ere aurkeztu zen Iraetako Amilibia baserriaren inguruan Biolur egosten ari den proiektua.
Ane Aranburuk Biolur izan zuen aurkezpenaren sorreran aipagai. Ideia nondik nora sortu zen azaldu zuen, izan ere, Biolurkide batzuk Amilibia baserri aurreko lurrak ustiatzen dituzte eta baserria eta bere lurrak saltzekoak zirela jakin zuten. Ideia hori astinduz hasi ziren proiektua lantzen. Iraetan bertan Biolurreko kideei egin zitzaien barne-aurkezpena 2023ko uztailean, Biolurren 30. urteurrenean. Gaur egun hamabost bat laguneko talde eragile bat dagoela azaldu zuen Aranburuk eta ateak zabalik dituztela batu nahi dutenentzat.
Mirene Begiristain Biolkurkidea etorkizuneko kezka eta ilusioez aritu zen. Izan ere erretiroa hartzen ari dira bertako ekoizle asko eta kanpotik ekarritako elikaduren menpekotasunak kezka sortzen du. Amillubi bezalako irabazi asmorik gabeko proiektuek, berriz, ilusioa sortzen dutela aipatu zuen etorkizunari begira.
Jabeekin bi urteko epea adostu dute lurrak eta baserriaren ordainketa gauzatzeko. Batere espekulaziorik gabe jarritako prezioak adostu dituztela onartu zuen aurreko jabeekin, izan ere horiek jarraipena ziurtatu nahi zutela beraien lurrentzat.
Buruan proiektu asko baldin badituzte ere, martxan oraindik jarri gabe daudela azaldu zuten aurkezpenean, dena den, udaberri alderako proiektuarentzat diru sarrera izango diren elikagaiak ekoizten hastekotan dira, besteak beste, babarrunak. Abeltzainen taldeak ere badu bigarren fase baterago hiltegi txiki bat martxan jartzeko ideia buruan, baratzezainek, berriz, landare mintegi bat, okinak ere zelai ordekatsuan esperimentuak egiten hasteko ilusioarekin daude…
Aurkezpenaren azken zatian, Lide Jimenezek Amillubi.eus webguneari buruzko xehetasunak eman zituen. Proiektua azaltzeaz gain, momentuan behar duten ekarpen ekonomikoa egiteko hainbat aukera daudela azaldu zuen. Crowfondik bat ere jarri dute martxan jendeak ekarpenak egin ditzan eta sei hilabetean lortzeko esperantza zutenaren erdia lortu dutela hilabetean gaineratu zuten. Guztira 367dohaintza egin dira eta 73.676 euro bildu dira. Ekarpena egiteko lotura hemen
Agroekologiako zikloko parte izan den Koxinatuko Maitane Cabezak prestatutako mokadutxoaren inguruan solasaldia eginez eman zitzaion aurkezpenari amaiera.
Egin zaitez bazkide