Albisteak

[ARGAZKIAK] San Juan egunaren baitan zati berriaren inaugurazioa egin dute San Juan egoitzan

San Joan egunaren bezperan ospakizunetan dabiltza San Juan egoitzakoak. Joseba Illarramendi zuzendariak azaldu duen moduan, urte batzuk pasa dira “San Juan eguna” behar bezala ospatu ezinik, eta gaurkoa egun “berezia” izan da beraientzat. Hamaiketako ederra egin dute bertako egoiliar eta eguneko zentroko erabiltzaile senitarteko eta langileekin batera.

Bereziki eskertu ditu Illarramendik egun honetarako, jai edukita ere, bertaratzen diren langileak. Fundazioa osatzen duten kideak ere aipatu ditu. Tartean, Ixiar Larrañaga, garai batean medikua izana eta oraindik ere fundazioko kide izaten jarraitzen duena, “40 bat urte inguru daramatza juntan eta bereziki berari ere txalo bero bat eskaini nahiko nioke” esan du Illarramendik. Ez du ahaztu Beatriz Zubia zinegotzia ere, “aipamen berezia egin nahi diot zinegotzi modura bere aurreneko ekitaldi publikoa San Juan egunean izan zuen eta gaur du bere azken ekitaldi publikoa, zinegotzi kargua uztera doalako”, eta berarentzat ere txalo batzuk eskatu ditu.

Fundazioko lehendakari eta alkate gisa Mikel Arregik egin du bere hitzartzea jarraian. Kaleak triste zeudela eta egoitzan erromeria eta giro ederra aurkitu dituela esan du, “animoak igotzeko modukoa”. Gaur zati berri baten inaugurazioa ere badela gogorarazi du eta San Juaneko ekipo guzti-guztia eskertu du egiten duten lanagatik eta bakoitzak jartzen duen aleagatik, “horri eskerra herri hobeago bat dugulako”, gaineratu du.

Amets Aizpurua bertsolariak Bilintxen bertso batzuk abestu ditu ondoren eta jende artetik ateratako bi senitartekok, inprobisazio puntu bat tarteko, mikrofonoa hartu eta esker on hitz batzuk eskaini dizkie egoitzako lan taldeari. Etxean bizi diren bi pertsonei zorionak kantatu dizkiete jarraian atzo urteak betetzen zituztelako. Langileen ordezkari batek ere hitz batzuk egin ditu eta trikiti, kanta eta dantza giroan eman zaio ekitaldiari amaiera.

Eliza zena egoitza bihurtua

1919koa da San Juan egoitza eta handik zortzi urtera egindakoa da alboko kapila. Illarramendiren esanetan lehengo urtera arte kapila funtzioak bete izan ditu “garai batean egoitzan bertan, garai hartako “Miserikordian”, bertako kapelaua egoten zen, eta goizero meza izaten zen… garai hartako gizartearen isla. Meza kontuak indarra galtzen joan ziren eta azken urteetan ia erabilpenik ez zitzaion ematen elizari; San Juan egun honetan bertan egiten zen meza eta kanpandorrea tximistak puskatu zuenean, eliza konpondu bitartean, hemen ematen zen meza, baina bestela ez zen asko erabiltzen”. Zuzendariaren esanetan, Foru Aldundiak egoitzetako gelen %75 banakako gelak izatea eskatzen du orain eta  behar hori ikusita, kapila jabetzaz fundazioarena den arren, Gotzaindegiarekin eta herriko apaizarekin hitz egin zuten beraien asmoen berri emateko eta hauek egoera ulertu zuten eta ez zuten inolako eragozpenik jarri.

Eliza zena geletan bihurtzeko lanak 2023an hasi ziren eta urtebete inguru iraun dute. Guztira 10 gela indibidual egin dituzte, bakoitza bere kumunarekin. “36 plaza izatetik 40 plaza izatera pasa gara, 4 gehitu ditugu, 10 gela berri egin dira eta lehengo gela bikoitzak bakarrekoak izatera pasa direnean, 40 plazekin gelditu gara”. Ofizialki hilabete da gela hauek martxan daudela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide