Albisteak
Argiola Zestoako Energia Berriztagarrien komunitatea aurkeztu dute
— 2023-02-24Interesa piztu zuen gaiak eta kultur etxeko aretoa bete egin zen atzo arratsaldean komunitate energetikoaren aurkezpen ekitaldian.
Hastapenetatik urtebetera
Aitana Etxeberriak hartu zuen aurrena hitza, eta orain arteko urtebete inguruko ibilbidean egin diren bilera, hitzaldi eta formakuntza saioez gain, taldean eman den hausnarketaz aritu zen aurrena. Komunitatea gaur egun hiru azpitaldetan banatuta dagoela azaldu zuen; talde juridikoa, taldeari zein forma eman erabakitzen eta kooperatiba eratzeko bidean pausuak ematen ari dena, proiektuen taldea eta komunikazio taldea.
Komunitatearen helburuak zein diren ere azaldu zuen Etxeberriak, energiaren inguruko kontzientziazioa eta ahalduntzea sakontzea, eraginkortasun energetikoa eta mugikortasun jasangarria bermatzea, energia-kontsumoa murriztea eta soluzio teknologiko eta soziopolitikoak aurkitu eta burujabetza energetikoa lortzea, aipatu zituen besteak beste.
Trantsizio energetikoaz ere aritu zen, eta hau bermatzeko hausnarketa eta “behetik gorako noranzkoan” sortutako komunitatea behar direla azpimarratu zuen. Helburuak ez direla berez lortuko adierazi zuen, lana eta ekimenak beharko direla eta herritar aktiboak gaineratu zuen.
Arroabea, Aizarna eta Zestoako proiektuak
Iñaki Odriozolak, proiektuen taldeko kideak, hartu zuen ondoren hitza. Udalaren baimenarekin Goienerrek egindako teilatu publikoen azterketa aipatu zuen Odriozolak. Hauetan oinarrituta, eta kiroldegiko teilatuko lanak atzeratu egin zirela kontuan hartuta, Aizarnako frontoian eta Arroabeko eskolako teilatuetan instalazio bana egiteko proiektuak aztertu zirela aipatu zuen. Bi auzo hauetan aurkezpenak ere egin ziren eta interesa zuten zenbait auzotarren argindar fakturak ere jasota dituzte kontsumo ohiturak aztertzeko.
Instalazioak egiten diren kokapenetatik bi kilometroko erradioaren barruan sartzen diren bizilagunek har dezakete parte proiektuetan eta kiroldegikoa kontuan hartuta hiru zirkunferentziaz osatutako mapa irudia aurkeztu zuen taldeak. Honen arabera, Zestoako azalera ia osoa hartzen dela azaldu zuten.
Autokontsumo kolektiboari dagokionean, Odriozola efizientziaz aritu zen. Ekonomikoki inbertsioa egiterako orduan askoren artean egiteak izan ditzakeen abantailak eta kontsumo ohitura ezberdinak dituztenen artean energia soberakina gutxitzeko aukerak aipatu zituen.
Kooperatiba eratze bidean
Manuel Arregik talde juridikoak eman dituen pausuak azaldu zituen. Hainbat kontsulta egin ondoren formarik egokiena kooperatibarena zela adostu zutela esan zuen, hainbat bazkide eta partaide mota hartzeko aukera eskaintzen zuelako. Irabazi asmorik gabeko sozietatea izango dela. Momentuz, sustatzaile modura Aizarna, Arroa eta Zestoako 15 herritarrek osatzen dutela eta aurreneko buruzpideak eginda daudela; eratze batzarra, kontseilu erretorea osatuta, estatutuak onartuta…
Bazkidetza kanpaina
Kooperatiba beraz eratuta egotea aurreikusten da oso denbora laburrean eta komunitateak bazkidetza kanpaina jarri du jada martxan. Kooperatibako bazkide izateko 10 euroko kuota ordaindu beharko da behin. Bazkide mota asko daudela ere azpimarratu zen: herritar soilak, merkatariak, erakundeak, enpresak… Behin bazkide eginda bileretan parte hartu eta iritzia emateko aukera izango dute bazkideek.
Bazkide egiteko lotura bat eta kontaktua ere jakinarazi zituzten komunitateko kideek aurkezpen ondoren kanpoan jarritako mahaian: labur.eus/argiola-bazkidetza helbidean sartuta egin daiteke bazkide eta argiola@ni.eus helbidera idatzita lortu daiteke informazio gehiago.
Egin zaitez bazkide