Arozena SOS (II)

Atzo nik Arozena hotelari buruz idatzitakoa zela-eta, Aittolak iruzkina jarri du facebook-en (eskerrik asko, Aittola, jarraitzaile izateagatik eta parte-hartzeagatik). Erabat ados nago berarekin. Mamira sartu aurretik, ordea, gauzatxo bat: baten batek pentsatzen badu historiaz hitz egiteagatik etorkizuneko arazoei ihes egiten ari garela (badakit Aittolak ez duela esaten horrelakorik), hori ez da horrela. Baina esan beharra dago, irudipen horiei erantzunez, gaur egun, orainaldi eternoan bizi garen gizarte honetan, iraultzailea ez ezik beharrezkoa ere badela atzera begiratzea, nondik gatozen hausnartzea, garai batean zer izan ginen jakitea… Besteak beste, ibilbidea gainbehera edo goraka egiten ari garen jakiteko; alegia, herria hobetzen edo okertzen ari ote garen ikusteko.

Gauza askotan aitzindariak, aurrerakoiak, izan gara zestoarrok urtetan zehar eta horrela izaten segitzea nahiko nukeelako. Gu izan ginen, zestoarrok, Hego Euskal Herrira turismoa ekarri genuen lehenetarikoak. Bailara eta inguruetan, gu izan ginen lehenak fox-trot edo charleston hitzak zer ziren jakiten (eta dantzatzen ere bai, seguruenik). Orduan aitzindariak izan ginelako gauza askotan, orain ere hala izateak merezi du; ausartak izatea, orduko antzindari izaera hark merezi duen gisako etorkizuna izan dezagun Zestoan.

Eta horretara nator hemen. Guztiz bat Aittolarekin, zera esaten duenean: “lanpostuekin, turismoarekin, etxebizitza politikarekin, aktibitate ekonomiko-sozialarekin lotu genezake”.

Nik neuk, ahal balitz ez nioke orain arte izan duen izaera/xedea aldatuko, hotela izatearena, alegia. Errentagarria ote? Duela pare bat urte enpresa berri bat interesaturik egon zen, hotela pixka bat txukundu eta martxan jartzeko. Bideragarria den seinale. Beste aukera bat litzateke zati bat bakarrik erabiltzea: arkitektonikoki aberatsena den behe solairua, erabilera komunetarako, eta goiko pisuetako zatiren bat logelatarako. Ez dakit, ez naiz aditua baina jatorrena hotel gisa jarraitzea litzateke.

Etxebizitzak egitea eta ez da tontakeria (hor ere dena edo zatiren bat). Garai batean, eraikuntza sektorea esne mamitan zegoenean, urrezko aukera galdu zen zerbait ausarta egiteko: esate baterako, gazteentzako etxebizitzak edo etxebizitza sozialak, prezio onean, eta era eredugarrian zaharberrituta eraikuntza (alegia, etxe berriak egiten hainbeste lursail erabili beharrean, zaharrak aprobetxatu eta ondo zaharberritu). Udala eta Jaurlaritzaren artean ezin ote zitekeen proiektu ausarta bat landu? Ez zela errentagarria? Nik ez dakit. Hemen, bakarrik ondarea txikitu eta dena berria egitea da errentagarria eta bideragarria, dirudienez.

Interes sozialeko beste zenbait proiektu ere aipatu izan dira: zaharentzako egoitza, errefuxiatuentzako lekua… baina irudipena daukat asmo horiek beste konplexutasun batzuk dauzkatela: herria prestatuta al dago horretarako? (mentalitatea, ikastetxe zerbitzu egokia, osasun zerbitzuak…).

Hemen kontua zein da, ordea? Hemen kontua da, lehendabizi erakundeen arreta falta izugarria dagoela (guk ere erantzukizunen bat izango dugu horretan). Eta gero, lurzoru horretan (hotela eta inguruko lurrak) jarri diren itxaropen izugarriak.

Hor dauden metro karratu guztiak etxeak egiteko erabiltzeko itxaropena benetako pagotxa da. Eta garai batean, agian, bildu zitekeen pagotxa hori. Baina, gaur egun, momentuz, eraikuntza hori babestua dago eta ez dago botatzerik (Eusko Jaularitzak monumentu izendatu zuen, eta auzia Espainiako Auzitegi Goreneraino joan zen, baina, azkenean, hark Eusko Jaurlaritzari eman zion arrazoia).

Zer egin orduan? Erortzen utzi? Tentazio hori izan dezakeen norbait baldin badago, pena handia hartuko nuke. Erortzen uztea denon porrota litzateke, batez ere zerbait egin dezaketenen porrota.

Hor gakoa, nire ustez, jabeek eta erakunde publikoek daukate. Jabeei esango nioke, lurzoru horrekin eduki ditzaketen itxaropenak errealak izatea nahiko nukeela, ez ametsetakoak. Eta eskuzabaltasuna eskatuko nieke. Eta erakundeei, berriz, (Zestoako Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ditut buruan) esango nieke eginahalak egiteko, etxeak irtenbideren bat izan dezan; ondare historiko garrantzitsua dela, eta ez bakarrik Zestoa mailan, baita Euskadi mailan ere (hala aitortzen du monumentu izendapenak). Eta ahal dituzten baliabide guztiak jarri ditzatela horretarako. Eta dobleko eskuzabaltasuna eskatuko nieke.

Joxemari Korta zenaren hitz ezagun haiek ekarriko nituzke hona: “Bakea iristeko, merezi du baita huts egitea ere”. Neurerako erabiliz, etorkizunean ere Arozena bizirik ikusteko, merezi du baita huts egitea ere. Baina horretarako gaur hasi behar da lanean; bihar beranduegi izango da.

 

Argazkia: www.hotelarocena.com




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide