Albisteak

Arroagoiko erloju zaharra berreskuratu du Santa Engraziako auzolan taldeak

Santa Engraziako auzolan taldeak Arroa Goiko 1862ko erloju zaharra berreskuratu du. Udalak, auzolan taldeak eta Arroa Goiko Auzo Elkarteak joan den urtean adostu zuten erlojua konpontzea, eta 2022ko urrian hasi ziren lanekin. 2023ko martxorako prest zuten erlojua, eta uztailean Arroa Goiko Herri Etxean jarri zuten ikusgai.

2016an hasi zuen ibilbidea taldeak, eta ordutik buru belarri ari dira lanean. Auzolan taldearen hirugarren proiektua da, izan ere, Santa Engraziako eta Zestoako parrokiako erlojuak eraberritu dituzte azken urteotan. Horrez gain, Santa Engraziako ermitako teilatua ere konpondu dute, eta bidea txukuntzen dute urtero. Sei edo zazpi lagunek osatzen dute egun taldea.

1862ko erlojua

Jose Manuel Zugasti eta Faustino Balentin Zugasti aita-semeek jarri zuten Arroako kanpandorreko azken erloju mekanikoa 1862. urtean. 1976an kanpandorrera igo eta erlojua konpondu eta berritu zuten Pablo Tellabide eta Jose Nievesek. 2003ra arte egon zen martxan erlojua, baina ordutik geldirik egon da. Erloju elektronikoa jarri zuten haren ondoan, eta horixe arduratu da arroarrei ordua jotzeaz.

Santa Engraziako auzolan taldeak erlojua berreskuratzeko lanei ekin zieten 2022ko udan, eta erlojua kanpandorretik jaistea izan zen aurreneko pausua. Jon Egiguren auzolan taldeko kideak azaldu du lanik handiena erlojua bera garbitzea izan dela, olioz beteta zegoelako. Pieza guztiak lehengoratu eta ordezkatu dituzte. “Gure helburua, erloju originala berreskuratzea izan da, hasieran zuen funtzionamendu berarekin jartzea” azaldu du Egigurenek.

Lan dibulgatiboa

Auzolan taldeak bi helburu ditu: erlojuak eraberritzea eta haien inguruko informazioa zabaltzea. Erlojuen historiaren inguruko dokumentazio lan handia egin dute taldekideek, eta herritarren eskura jarri dute Udalaren webgunean.

Hemen informazioa:

 

 

Erlojua martxan:

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide