Albisteak

Arroabeko eskola berriko jolastokia hezkidetza ikuspegitik diseinatzeko prozesu bat jarriko dute martxan

Arroabean egingo den eskola berriko jolastokia hezkidetza ikuspegitik diseinatzeko auzoko haur, guraso eta eskolako irakasleekin prozesu parte-hartzailea eramango da aurrera. Prozesu horretaz Arremanitz Kooperatiba eta ARI Arkitektura taldea arduratuko dira.

Prozesuari gaur (martxoak 23) emango zaio hasiera, Arroabeko gurasoekin, eskolako zuzendaritza eta irakasleekin eta Zestoako Udaleko teknikari eta politikari banarekin egingo den hausnarketa saio batekin. Bertan, “ikastetxeetan jolastokiak duen garrantziaz hausnarketa” egingo dute, “jolastokia ikuspegi hezkidetzaile batetik diseinatzeak duen garrantziaz” arituko dira eta “amesten dugun jolastoki berria elkarrekin irudikatuko dugu” adierazi dute antolatzaileek. Saioa 16:45-18:45 bitartean izango da eskolan (4-5.mailako ikasleen gelan).

Martxoaren 28an, 31n eta apirilaren 4an, eskolako haurrekin jolastokiaren inguruko tailerrak egingo dituzte. Haurrekin oraingo jolastokiaz arituko dira, espazioa behatu, beraien burua behatu… eta sormenaren bitartez, jolastoki berria diseinatzeari ekingo diote. Haurrek sortutako material guztiarekin, eta ARI arkitektura taldekoen laguntzarekin, eskola berriko jolastokiaren proposamena egingo da.

Lehendabizi prozesuan parte hartu duten haurrei aurkeztuko zaie. Ondoren, Udal ordezkariei, eskolari eta auzoko gurasoei aurkeztuko diete, eta haiekin batera landuko da irudikatutako jolastokia gauzatzeko dauden aukerak (bereziki auzolana eta Udalaren inplikazioa), prozesuaren urratsak…

“Eskolako jolastokia haurren artean harreman egokiak sortzeko eta zabaltzeko gune aproposa da, heziketaren zati garrantzitsua da”.

Prozesu hau aurrera eramateko gurasoen parte hartzea oso garrantzitsua denez, gaurko saioan parte hartzera animatu nahi ditugu eskolatik eta Zestoako Udaletik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide