Albisteak
Arroabeko karmenetako herri afarirako eta kuadrillen bazkarirako tiketak erosi daitezke jada
— 2025-07-02Aurtengo karmenak uztailaren 15etik 20ra ospatuko dira Arroabean. Festa Batzordea buru-belarri ari da egun horietako prestaketa lanetan, eta dagoeneko zabaldu dituzte otorduetarako izen-emateak. Gaurtik, uztailaren 2tik, uztailaren 11ra arte, herri afarirako zein kuadrillen eguneko bazkarirako tiketak erosi ahal izango dira Txara dendan.
Uztailaren 18an, ostiralez, herri afaria izango da, eta bi menu egongo dira aukeran. Batetik, helduentzako menua eskainiko da: iberikoak, entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrillan, txerri saiheskia parrillan, Eceizako pasteltxoak, kafea eta postrea, guztia 25 euroren truke. Bestetik, haurrentzako menua egongo da, eta honako hau izango da menua: patea, urdaiazpiko kroketak, hanburgesa eta saltxitxak parrillan patatekin lagunduta eta izozkia, guztia 14 eurotan.
Hurrengo egunean, larunbatean, kuadrillen bazkaria egingo da, hau da, ohiko paella lehiaketa. Goizeko 11:00etan hasiko dira paella prestatzen, eta 14:00etan bazkaldu egingo dute. Menuan entsalada eta paella, edaria, izozkia, kafea eta kopa sartuko dira, helduen kasuan 15 euroren truke, eta umeen kasuan 8 eurotan. Paella prestatzen dutenek ere, gainerakoek bezala, tiketa ordaindu beharko dute.
Egin zaitez bazkide