Aspaldiko albisteak baina fresko-freskoak

Errege bezpera hauetan, ezer baino lehen, zera galdetu behar dizuet: ez zenuten ba sinistuko aurreko “aztarkan” nioena, alegia, gure Juan Carlos Zestoan izana zela? Argazkiaren azalpenak ematerakoan, han ageri zen “testu ulertezin” hura oso ulergarria zen atzekoz aurrera irakurrita: “Inuzente, txakurrak buztana tente”. Argituta geratzen da, batenbat enteratu ez bazen.

Gaurkoan, Santander aldetik nabil eta izoztutako generoa ateratzea pentsatu dut. Idazteko kontu hauetan ere, izaten ditugu hainbat material, ordenagailuan gordeta, eta lanerako gogo handirik ez daukagunean, handik atera, pixka bat prestatu eta mahaira ateratzen dugu. Aurrez abisatuta, ordea; ez ezer ere esan gabe fresko izenean! Goazen ba…

Bada interneten “Armiarma.eus” izeneko gunea eta bertan, besteak beste, “Euskal Prentsaren lanak”  izeneko atal aberatsa dago. XIX, mendetik aurrerako euskarazko egunkari eta aldizkariak biltzen ditu. Zestoari dagokionez, “El Dia” da albiste gehien dakarzkiena. “El Día” egunkaria Eusko Alderdi Jeltzalearen esku zegoen eta Bigarren Errepublika garaian Gipuzkoako egunkaririk zabalduena izan zen. Gerra hasi arte argitaratu zen. Gerra garaian, “El Dia”-ren lantegia frankistek bereganatu zuten eta “Unidad”, falangisten egunkaria, argitaratzen zuten bertan.

Zestoako albisteak ematen dituzten idazle denak –gizon zein emakume– pseudonimoa erabiltzen dute eta ikerketa sakona beharko litzateke benetako izenak zein zituzten jakiteko. Nik hemen albisterik bitxienak aukeratu ditut baina era askotako kontuak aipatzen dituzte. Tira, on egin dagizuela!

* * *

Ordurik gabe. (El Dia, 1931-02-03)

Bi egun handi igaro ditugu zer ordu den ez dakigula. Lotsagarria da benetan hauxe. Nora begira egon dira herriko agintari jaun horiek? Eta gero zer ikusirik ez daukatenari kulpa, horiengatik marmarkeriak; eta behar bada zer esanik ez daukatenak. Horrelakoak hobe lukete aurrena nola hitz egiten den ikasi eta gero norengandik jardun behar den. Lotsagarrikeria hori ez dadila berriz gertatu.

Bide berritzen. (El Dia, 1931-03-28)

El Dia honetatik egin nuen halako eupada bat esanez Lizarraizko arkupe aldetik geltokira dagoen bide horrek txukuntzeko premia bazeukala. Eta nere eupada hari entzungor egingo ote zioten beldur nintzen, baina ez, udaletxeko jaun horiek ez didate horrelakorik egin. Ez diote begiratu nork eskatzen zuen, baizik premiazko eskaera zela ikusi zuten. Hau esaten dut, maiz eskaera bidezkoa izan, nork idatzia den askotan begiratzen baitzaio. Jakin dut bide hori noraino taxutu behar duten eta oraingoz poliki da baina… eta pixka bat gehiago laster samar, premia handia dago eta.

Beste eupada bat. (El Dia, 1931-03-28)

Lehen lehenago ere bazen, eta orain ere ari zaigu “txapeta” hori gaztetxoen artean [txapeta baloiarekin ibiltzeari esaten zitzaion]. Batetik eragotzita dago, bestetik berriz oso gaizki, diru jokatzen udaletxe azpian ibiltzea, eta gaizkiago elizpean. Lehenago bazen pilotalekuan idazkun (letrero) bat gutxi gora-behera hauxe zioena: debekatuta dagoela pilotan ibiltzea eliz funtzio bitartean bestela laurlekorekin [lau ogerlekorekin] isundua edo multatua izango dela, eta… Zigortu jaunak, bestela okerragoak ikusiko ditugu eta.

Baserritarrak (El Dia, 1931-07-10)

Baserritarrak oso gogor ari dira gari ebakitzen. Eguraldi kaskar samarrak egin dituela eta haserre samar sumatu ditut. Baina orain oso pozik daude, berak uste baino gari hobeak dituzte eta. Arto berdeak ere egiten ari dira. Ea mutilak, jo gogor, eguraldi txarraren hurrengo onak eta hurrengo txarrak izaten dituk eta.

Olentzero taldea  (El Dia, 1931-12-24)

Gabon gauean herri honetan lehenengo aldiz ikusiko dugu Olentzero taldea, etxez etxe, Jesusen jaiotza erabiliaz eta guztiz abesti ederrak abestuz. Gogo handia dago antzinako ohitura eder guretzako berria den hau ikusteko. Zorion sutsuenak talde hau antolatu duen Usabiagatar Hipolito jaunari.

Antzerki jaiak (El Dia, 1931-12-24)

Eguberri egunean lehenengo aldiz Eusko Etxeko antzokian, antzeztuko dituzte guztiz antzerki politak: “Amets gozoak”, “Praxku Inazio” eta “Mirentxu”, arratsaldeko seietan. Egun hori iristeko zain gaude antzezlari berri horiek ikusteko. Ia bada, erakutsi zuen trebetasuna txaloak irabazi nahi badituzue eta aurrera beti, Jaungoikoak sarituko ditu zuen lanak eta.

Dei bat. (El Dia, 1932-03-09)

Ikurrina da Aberriaren deuntasun txit handiko antz edo irudia. Abertzaletasuna adieraztera eman nahi duenak ikurrinaren itzalpe atseden osokoan egin behar dute. Era honetan ulertu dute herri  honetako Emakume Abertzaleak lehenengoetako eta bigarrenetako eginbeharra balitz bezala, ikurrina egiteko asmo sutsua hartu dutenean kutxa irekita dago; zuen emaitzak hartu zain. Abertzaleak, saiatu zaitezte denak zerbait ematen gauza gutxitxo badin bada ere. Zuen emaitza naiz txikia izan Aberriaren aurrean handia izango da.

Euskarazko izena (El Dia, 1932-12-09)

Iriondotar M. harakin jaunaren izenean bere etxean aurki ipiniko dute lehen erderaz zegoen agiria euskaraz “Arategia”. Hori da lan egitea, hogei hitzaldiko arnaska eta izerdiaren emaitza baino gehiago da hori. Ikasi, ikasi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide