Albisteak

Astinduk bigarren mahai ingurua egin du herriko egoera soziala landuz

Atzo, martxoaren 16a, Astindu taldeak bigarren mahai ingurua egin zuen jubilatuen tabernan. Mahai inguru hauetan, Zestoako egoera sozialaz aritu dira herriko eragile eta norbanakoekin. Atzoko mahai inguruan, Mikel Alonso, Ana Artola, Jexux Odriozola eta Lurdes Arregi aritu ziren.

Mikel Alonsok bost urte daramatza Londresko hotel batean lanean, han baldintza honetan dabil lanean, eroso dago. Hemengo egoerari dagokionez, “lan baldintzak asko okertu dira, soldatak jaitsi dira eta egun malgutasun handia eskatzen dute ordutegiei dagokionez”. Kanpora joatea esperientzia aberasgarria izan dela dio,  “etorkinen inguruko ikuspegia asko aldatu zait, han ni bainaiz etorkina”.

Ana Artola oso gaztetan hasi zen lanean, ia beti zaintza edo garbiketa lanetan ibili izan da. Egun lanaldi erdira dabil, eroso sentitzen dela dio: “Mundu honetan oso gustura nago, bai helduekin bai umeekin”. Taldean, zaintza eta garbiketa lanak, orokorrean, emakumeei lotutakoak eta oso prekarioak direla azpimarratu da. Herrian, lan hauei lotutako behar eta eskaintza bat badagoela ikusi da eta hori kudeatu beharra dagoela, lan hau baldintza duinetan burutu eta behar bezala profesionalizatu dadin.

Jexux Odriozola, Jubilatuen elkarteko kideak, beraien lana zein den azaldu digu. Alde batetik, jubilatuek herriko azpiegiturei lotutako irisgarritasun arazoak badituzte, udaletxea eta jubilatuen arteko bitartekari lanak egiten dituzte. Baina lan gehiena ibilaldiak antolatzen egiten dute, “Askok esaten dute jubilatuak ederki bizi direla, beti ibilaldiak eta bazkariak egiten dabiltzala. Baina horixe da jubilatuek behar dutena, etxetik, egunerokotasunetik irtetea”. Bestalde, adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzen dituztela azpimarratu du, ahal den autonomoen izateko bidea baita.

Lurdes Arregik, Arropa Bankuko lanaren berri eman zuen. Herriko hainbat pertsona elkartu dira eta talde independente bat da, lehen Caritasek burutzen zuen lan hau.   Udaletxera arropa eske joaten direnak, orain, talde honetara bideratzen dituzte. Baina horrez gain azokak ere antolatzen hasi dira, “jende askori lotsa ematen dio eskean ibiltzeak, beraz, bigarren eskuko azokak antolatzea bururatu zitzaigun, oso prezio baxuetan”. Beharra dutenei arropa emateaz gain, berrerabilpenaren kultura sortzea dute helburu.

Bi mahai ingururen ondoren, herriko hainbat errealitate ikusi dira. Astinduk, lantzeko gaiak badaudela azpimarratu du. Lehentasunak markatzen eta pixkanaka herriko hutsuneak betetzen ahaleginduko dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide