Albisteak

[ATARIKOA] Bakoitzari berea

Denbora da borondatezko lana gainbeheran doala entzuten ari naizela, baina geroz eta argiago daukat arazoa ez dela borondatezko lanaren falta; baizik eta betikotuta dauden gauzak berez egingo balira bezala egintzat ematen direla, eta ez direla ez ikusi, ez aitortzen.

Danbolineko webgunean sartu naiz kuriositatez eta urtarrileko albisteen errepaso azkarra egin dut paper zahar bat eta boligrafoa eskuan hartuta. Gainetik, titularrak bakarrik irakurrita, ikustekoa da atera zaidan zerrenda: urtarrilaren 1eko gailurreko aldarrikapena Agiro eta Sañuk deituta, Ezkaiztok antolatutako ikuskizuna, Ekain guraso elkartearen eskulan tailerra, Gaztetxeko bakarrizketa saioak, Iraetako santainesetako egitaraua, Zestoan merkatari elkartearen zozketa, “Kontaidazu ipuin bat” ekimeneko emanaldia, Arroabeko festa batzordearen bilera eta Gabon eskekoen juntadizoa, “Pentsionistak martxan” taldearen deialdia, Arroabeko ipuin lehiaketarako deia, Iraetako  futbol partidak, Amillubi Lurra Taupaka proiektuaren aurkezpena, odol emaileen urteko datuak, Argiolaren gas faktura ikastaroa, Arroabean urmaela egiteko auzo lanerako deia, ePelian saioetarako boluntario eskea, parrokiako eliztar taldearen idatzia, Korrika batzordearen deia, Arroabeko kafe tertuliarako hitzordua, santa eskerako deialdiak, Wadna taldearen Sahararen aldeko janari bilketa, Danbolineko bazkideen batzarrerako deia…

Batzuk urtean bitan, beste batzuk hilean lautan, guztira 100dik gora izango dira aurreko talde horietan guztietan saltsan dabiltzanak; adin eta pentsamolde askotakoak elkarrekin.

Kasualitatez azkeneko albistea Danbolinekoa da. Gure taldean bertan ere dozenatik ondo gora dira urte mordoan zehar fin-fin artikuluak idazten, zuzentzen, bilerak egiten eta erabakiak hartzen ari direnak. Nola esango dugu bada borondatezko lanik ez dagoenik gure herrian! Eta beste hilabete bat hartu izan banu beste auzo batzutako festak eta taldeak agertuko lirateke, hala nola; banda, Itxaropena, Idiakaitz, Abantzu, Portale eta beste zerrenda luze bat.

Zenbaki honetako bi protagonistek ere ederki dakite borondatezko lanaz. Mikel Ibarguren antzerki eta zine mundutik dator. Lana eta borondatezko ekarpenaren arteko atea non dagoen ere ez dakigun mundutik. Zenbat hilabete pasa ote dituzte pelikula egosten hilaren bukaerako sosik ikusi gabe.

Iñaki Azkunetaz berriz zer esan! Bere arrebak esan zidan aitortza egunean 13 urte pasa dituela bere lan mardulena egiten, horiek zenbat ordu ote dira? Kalkulagailua hartu dut eskutan. Arrastorik ez daukat, baina astean 5 ordu eginda 3000 ordutik gora ematen du, eta hori urte oso baten atsedenik gabeko 365 egunetan egunero 8 egun baino gehiago da. Gizon honen lanak herri baten borondatezko lanaren batazbestekoan ere eragin egiten du, bejondaiola!

Nire mezua hauxe bada: ez da horrenbeste kostatzen eta has gaitezen herrian egiten den lana eskertzen, zaintzen eta aitortzen; eta ahal bada, sekula ez da berandu, laguntzen.

Gozatu 258. Danbolin!

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide