Albisteak

[ATARIKOA] Oroitzapena

70 ikasle izango ginen guztira, eta, beraz, bi orduz isilik egotea ez zen lantegi erraza izango. Orduko hartan, ordea, -gogoan ez dudan arren- leihoz kanpoko miken kantu-hotsa ere entzun zitekeela esango nuke.

Gerora jakin genuen irakaslearen azken laneguna zela, erretiratzear zela, alegia. Horregatik jardungo zen filosofo greziarrak nola alde batera eta bestera, lurrari begira, apunteen beharrik gabe, pasioz gainezka, Gasteizeko hotzarekin kontrastean. Literaturari buruz aritu zitzaigun, ikasgaiari zegokion moduan, eta irakurketaren garrantzia azpimarratuz amaitu zuela hitzaldia dut gogoan: “Irakurtzea jarrera aktiboa izatea da, errealitatearen sekretuak zeureganatzeko ahalegin etengabea”.

Oroimenean bueltaka ibili dudan oroitzapena bada ere, asteotan presenteago izan dut, eta Durangoko Azokara joan izanaren ondorio delakoan nago. Nire moduko zenbait friki liburu zerrenda buruan daramatela bertaratuko dira; beste batzuk, astearen hasierako erosketen zerrendaren atzeko aldean tituluak idatzita; eta, gehiengoa, seguruenik, zer dagoen ikustera, ezer erosteko asmorik gabe. Alabaina, ez da gutxi egutegietan borobildutako eguna izatea euskaldunontzat; pozgarria da hainbeste jende ikusi izana aurtengoan ere.

Liburuotan zernahi aurkituko duzue: fantasiazko munduak, urruneko paisaiak, ikuspegi kritikoak, iraganeko gazteluak, umorea… Bada, irakurketa ez da liburuetara mugatzen, zer esanik ez pantailetan hainbat mundu paralelo ditugun garaiotan.

Esku artean duzun alea da horren adibide. Danbolinek hurbilagoko kontuen berri emango dizu. Fernandok Zoroperien jatorriari buruzko azalpenak eskainiko dizkigu, izan ditzakegun zalantzetako zenbait argituz. Amaiur, berriz, Zestoa eta Urepele arteko senidetzeaz arituko da, lehenik Zestoan eta ondoren Urepelen eginiko senidetze ekitaldiei jarraika. Eta, amaitzeko, Jone Amellubiko proiektuaz arituko zaigu, zeinak interes handia piztu eta Azpeitiko azoka plazara jende andana erakarri duen.

Abenduko egunotan, urtean zehar baino denbora gehixeago izan ohi dugu zenbaitek, eta ez da esku artean duzuena irakurtzeko aukera txarra, eguraldiak ere hala iradokitzen du.

Zerorrek erabaki ordu hilak –ordu hilik baldin badaukazu– igarotzeko modu egokia zein izan daitekeen; agian, esanekoa izan eta zerbait irakurriko duzu, edo baliteke telebistari begira egotea hautatzea. Hala ere, beste maisu batek, inoiz klaserik eman ez didan batek, Durangon erosi nuen liburu batean dio ez duela oso iritzi ona telebistaren inguruan, mundua erakutsi eta ezkutatzeko saioa dela, errealitatea ordezkatzen duen estereotipoen zerrenda.

Aitor Salegi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide