Paperekoa

Badoa pilotaren garai onenak bizi izan zituztenen pilotari belaunaldia

Gurutzeaga pilotalekuak 100 urte betetzen zituela eta, “Frontoi Zaharraren harrizko mintzoa (1906-2006)” liburua argitaratu zuen Danbolinzulo kultur elkarteak 2006an. Xabier Unanue, Manolo Sagarzazu eta Xabier Iriondo izan ziren Danbolinen bueltako kide batzuen laguntzaz libururako informazio pila bildu eta borobildu zutenak.

Hamaika urte pasa dira ordutik eta lehen pertsonan beraien oroitzapenez hitz egin ziguten pilotari protagonista asko falta dira gaur gure artean. Zestoak pilota munduan izan duen garairik oparoena bizi izan zuten pilotarien azken belaunaldiaren zati handi bat badoa gure artetik. Azken urte honetan bertan bat baino gehiago. Gainontzekoak ahaztu gabe, hil berriena den Fidel Etxabe ekarri nahiko genuke gogora. Etxabetarren dinastiako 11.ena. Berak omen zioenez, pilotaria izan beste erremediorik izan ez zuena. Afizionatuetan, probintzia nahiz estatu mailako zenbait txapel irabazi zituen, besteak beste Uruguain 1955ean egin zen Munduko Frontoiko Binakako Eskuzko Txapelketa, Ezkurra (Koteto Ezkurraren aita) bikotekide zuela. Profesionaletan 21 urterekin jokatu zuen lehen partidua Bergaran eta 45 urterekin erretiratu zen, 1980an. Bere ezaugarri nabarmenetakoa partida kopuruarena izan zen, 100 partidutik gorako batez bestekoa zuen urteko. Garairik onenean, 25 partidu jokatu zituen bat bera ere galdu gabe.

Fidel Etxabez eta orduko pilota giroaz galdetzeko elkartu gara Xabier Iriondo eta Andoni Ibarguren Txonirekin. Bideoa ikusgai jarriko dugu www.danbolin.eus webgunean.

Xabier Iriondok ondo gogoan du Fidelek bere lehen trofeoa bikotekide Xabier bera zuela nola irabazi zuen. Gerora, Xabierrek, pilota mundutik aldendu ez bazen ere, osasun arazoak tarteko jokatzeari utzi beharra izan zion. Txonik berriz, ez dauka ahazteko nola 15 bat urterekin, Don Pablo apaiza eta beste batzuk animatuta, Urretxuko Afizionatuen Txapelketara joan ziren. Sudupe eta Etxezarreta aurkariek hauek galtza motzetan ikusita barre egin omen zieten, baina azkena barre egiten duenak hobeto egiten omen du, alde egin zien barregureak partidua 22-11 galdu zutenean. Bizkarrera igota atera zituzten zestoarrak frontoitik, hura festa!

Txonik gazte garaiko pilotarako irrikizio hura ere ekarri du gogora. Igandetan, goizeko zazpietarako mezetara joan eta bukatu baino bost minutu lehenago ateratzen zen elizatik korrika San Josetako frontoia okupatzera joateko, zaharragokoek bestela ez zietela jokatzen uzten eta.

Orduko materialez ere aritu gara, bi pezetako pilotez eta gomazko oinetakoez. Frontoia nola diru gehien eskaintzen zuenari lagatzen zitzaion, hark gero bi hilabete pasatxoan egunero partiduak jokatuko zituzten pilotariak inguratu behar izaten zituen. Ze jendetza elkartzen zen, eta beste zenbait kontu polit, baina ez dugu dena kontatuko, horiek bideo koxkor horretan entzun beharko dituzue.

Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide