Paperekoa
BAT GUTXIAGO – Itsaso Zubiria Etxeberria
— 2016-09-06Aldatu egin dut azken momentuan zutabe hau idazteko prestatuta neukan testua. Gaurkoz libre zarete Arantzabal kondea, Belle Époque eta parodiaren izenean garena eta gure jatorri eta arbasoak bide bazterrean ahaztuta utzi eta kondesa, markes eta jauntxo izan nahian ibiltzen zaretenak.
Hogeita bost urteren ondoren lehen aldiz besarkatu ahal izan dudanari eta hogeita hamasei urteren ondoren gehiago itxaron gabe besarkatu nahiko nukeenari eskainitako lerroak dira hemengo hauek.
Nire memorian, argazki bat izan zara orain arte; sekula ez dugu aukerarik izan elkar aurrez aurre ikusteko, baina mende laurden pasatuta lehen aldiz sorterrira iristen ikusi zaitudanean barruak eman didan buelta ezin azalduzkoa zait hitzetan. Begiak umel. Pozez, indarrez, emozioz beteta. Antzekoren bat bizi izan duenak ondo asko jakingo du zertaz ari naizen, eta, tamalez, gure herri honetan gehiegi gara hori bizitakoak, eta beste hainbat, oraindik, egun horren esperoan gaudenak.
Kontatu didate Aginako lurrak ikusi bezain pronto hasi zarela banan-bana errepasatzen inguruko baserri eta etxe guztiak: Mapil, Galardi azpi, Ezpalditxiki… Erribera bazter hori ahaztu ez duzula zeure buruari demostratu nahirik-edo. Norbaitek behin esan zuen: “Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak”.
Eta zu, berriz, Antton, teknologia berriek mesederik egin badute (kasu batzuetarako behintzat) distantziak moztea izan da, eta “bisita” birtualak izateko aukera behintzat eman digu. Azkenak minutu batzuetan bederen Zestoako plazan elkarrekin irudikatzeko balio izan digu. Pantaila itzaltzearekin batera itzultzen dira, ordea, tarteko milaka kilometroak.
Bat gutxiago, pentsatu dut egun hauetan, irribarretsu baina, aldi berean, penatuta. Noiz arte pantailari, argazkiei begira? Antton, datorren urteko festetan irudikatu beharrik gabe aurrez aurre ikusi nahi zaitut. Eta zuri, Xomorro, ongi etorri.
Itsaso Zubiria Etxeberria
Egin zaitez bazkide