Albisteak

Bederatzi kasu zenbatu ditu Osakidetzak azken egunetan Zestoan

Osasun Sailak emandako datuen arabera, bederatzi kasu positibo zenbatu dira azken egunetan herrian:  bi ostegunean, bost ostiralean eta beste bi larunbatean. Positibo horietako batzuk eskola txikian atzeman dira, ikasle eta irakasleen artean eta hori dela eta, eraikina itxita dago joan den ostiralaz geroztik. Irakasle eta ikasle guztiei lehen frogak egin dizkiete eta gehienek emaitza negatiboa izan dutela jakinarazi du Mikel Arregi Ertxin alkateak. Bigarren froga hilaren 23an egingo dietela esan du eta “ondo bidean” urtarrilaren 25ean eskola berriro irekiko dutela. Positibo kopuruak gora egiteak eragin zuzena du kasu metatuen tasan. Gaur gaurkoz, azken halamau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 231,12 kasukoa da Zestoan.

Eskualdean 73 kasu zenbatu dira asteburuan. Azpeitian zenbatu dira kasu geihen, 25 kasu ostiraletik igandera bitartean. Eremu naranjan daude herri horretan, 413,93ko intzidentzia tasarekin. Azkoitian ere eremu naranjan daude, zortzi positibo zenbatu dituzte han asteburuan. Eremu gorrian jarraitzen dute Zumaian eta Aizarnazabalen: hamabi kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan Zumaian eta bakarra Aizarnazabalen. Orion ere eremu gorrian daude, hamar positibo gehiago atzeman dituzte asteburuan eta  intzeidentzia tasak 500eko langa gainditu du. Getarian, Zarautzen eta Aian ere positibo berriak zenbatu dituzte: bina kasu Getarian eta Aian eta sei Zarautzen.

Osakidetzak 29.112 PCR eta antigeno proba egin ditu asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietatik 2.159 positibo detektatu dira, aurreko asteburuan baino 432 gehiago: 594 Gipuzkoan, 1.234 Bizkaian eta 301 Araban. EAEtik kanpo bizi diren 30 pertsonek ere positibo eman dute. Positibotasun tasa %7,4koa izan zen ostiralean, %6,8koa larunbatean eta %8,2koa igandean. Hiru lurraldeetan 409 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik, 98, ZIUn.

Nafarroan 1.694 froga egin zituzten atzo eta horietatik 199 kasu positibo zenbatu dituzte, larunbatean baino 41 gehiago.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide