Benetako ikasketa hemen hasten da

Otsailaren 8an hasi eta martxoaren 16an bukatu dugu Hitano ikastaroa. Hamazazpi pertsona izan gara guztira ikastaroan parte hartu dugunak (Zestoako AEK-ko kideok barne), dedikazio maila desberdinarekin. Alfabetatuak eta alfabetatu gabeak elkartu gara, hika jarduten dutenak eta ez dutenak. Baina zalantzarik gabe, baieztapen bat egin genezake: guztiok ikasi dugu kontu berriren bat! Ritxi Lizartza hizkuntzalari donostiarrarekin aritu gara, astez aste, hogeita hamar orduz.

Ikasi dugu Hikako (Hi-Hiri-Hik daukatenak) aditzak eta Hitanokoak (alokutiboak) desberdintzen. Behin desberdintze hori barneratuta, ikasi dugu galderetan Hikako aditzak soilik esan behar ditugula toka edo noka eta Hitanokoak neutroan utzi behar ditugula. Gauza bera menpeko esaldietan.

Asteburuz asteburu, aditzekin jolasean ibili gara eta Zestoako adizkiak nondik datozen aztertu ahal izan dugu.

Euskaltzaindiak arautua zer daukan eta zer ez ikusi dugu (gehiena arautzeko dago oraindik) eta, hortik aurrera, tradizioak jasotzen duena aztertzen aritu gara.

Testu zahar eta garaikideak erabili ditugu eskuartean eta, oro har, esan genezake gure arbasoek garbiago zituztela idatzita inoiz ikusi ez zituzten arauak. 70 eta 80ko hamarkadetan areagotu ziren trakeskeriak (salbuespenak salbuespen).

Ikastaroa hemen idatzitakoa baino askoz gehiago izan da. Asko gozatu dugu bai ikasiz eta baita eraiki ditugun harremanen bidez ere. Hiromi Yoshida japoniar filologoa eta Onintza Irureta Argiako kazetaria izan ditugu ikaskide, besteak beste. Bi hauek aipatu nahi genituzke, izan ere, aurrenekoak urtero Euskal Herrian egiten duen egonaldia aprobetxatu du ikastaroan parte hartzeko, eta bigarrengoak, kasualitatez edo, Nokaren galera gaia landu du otsaileko Larrun hilabetekarian, ikastaro bete-betean geundenean. Eman zigun zer esana aldizkariak!

Ikastaroa amaitu dugun honetan, Hika arituko diren taldeak osatzea da erronka. Ea lortzen dugun!

Bukatzeko, hausnarketarako datu bat: hamabost emakumek eta bi gizonezkok ekin genion ikastaroari, eta hamalau emakumek eta gizonezko bakar batek amaitu dugu. Ematen du zer pentsatua, ezta?