Albisteak

Berrogeialdia atzerrian

Nola bizi dute COVID-19 gaitzaren krisia atzerrian bizi diren zestoarrek? Nagore Armendariz, Leire Amenabar, Nekane Rojo, Udane Cabanillas eta Aiora Urbietaren testigantzak jaso ditugu.

Nagore Armendariz

“Iquiquen bizi naiz, Txile iparraldean. Oraingoz lasai gaude hemen, etxekoengatik kezkatuta baina ondo daudela jakiteak lasaitu egiten nau. Oraingoz hemen egoera ez da beste herrialde batzuetan bezain larria, gaitza ez da asko hedatu. Hala ere kezka nabari da, beste herrialdeetako joera jarraitu dezakeelako. Gainera, hemengo osasun sistema nahiko prekarioa da, azken hilabeteetako prostestetan nabarmendu den moduan. Era berean, egoera ekonomikoa ere ez da ona, izan ere, egoera politikoaren ondorioz langile asko langabezi egoeran daude eta krisi sanitario honek egoera oker dezake. Hala eta guztiz ere espero dut gertatzen ari denak bertako osasun sistema eta erabaki politikoak zalantzan jartzeko balio dezakeela, mugimendu soziala indartuz. Zaila da horrelako egoera bat etxetik kanpo bizitzea, izan ere, familiarenganako kezka handia da. Hasiera batean pentsatu nuen etxera itzultzea baina egoera ikusita, momentuz hemen geratzea zentzuzkoagoa iruditzen zait. Momentu honetan bidaiatzea arriskutsua da.”

 

Nekane Rojo
“Tijuanan nago, Mexikon. Lasai nago hemen, irakasleak etxean gaude martxoaren 19az geroztik. Etxetik lanean jarraitzen dugu; materiala bidali, irakasle eta guraso bilerak online egin… Nahiko “etxezulo” naizenez ez dit inolako estresik suposatzen egoera honek.
Gaixotasunaren hirugarren fasean sartzear geundela esan zuten duela pare bat egun eta 10 kasu positibo bakarrik daude ia bi milioi biztanle dituen hiri honetan. Hala ere, osasun zerbitzuetan lanean dabiltzanak kutsatutakoak askoz gehiago direla diote eta Gobernua azpikeriatan dabilela, baina espekulazio hutsak dira momentuz. Bestalde, pertsona asko egunean eguneko soldatarekin bizi dira, hauentzat ezinezkoa da etxean geratzea. Saltoki asko ixten ari dira eta langabezian edota diru-sarrerarik gabe geratzen ari dira beste asko. Apirilaren 20an eskolara bueltatuko garela esan bazuten ere, seguruenik egoera luzatu egingo da.
Bederatzi orduko aldea dugu Mexiko eta Euskal Herriaren artean eta hori dela eta zaila egiten zait etxekoekin komunikatzea. Orain denbora dudanez, inoiz baino bideo-dei gehiago ari naiz egiten eta honek asko laguntzen du. Iritsi berri egongo banintz, seguruenik gogorragoa izango litzakeela, baina orain hau nire bigarren etxea da. Egoera hau dela eta ez dut etxera itzultzea pentsatu. Aste batzuk barru normaltasunera bueltatzeko esperantza dut.”

Aiora Urbieta
“Frantzian gaude, Rhône-Alpeak izeneko eskualdeko herri txiki batean. Egian esan, oso ondo gaude. Bizi garen herria oso txikia da. Bestela ere, Frantziako herri txiki hauetan ez da egoten Euskal Herriko herrietan egon ohi den kale giro hori. Orain auto gutxiago ikusten dira. Jendeak ariketa fisikoa egitera irteten du. Supermerkatuetan apal batzuk hutsik ikusi ditugu baina orokorrean, gure inguruan dena oso lasai dago.
Hemen ere berrogeialdian gaude. Espainian jarri eta egun gutxitara ezarri zuten neurria hemen. Supermerkatura edo farmaziara joan zaitezke eta ariketa fisikoa ere egin dezakezu, kalean. Hori da ezberdintasun nabarmena. Hemen ez dugu inor ikusi balkoietatik zelatatzen Espainiako albistegietan sarri ikusi dugun zerbait da hori. Jendea lasai dago bere etxeetan. Kontrol poliziala ere akaso hirietan atzemango da baina herrian nik behin bakarrik ikusi ditut, uste dut ez dagoela hainbesteko kontrolik.
Nire kasuan ez da horren zaila izan horrelako egoera bat etxetik kanpo bizitzea. Bakarrik egonez gero beste gauza bat izango zen baina ni hemen bikotearekin, haurrarekin eta bi txakurrekin nago, familian.
Egoera hau dela eta ez dugu itzultzea pentsatu. Berez apirilean bisitan joateko asmoa genuen baina ezinezkoa da mugitzea. Hemen gelditzea erabaki genuen, gure egunerokotasunarekin jarraitzea. Gauzak lasaitutakoan itzuliko gara bisitan.”

Leire Amenabar

“Suedian nago, Skövde izeneko herri batean. Master amaierako proiektua egiten ari naiz hemengo enpresa batean. Egoerarekin nahiko kezkatuta nago. Hemengo egoera Euskal Herrikoa baino askoz hobea da. Ama erizaina dut, Donostiako Ospitalean dabil lanean eta kezkatuta nago beraiek bizi duten egoeraz, baita gainerako familiarteko eta lagunek bizi duten egoeraz ere.

Hemen oraindik ez dute berrogeialdia aplikatu. Dena irekita dago eta kalera irten gaitezke askatasun osoz. Egia da hirietan (Estokolmo, Gotemburgo, Malmön) bizi duten egoera ezberdina dela. Han enpresa guztiak itxita daude, baita gimnasio eta eskolak ere. Hemen ia guztiak martxan jarraitzen du. Volvo Powertain enpresa adibidez, lehengo astean itxi zuten. Hala ere badakit beste herrialdetan Suedia oso gaizki uzten ari direla eta honen inguruan esan beharra daukat hemengo kultura guztiz ezberdina dela. Izan ere, nahiz eta berrogeialdia indarrean ez egon, ia inor ez da kalean ibiltzen, unibertsitate guztiak asteak daramatzate urrutirako eskolak ematen. Taberna guztietan lege gogorrak jarri dituzte (ezin da barrara joan ezertarako, dena mahaira ekartzen dizute), baita ospitaletan ere (sarrera oso mugatua da eta bertako langile asko etxetik ari dira lanean). Horrez gain, boluntarioak duela asteetatik dabiltza adinekoei erosketak etxera eramaten. Herritarrek legeak betetzen dituzte eta beharbada, hori da Suediako kutsatuen zenbakia hain azkar ez igotzearen arrazoia.

Zaila da horrelako egoera batean lagunak eta familia urruti izatea, horrek inpotentzia eta kezka sorrarazten ditu. Maiatza erdialdean bisitan joatea pentsatzen nuen baina orain ez dakit noiz itzuliko naizen. Egoera ikusita, ez naiz hegazkinik hartzera ausartzen, gainera hara joanez gero, agian ezingo dut hona itzuli. Beraz, momentuz ezin naiteke itzuli Euskal Herrira.”

Udane Cabanillas

“Londresen bizi naiz. Egoera honen larritasuna kontutan hartuta, ezin dut esan gaizki nagoenik. Nire lagun askok hiria utzi behar izan dute lan egoerak okerrera egin duelako. Ni ordea haurtzaindegi batean nago lanean eta bertakoek babesa eta egonkortasuna ziurtatu didate.

Hala ere, eskolak ixteko agindua eman bitarteko egunak gogorrak izan ziren. Ezin genuen gure kabuz inongo erabakirik hartu, nahiz eta eskola lehenago ixtearen aldekoak izan. Eta pertsonalki, metroa egunean bi aldiz hartzeak ez ninduen lasaitzen. Zorionez, orain eskolak itxita daude eta ni ere etxean sartuta nago.

Hemen etxean gelditzeko agindua badugu ere, esan daiteke norberaren gain dagoela isolamenduaren zorroztasuna. Oraindik onartuta daukagu egunean behin ariketa fisikoa egitea, betiere distantziak mantenduz eta kontu handiarekin. Hori zailagoa egiten da irekita dauden espazio bakarrak parkeak direlako. Neurriak egon badaude baina batzuetan aplikatzea ez da erraza. Azken finean, arratsaldeko lauretan parkera joaten bazara beteta egoten da.

Uste dut psikologikoki askoz eramangarriagoa dela “aske” garela pentsatzea. Geu gara gure ekintzen arduradun nagusiak. Zailtasuna, ordea, denok kontzientziatuta egotean dago. Adibidez, dendatan distantziak ez dira errespetatzen, are gutxiago denda aurreko ilaratan. Zorionez janari aurrefabrikatuaren erreinuan nago eta izozkailuak hutsak egon arren, barazkiak erosteko garaian ez naiz horrenbeste arazo izaten ari.
Azkenik esan, osasun sistema publikoari dagokionean, hemen NHS deitzen dena, jada kolapsatua dagoela. Oraindik ez gaude une kritikoenean, baina inungo sintomarik izanez gero NHS-eko web orriko jarraibideak irakurtzeko eskatzen da, lineak blokeatzen hasiak daude eta. Ironikoa.

Denok ari gara errealitate ezberdin bat bizitzen eta guztioi ari zaigu zaila egiten. Zorionez, etxekoen berotasuna iristen zait eta hemen beste lau pertsonekin bizi naiz. Aldi berean interesgarria da nola horrelako egoera surrealista eta kritiko baten aurrean, guztiok elkar laguntzeko prest gauden ikustea.
Zailagoa egin zitzaidan onartzea aurreko asteburuan amamaren urteak ospatzera joan behar eta hemen gelditu behar izana. Joan aurreko astean hegaldia kantzelatu zidaten. Abendutik etxera joan gabe nago eta desiratzen nengoen; beste batean izan beharko du. Ez dakit zer nolako bilakaera izango duen honek, asko okertzen bada egoera agian etxera bueltatzea litzateke egokiena, ez dakit egia esan.”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide